"Bizitzari eman behar diogu lehentasuna"
Errausketaren Aurkako Eguna ospatzen ari dira gaur Zubietan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatuta. 11:00etan eman diote hasiera egitarauari.
Lehenik eta behin, bi hitzaldi eskaini dituzte Zubietako areto batzuetan. Bata, errausketa eta nekazaritzari buruzkoa, Baserria XXIren eskutik: ”Bizi eredua aldatu behar dugu, bizitzari eman behar diogu lehentasuna”. Bestea, Nafarroan dagoen errausketarik gabeko Hondakin Planaren ingurukoa, Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiaren eskutik.
Ondoren, 12:30ean, hirugarren hitzaldi bat egin dute. Zehazki, Madrilgo Alianza Incineradora Valdemingoz No taldeko kide Javier Navascues euren kasua azaldu du, eta errausketaren arriskuak azaleratu ditu. Bertan, erraustegi bat eraiki zuten, baina 2020an erakunde publikoek eta enpresek berritu behar duten kontratua geldiaraztea dute helburu.
35 urtez
Goizeko ekitaldiei amaiera emateko, Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz bertsolariak igo dira oholtzara, eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek adierazpen bat irakurri dute: “Ezin dugu onartu erraustegi inposatu bat datozen 35 urteetarako kaltetuko dituena gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa. Gipuzkoan erakusten ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik. Orain nahitaezkoa da udalerri askok egin duten bideari beste guztiek ere jarraitzea. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari berriro esan nahi diogu: gelditu ezazue proiektua, egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari! Errausketarik ez, ez gure izenean!”.
Jarraian, frontoira abiatu dira herritarrak, bazkariaz gozatu eta Gipuzkoa Zutikek deitu duen martxa nazionalerako indarberritzeko.