
Zuzeneko musikaren eskaintza eta egoera, bertatik bertara ezagutzen dute musikariek, programatzaileek, kultur kazetariek, argazkilariek eta beste hainbatek. Horietako bost hautatu, eta hiruna galdera egin dizkiegu.
Galderak
1.- Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak zer nolako eragina izan du zuzenekoetan?
2.- Hiriko zuzeneko kontzertuen eskaintza zer nolakoa iruditzen zaizu?
3.- Zuzenekoei begira, zein zailtasun ditu musikari, programatzaile edo areto batek?
«Turismoa kulturaz jantzita, horixe izan da Donostia 2016 Kultur Hiriburutza»
Giorgio Bassmatti; musikaria
1// Turismoan izan du eragina, ona izan delako turismoarentzat. Turismoa kulturaz jantzita, horixe izan da Donostia 2016 Kultur Hiriburutza. Kontzertuak egiteko baimenak handitu dira, pintxopoteetan jotzeko. Bitartean, betiko areto zein tabernak estu eta larri.
2// Arraroa eta dimentsio handikoa. Gainera, publikoak ez du asko laguntzen. Areto pribatuei laguntzea da bidea. Bartzelonan egin bazuten, hemen zergatik ez?
3// Musikari bezala ezin naiz kexatu, jende jator eta langilea dago. Halere, gaur egun aretoek errentagarritasunari gehiago begiratzen diote.
«Funtsezkoa da kulturalki instituzio bakoitzak sektoreari gauzak erraztea»
Sara Zozaya; Musikaria eta antolatzailea
1// Agerian utzi du hiriak duen zuzeneko musikarekiko zaletasuna. 2017a, ordea, zailtasun handiagokoa izaten ari da. Iazko joerari jarraipena eman nahi zaio, baina ematen du garrantzia Europarekiko ematen den irudian dagoela.
2// Eskaintza badago, baina nagusiki antolatzaile pribatuen aldetik. Areto publikoen ahalmenaren zati txikia zuzentzen zaio antolatzaile pribatuari.
3// Sektore zaila da. Izan ere, jendea mugitzean datza denak, eta hau ez da futbola. Funtsezkoa da kulturalki instituzio bakoitzak sektoreari gauzak erraztea. Adibidez, tramitazioak.
«Araudia betiko aldatu behar da, eta hitzarmen bat egin musikariekin»
Sergio Cruzado; Antolatzailea
1// Eskaintzak gora egin du iazko urtean, baina ez du soluziorik eskaini. Hiria 2015ean bezala dago. Agian hobeto, estres gutxiago duelako. Hiriburutza Bienvenido Mr Marshall delakoaren erreplika bat izan da; diruaren eta bisitarien zain geratu den hiria.
2// Eskaintza pribatua ausarta da, beraien dirua arriskatzen dutelako. Eskaintza publikoak ñabardura merezi du. Bere eskaintza musikala ez da publikoa.
3// Penagarria da hiriko zuzeneko musikaren eskaintza ilegala izatea. Araudia betiko aldatu behar da eta hitzarmen bat egin musikariekin, besteak beste.
«Hiriburutza bukatuta, zegoena baino askoz gehiago ez da geratu»
Juan G. Andres; Kazetaria eta argazkilaria
1// Ez dut uste eragin zehatzik izan duenik. Hiriburutza bukatuta, zegoena baino askoz gehiago ez da geratu. Hori bai, zuzenekoen sustapenean erraztasunak ematen ez badituzte, argi geratuko da Donostia 2016 ameskeria bat izan dela.
2// Azken urteotan musikazaleok etengabe errepikatzen dugu sekulako musika eskaintza dugula. Askotan ezinezkoa da bat aukeratzea, baina hori ona da.
3// Argi dago Donostiako Udalak erraztu beharko lukeela edonon kontzertuak antolatzeko aukera. Babesik eman ezean, behintzat ez dezatela oztoporik jarri.
«2016 urtera arte malgutasuna zegoen, eta orain zorrotz jarri dira»
Iñaki Castro; Musikaria eta antolatzailea
1// Orokorrean positiboa izan dela uste dut. Espazio berrietara iritsi da zuzeneko musika eskaintza. Arazoa da kontzertuen antolaketarako programatzaile batzuekin bakarrik lan egin dutela. Prozesuak irekiagoa izan behar zuen.
2// Nire ustez gehiegizkoa da egungo programazio eskaintza. Kontzertu gehiegi daude ikusle kopuru txiki batentzako.
3// 2016 urtera arte malgutasuna zegoen, eta orain zorrotz jarri dira. Horrek esan nahi du arazoak hemendik aurrera sortuko direla. Dena dela, goiz da balorazio bat egiteko.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren osteko zuzeneko musikaren eskaintzaren azterketa
Autogestioaren bidetik aritzen dire hiru guneren esperientzia