Autogestioaren bidetik aritzen diren guneek ere aberasten dute hiria
Taberna eta areto txiki pribatuekin batera, autogestioa oinarri duten zenbait gune ere badira Donostian. Horietako hiru dira Mogambo mugalaria, Urgull magaleko Guardetxea eta Egiako Txondorra. Hiruek filosofia bera dute, eta zuzeneko musikaren eskaintza zabalari proposamenak gehitzen dizkiote.
Mogambo da hiruetan zaharrena eta eskarmentu gehien pilatu duen aretoa –25 urte beteko ditu laster–. Azkuene kaleak ezartzen duen mugaren Donostiako aldean daude, Trintxerpe eskailerak jaitsita duen arren. Hirigunetik aparte egoteak lasaitasuna eta askatasuna eman dio. Gainera, ezin direla kexatu uste du Angel Fresnillo aretoko kudeatzaile taldeko kideak: «Udalak lokala eman zigun, eta ez dugu erabilera gasturik ordaintzen. Dena dela, ez dugu diru-laguntzarik jasotzen eta horrela ere bizirauten dugu!».
Donostiako Kultur Hiriburutzarekin harreman esturik izan ez badute ere, Mogambok kontzertu bat antolatu zuen pasa den urte hasieran, egitarau ofizialaren barruan. «Mob 47, Ultimo Gobierno eta RAS taldeen doako kontzertua antolatu genuen. Oraindik ere, underground mailako zenbait pertsonak aurpegiratzen digute hori», azaldu du Fresnillok. Nolanahi ere, 2016a izan zenaren balorazio kritikoa egin du: «Donostiako eszenarentzat eta taldeentzat askoz ere baikorragoa izango zen udalak entseguetarako lokalak doan eskaini izan balitu, kontzertu handi eta solte batzuk egin beharrean».
Guardetxean ere ez du aparteko eraginik izan hiriburutzak. Trantsizio eta eraldaketa garaian harrapatu zuen Parte Zaharreko aretoa, eta horrela ere, Donostia 2016rekin parte hartzeari uko egin zioten. «Hainbatetan jarri ziren gurekin harremanetan, baina ezezkoa eman genien guztietan», adierazi dute.
Mogambo bezala, Guardetxea ere Donostiako Udalak utzitako eraikin bat da. Ordea, ez dute dirurik jasotzen eta gastuak beraiek ordaintzen dituzte. Programazioari dagokionez, askatasun osoa dute asanbladan onarturiko baldintzak errespetatuz. «Bizilagunak kaltetzen dituzten kontzertu zaratatsuak eta helburu komertziala duten antolatzaileak baztertzen ditugu».
Txondorra guneak bere bidea egin du Egian. Eragile kultural ezberdina izateko sortu zuten, eta hala, ez dute loturarik izan hiriburutzarekin. «Ez ditugu kontzertu asko antolatzen, baina musikariak eta detaileak ondo zaintzen ditugu», dio Unai Pelayo ordezkariak.
Gehiago ere badira
Kortxoenea bota bazuten ere, autogestioaren alde egiten duten hiru gune daude Donostian. Antiguako Txantxarreka eta Intxaurrondoko Letaman gaztetxeak, eta Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratua. Kultur jarduerak antolatzen dituzte, eta horietako hainbat zuzeneko kontzertuak izaten dira.
Mikel Iturria blogariak zerrenda osatua argitaratu zuen Harrikadak blogean. Hiriko kontzertu gune guztien berri izateko gida aproposa da.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren osteko zuzeneko musikaren eskaintzaren azterketa
Zuzeneko musikaren inguruko inkesta, bost aditurekin
Erlazionatutako edukiaOlatuek ekarri, olatuek eraman