
Udara gerturatzearekin batera gero eta turista gehiago daude Parte Zaharrean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Parte Zaharrean ostalaritza zerbitzua eskaintzen duten 210 lokal, 53 pentsio, 200 pisu turistiko eta hotel bat daudela azaldu dute Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideek. Gaineratu dute beste bi hotel eraikitzen ari direla. 6.000 biztanleko auzoa da Parte Zaharra eta salatu dute auzoko ohe eskaintzak bizilagunen %20,5a direla. “Oraindik jasangarria al da Parte Zaharra?” galdetu dute.
Etxebizitza eskubidea aldarrikatu du auzo elkarteak eta salatu du gaur egun etxebizitzekin espekulatzen ari direla. Horren aurrean udalak hainbat neurri hartu beharko lituzkeela uste dute. Momentuz, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hainbat proposamen biltzen dituen txosten bat egin du.
Proposamenak
Pisu turistikoak erregulatzeko bost oinarri nagusi dituen dokumentu bat prestatu du Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak. Horien artean honako proposamenak egin dituzte: pisu turistikoen kopurua mugatzea; pisuek lege guztiak betetzea eta lizentziak izatea; pisuen kontrola egitea eta beharrezkoa bada zigorrak ezartzea; espekulatzaileen salerosketei mugak ezartzea; eta bestelako hirietan hartutako neurriak aintzat hartzea.
Pisu kantitateari dagokionez, gaur egungo legea betearaztea eskatu du auzo elkarteak. Bestalde, kale bakoitzeko pisu turistikoen kopurua mugatzea ere beharrezkoa dela uste du.
Gaineratu dute, espekulazioarekin bukatzeko ezinbestekoa dela mugak jartzea espekulaziorako etxeak erosten dituzten enpresei. Bukatzeko beste herrialdeetan hartu dituzten neurrien zenbait adibide jarri dituzte:?Berlinen ezin dute etxebizitza osorik alokatu; Londresen urtean 90 egunetan bakarrik erabili daiteke pisu turistiko gisa. Parisen, bigarren etxebizitzaren zergak bikoiztu dituzte; eta, Mallorkan etxebizitzak pisu turistiko bezala alokatzea debekatu dute.
Bizitzeko lekurik gabe
Pisu turistikoek hiriko alokairuak garestitzea ekarri dute
“Turismoak bere alde onak eta neurtu beharreko ondorioak ditu”