Maialen Begiristain. (Argazkia: topatu)
Donostiako Aske Gunearen ondoren Euskal Herrian zehar zabaldu da ‘herri harresien’ dinamika. Zergatik uste duzu eduki duela arrakasta?
Nik uste dut une horretan beharrezkoa zela horrelako dinamika parte hartzaile bat sortzea. Gure gertuko lagunak, ezagunak eta herritarrak atxilotzen ari ziren eta nabaritu genuen jendeak bazuela horren aurrean zerbait egiteko gogoa. Horretarako oso garrantzitsuak izan dira desobedientzia jarduerak. Gainera, Donostiako Aske Gunetik gaur egunera asko eboluzionatu dute
herri harresiek eta pixkanaka estrategia fintzen joan gara.
Gero eta garrantzia gehiago du desobedientziak herri mugimenduetan?
Euskal Herriko historiari begiratuta ikusi dezakegu gauza asko lortu direla desobedientzia zibilari esker. Obedientziaren bidetik badakigu zer dagoen, eta desobedientzia hautatu dugu. Ez dakigu desobedientziaren bidetik zer lortuko dugun, baina ziur gaude emaitza hobea izango dela. Desobedientziari ateak ireki behar dizkiogula uste dut, horretan sakondu behar dugu.
Orain arte ‘herri harresiak’ atxiloketak saihesteko edo oztopatzeko erabili izan dira; baina azken aldian ikusi dugu bestelako herri mugimenduetan ere, Gipuzkoa Zutiken adibidez.
Primeran ikusten dut herri mugimenduek desobedientzia dinamikak abiaraztea, beharrezkoa da horrelako praktikak zabaltzea. Guk bere garaian erreminta kutxa bat sortu genuen, eta nik uste kutxa hori guztientzat izan daitekeela erabilgarria.
Zer da erreminta kutxa hori?
Hainbat auzipeturekin batera 2013an sortu genuen zerrenda bat da, eta bertan guretzat baliagarriak izan daitezkeen hainbat erreminta bildu genituen. Gauza asko aipatzen dira; esaterako, plazen okupazioa, modu asanblearioan funtzionatzea edo komunikazioa zaintzea. Uste dugu kutxa hori edozein herri mugimenduk erabili dezakeela. Donostiako
herri harresia egin genuenean sortu genuen beharrezkoa zitzaigulako, baina aurrera begirako edozein borroketan erabiltzeko baliagarria izan daitekeela uste dut.
Komunikazioaren alorrean ere Aske Gunea inflexio puntu izan zela esaten da.
Inongo zalantzarik gabe. Lehen aldiz komunikazioari garrantzia eman zitzaion. Horrelako dinamikak egiten genituenean zailtasunak genituen komunikabideetara salto egiteko, eta konturatu ginen gu nahikoak ginela gure historia kontatu ahal izateko.
Erreportajea osorik hemen: Aske izateko ‘herri harresiak’