Josu Larrinaga, soziologoa: "Kultura politikoa aldatzeko balio izan dute ‘herri harresiek'"
Atxiloketak ekiditeko edo oztopatzeko behin baino gehiagotan erabili dituzte ‘herri harresiak’ azken urteetan. Baliagarriak izan direla uste duzu?
Baliagarriak izan direla iruditzen zait, gehienbat, Ezker Abertzaleko gazteen kultura politikoan katarsi moduko bat sortzeko balio izan zutelako. Atxiloketak ekiditeko argi dago ez zela eraginkorra izan, baina kontuan eduki behar da desobedientzia zibila Euskal Herrian gehienetan kontrakorako erabili izan dela. Hau da, intsumisioaren kasuan gertatu zen bezala, adibidez, delitu bat egiten da, kasu honetan soldadutza ez egitea. Zergatik? gizarteak hori ez duelako delitu gisa ikusten. Horrela, egoera injustu bat salatzen da eta errepresioa ikusarazten da. Hala ere, herri harresien kasuan tranpatxo bat egin zela uste dut. Beraien diskurtsoa honakoa zen: euskal gazteriaren antolakuntza politikoa egiteagatik kartzelaratzen gaituzte, eta hori ez da delitua. Hor, noski, bazegoen oinarrizko arazo bat; Espainiako Estatuko botere judizialak hainbat erakunde legez kanpotu utzi zituela. Dena den, zigortuetako batzuk beste delitu batzuengatik atxilotu nahi zituzten; esaterako, kale borrokarengatik. Bestalde, Ondarroako herri harresiaren kasua ere ezberdina izan zen, atxilotzeko arrazoia ere ezberdina zelako. Eta guztia marko beraren barruan sartzen ahalegindu ziren. Hala ere, uste dut egin duela ekarpen bat. Esaterako diskurtso batzuk errazago egiten dira orain: Alfa arraren figura edo indarkeriaren gurtzea ezabatzerako orduan, esaterako. Nahiz eta, oraindik talka handia dagoen kultura politiko berri bat sortzeko orduan.
Zergatik diozu kultura politikoa aldatzeko balio izan zuela?
Ezker Abertzalearen gazteriaren artean indarkeriaren inguruan oso jarrera akritikoa zegoen. Egia da desobedientzia zibila eta indarkeria askotan elkar jotzen daudela. Indarkeria iraultzailea dagoenean beti egoten da tentsio bat; ondo egiten ari ote garelako beldurra. Gaur eguneko panoramatik begiratuta badakigu sekulako tentsioak daudela oraindik horrekin.
Desobedientziaren erabilera eraginkorra iruditzen zaizu?
Eraginkorra izan daiteke. Esaterako Zubietako erraustegiak galaxia moduko bat sortu du Gipuzkoan. Gipuzkoa Zutik mugimenduak erabili duena, esaterako, desobedientzia zibil klasikoa da. Ekologisten borroketan oso ohikoak dira horrelako jarduerak bai Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere. Hor daukagu, adibidez, AHTaren aurkako mugimendua.
Erreportajea osorik hemen: Aske izateko ‘herri harresiak’