Hastapenetan, hainbat eraikin igaro zituzten Herri Ametsa ikastolako ikasleek; Mendiolan finkatu ziren azkenean, eta 50 urte bete dituzte euskaraz hezitzen. Jai handia egingo dute ekainaren 3an.
Herri Ametsako kide Gotzone Arbona, Karlos Ibarzabal eta Estibalitz Gete. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Konturatzerako 50 urte bete ditu Herri Ametsa ikastolak. Bereziki Altza eta Herrerako ikasle askoren aterpe izan da urteetan, eta batetik bestera saltoka ibili ostean, Mendiolan dago finkatua, Guardaplata bidean, 1980ko hamarkadatik. Jai handia prestatzen ari dira ekainaren 3rako, Eganen kontzertu eta guzti. Efemeridearen aitzakian, ikastolan egon da Irutxuloko Hitza, hiru lagunekin: Altzako Karlos Ibarzabal eta Estibalitz Gete, eta Intxaurrondoko Gotzone Arbona. Ikastolako ikasle ohiak dira hirurak, irakasle taldean daude gaur egun, eta hiruen seme-alabek bertan ikasi dute edo ikasten ari dira.
«Horra hor gure ikastola, bizipoza dariola; hazi, hezi eta osa, 50 urteko poza», dio urteurrenerako prestatu duten abestiak. Ibilde horren lekuko izan dira aurrez aipatutako hiru protagonistak. Hiru belaunaldi desberdinetan hezitu dira ikastolan, eta aurtengo ikasturteak oroitzapenak freskatzeko balio izan diela diote.
Ibarzabal zuzendaria da, 2009tik. Ikastolak 1966an sortutako lehen ikasle taldean ibili zen, hiru adinetako neska-mutilak nahastuak zeudela: «Mendizaleak elkartean hasi ginen, Herreran, baina urtero aldatzen ibili ginen etxe batetik bestera. Oraingo eraikuntza ez dut ezagutu ikasle gisa».
Ikastolako orientatzailea da Arbona, eta ikastolan bertan bizi izan zen urte askoan, bere aita bertako zaintzailea zelako. «Nire lehen oroitzapena da oraindik ez ginenean hemen bizi, aitarekin nola etortzen ginen goizean goiz. Zortzietarako iristen ginen eta aitari laguntzen genion ikastola irekitzen; txakurra lotu eta jaten eman, argiak piztu… ikastolaren eraldaketa osoa ezagutu genuen». Ordezkapenak egin ostean, 1996tik jarraian ari da lanean ikastolan.
Gete irakaslea da Lehen Hezkuntzan, azken bi urteetan: «Nik Mendiolan ikasi nuen hasieratik, 1984an hasi nintzen eta gogoan dut etxean esaten nuela mendira nindoala, ez ikastolara. Guretzako pribilegio hutsa zen etortzea, harreman zuzena genuen naturarekin. Orain, nahiko berezia da nire egoera; oraindik lanean ari dira nire irakasleak izandako batzuk. Munduan bueltaka ibili ostean, etxera itzuli naiz, eta oso gustura nago».
Ibarzabalek nabarmendu du euskal kultura zabaltzea zela hasierako helburu nagusia, eta euskaraz ikasteko aukera izatea: «Oso ausartak izan ziren sortzaileak eta gure gurasoak. Zerotik sortu zuten guztia eta ez zekiten gure ikasketek legez balioa izango zuten ere». Horrela, hastapenetan, bultzatzaileek diru eta denbora asko jarri zutela azpimarratu dute. Agurtzane Mujika eta Maritxu andereñoak nabarmendu dituzte, garai bateko erreferenteak izan zirela diote, eta hasierako ikasle guztiek gogoan dituztenak baitira.
Danborradan lehen ikastola
San Sebastian egunean, 1977an, Haur Danborradan atera zen lehen ikastola Herri Ametsa zela oroitu dute. «San Sebastian bezperan legeztatu zuten ikurriña. Guraso batzuk ikurriña bat josi zuten eta horrekin atera ziren ikastolako danborradan. Traicion a España titularra atera zuten Fuerza nueva aldizkarian, egindakoagatik», oroitu du Arbonak. Danborradako talde hartan atera zen Ibarzabal, eta oso zorte ona izan zuela dio, bere azken ikasturtea izan baitzen.
Geteren azken ikasturtea ere berezia izan zen, orduan Kilometroak jaiaren ardura izan baitzuen Herri Ametsak, 1995ean: «Zure eta nirea euskararen bidea… ez zait sekula ahaztuko abesti hura!». Arbonak dio hurrengo eguneko garbiketa oroitzen duela gehiago: «Egunean, dendan ibili nintzen, arropa saltzen. Hurrengo egunean, botilak lurretik ateratzen aritu ginen». Oroitzen dutenez, euri zaparrada handiak bota zituen jaiaren aurreko egunetan, eta beldur ziren egunean bertan zer gertatuko zen. Azkenean, ordea, eguzkia lagun izan zuten, eta bildutako dirua laugarren eraikuntzarako bideratu zuten.
Etxeko giroan
«Herri Ametsa sentimendua existitzen da, familia bat bezala gara», dio harro Getek. «Bai, gure garaian, UBI eta BBB egitera beste eskola batzuetara joan ginen, baina nire ikastola Herri Ametsa izango da beti, hori ez da aldatuko», gehitu du Arbonak. Zuzendaria ados dago: «Hirira jotzen baduzu, jende askok ez du gure ikastola ezagutzen, baina bertatik igaro garen guztiek oso oroitzapen onak ditugula esango nuke, oso identifikatuak sentitzen gara». Horrela, ikasle ohi askok euren seme-alabak Herri Ametsara ekartzen dituztela diote. «Batez ere konfiantza azpimarratzen dute, oso oroitzapen onak dituztelako euren ikasle garaietatik. Pozgarria da, ikusten duzulako 50 urte beteta ere jarraipena baduela. Lehengoak badu garrantzia, baina oraingoai ere eman behar zaie behar duten garrantzia», azaldu du Ibarzabalek.
Dagoeneko elkartu dira ikastolako familiaren zati bat, duela gutxi. Miramar Jauregian batu ziren ikastolaren sortzaileak eta hainbat ikasle ohi. Urteurreneko abestia aurkeztu zuten eta ikus-entzunezko bat ere filmatu zuten, ikasle ohien eskutik. Ekainaren 1ean urteurreneko liburuaren aurkezpena egitea geratzen zaie, eta ekainaren 3an jai handia ikastolan.
Ikasturte honi esker buruan galduak zituzten oroitzapenak berreskuratu dituztela diote, eta historiaren parte izandako lagun askorekin harremanetan jarri direla. Jaia polita izango dela ziur daude, eta bisita gidatuak egingo dituztela azaldu du Getek: «Askok izango dute ikasle zireneko oroitzapena, eta ongi pasako dutela seguru nago». Gaur egun 540 ikasle inguru dituzte, eta bazkarian belaunaldi askotako 300 lagun baino gehiago espero dituzte. Aurreko urteetan, garrantzia handia ematen diete ikasleei, baina aurtengo ikasturtea berezia denez, jaiko protagonismoa zabalduko dutela diote. Hala, ikasleez gain, sortzaileak eta ikasle ohiak gogoratuko dituzte. «Oroigarriak banatu beharrean, denboran iraungo duen ikur bat jarriko dugu, eta helburu nagusia izango da elkarrekin gozatzea», dio Ibarzabalek. Eguna iristeko gogoz dago Arbona: «Ziur momentu hunkigarriak bizituko ditugula».