Olatuek ekarri, olatuek eraman
Donostia 2016 Kultur Hiriburutza pasata, zuzeneko musikaren eskaintza zertan den jakiteko une aproposa da. Areto publiko eta pribatuetako hainbat arduradunen iritzia jaso dugu egoera aztertzeko.
Kontzertu agenda oparoa, aberatsa, eta akaso, luzeegia du Donostiak. Hori horrela zen Europako Kultur Hiriburu izendatu aurretik. Iaz, kopuruak ez zuen nabarmen gora egin, eta aurten, bide beretik jarraitzen duela ematen du. Zuzeneko musika eskaintzak, ordea, azterketa eta irakurketa sakona merezi du. Hirian areto pribatu eta publikoak dira astez aste kontzertu agenda gizentzen dutenak. Kontzertu gune horiek txikiak, ertainak eta handiak dira. Eta noski, guztiek ez dute babes ekonomiko eta sozial berdina. Elkarbizitzen eta bizirauten duten areto eta tabernak. Auzoz auzo eta asteburu batetik bestera. 2016ko itsasaldiak eragindako olatuen ondorena ezagutzeak argituko du Europako Kultur Hiriburu izanak eta izenak bizi duen oraina. Zuzeneko musika eskaintzaren eredu eta erreferente dira Antiguako Doka eta Egiako Dabadaba aretoak. Lehenak, hamarkada behar bezala ospatu berri du. Bigarrenak, asko programatzen du, hasiberria bada ere. Bi horiekin batera, ezin aipatu gabe utzi Egia auzoan dagoen Le Bukowski areto beteranoa. Eskaintza gutxitu badu ere, gogotsu segitzen du eskura dutena babesten eta antolatzen. Donostiako musika eszenaren itsasargiak dira, eta termometro ere badira. Izan ere, hiriburutzak iaz ekarri eta eraman zuena hurbiletik bizi izan dute, eta baita utzi duena ere. Dabadabako Alex Lopezen ustez, «bala galdu bat» izan da iazko urte seinalatua. Donostia 2016ren egitarauan parte hartu zuten, baina aldi labur batean. «Hiru edo lau asteburutan onuragarria izan zen guretzat hiriburutzarekin elkarlanean aritzea. Tabakaleran egindako festa batzuk ere mesedegarriak izan ziren», azaldu du Lopezek. Ereindakoa, ordea, «hutsala» dela uste du Dabadabako ordezkariak. «Hiriburutzak ez ditu hiriko ziklo kulturalak aldatu, eta ez du ikuslegoa handitu». Horrekin batera, Glad Is The Day festibalarekin gertatu denaren aurrean, atsekabetuta dago: «Donostia 2016aren laguntzari esker antolatu genuen jaialdia, Le Bukowskirekin elkarlanean. Baina ez dute utzitako ondarearen parte ikusten, eta laguntza ekonomikoa %60 baino gehiago murriztu digute. Horrela, ez da bideragarria». Hamar urte beteta, Doka antzokiak hasierako helburuei eta bide propioari eutsi die. Hori dela eta, Donostia 2016arekin harreman txikia izan dute. Elkarlanean gauza batzuk antolatu zituzten, baina beste edozein jarduera bezala. «Gure aretotik kanpo bai egin zirela hainbat jarduera gurean egin zitezkeenak», azaldu du Mikel Roman programazio arduradunak. Erakunde publikoek kultura sustatzea ona dela uste du Romanek, eta alde horretatik, antolatzaileei erraztasunak ematea beharrezkoa dela dio. «Donostian Kultura ez dadila 2016arekin bukatu, bestela gurea bezalako aretoek jai dute». Udalak zuzeneko emanaldiak erregulatzeko abian jarritako azken araudiak gauza onak eta txarrak dituela uste dute Dabadaba eta Dokako ordezkariek. «Hasteko, onuragarria da guretzat. Baina erdibidean geratzen dela uste dugu, udalaren aurretiazko baimena beharrezkoa delako, egn beharreko tramite guztiekin eta burokraziarekin. Errazagoa izan beharko luke», azaldu du Lopezek. Doka antzokiak ez du arazorik araudi berriarekin. «Zailtasunik ez dugu, baina ziurrenik areto publikoek erraztasun gehiago dituzte», dio Romanek. Kontzertu kopurua hazi da Zuzeneko musika eskaintzak leku nabarmena du areto publikoetan. Donostiako kultur etxeen sarea da horren adibide garbia: Intxaurrondo, Larratxo, Gazteszena, Lugaritz… Horietan guztietan, Donostia 2016ak eragina izan zuen egitaraua aurrera eramaten lagundu zutelako. «Iazko urteak eragina izan du. Gure aretoetan antolatzen diren kontzertu kopurua iaz handitu egin zen, eta aurten kopuru horiek mantentzen ari gara», azaldu du Jon Aizpuruak, Donostia Kulturako Kultur Ekintza sailaren zuzendari teknikoak. Balorazioa egiterako orduan, joera antolaturiko jaialdi handiei begiratzea dela uste du Aizpuruak, baina iaz jarduera txiki asko programatu zirela azpimarratu du: «Donostiari eman diotena asko da». Ildo beretik, hiriburutzak Donostiako kultura «dinamikoagoa» bihurtu duela uste du. «Beste hiri eta herrietako kultur eragileei gure egoerak inbidia sortzen diela esan digute». Asteburuetako kontzertu agendari begira, antzeko irakurketa egiten dute Dabadaba eta Dokako arduradunek. «Eszenaren egoera paregabea da, inoizko onena», dio Lopezek. «Oso osasuntsua eta anitza da. Areto pribatu eta publikoen programazioak dira horren eredu. Gainera, baliabide gutxi dituzten guneak egiten ari diren lana txalotzekoa da», adierazi du Romanek. Iritzi berekoa da ere Aizpurua. «Musika taldeek hobea izatea nahiko dute, baina egoera nahiko ona dela ezin da ukatu». Hiriko aretoek, orokorrean, eskaintzen duten abantaila ere azpimarratu dute. «Aretoek egiten duten ekarpena handia dela iruditzen zaigu. Azken batean, talde handiak festibaletan ibiltzen dira, eta areto txiki zein pribatuetan publikoaren berotasuna eta gertutasuna nabaritzen dute», azaldu du Romanek.