Naroa Mikelarena, pisu bila dabil: “Martxoan pisu bila hasi ginen eta oraindik ez dugu ezer aurkitu”
Denbora asko daramazu pisu bila?
Martxoan hasi ginen pisu bila eta oraindik ez dugu ezer aurkitu. Intxaurrondon bizi naiz alokairuko pisu batean. Etxea egoera txarrean dago eta hainbat arazo ditugu. Hori dela eta, erabaki dugu ezin dugula hor bizitzen jarraitu.
Zergatik?
Udara gerturatu aurretik ikusi genituen interesatzen zitzaizkigun hainbat pisu, baina eskatzen zizkiguten baldintzak bete ezinak ziren: 4.000 euroko bermeak, 5.000 euroko depositoak, agentziako gastuak, ordainketa ziurtatzeko seguruak. Ez dira gutaz fio eta guk beraietaz fidatu behar dugu?
Eta udara gerturatzen ari den honetan?
Udara gerturatzen hasi denean aurkitu dugun arazo nagusia da pisu gehienak ez direla epe luzerako alokatzen. Ate asko jo ditugu eta iragarkietan udaran alokatzen ez zutela jarri arren, deitzen ahalegindu gara. Bi erantzun mota jaso ditugu: udaran turistentzat alokatzen dutela edo alokatuko digutela baina neguko alokairuaren hirukoitza ordainduta. Bestalde, asko hasarrarazi gaituen beste gauza izan da pisuak ikustera joandakoan pasa behar izan dugun prozesua; nomina erakutsi behar duzu, zertan lan egiten duzun azaldu, batzuetan gauean etxean egoten ote garen ere galdetu digute. Casting moduko bat da eta gainera beti egoten da jendea pisua zure aurretik ikusi duena, beraz, zain egon behar duzu.
Lortu duzue zerbait?
Ez. Zer gertatzen da gurekin? zer gertatzen da donostiarrokin?
Garazi Zarauz, pisu bila ibili da: “Pisu bila hasi garenean konturatu gara hiria negozio hutsa dela”
Pisua utzi behar izan duzue orain dela gutxi.
Bai. Hiru urte inguru egon gara Antiguako pisu batean eta aste honetan utzi behar dugu pisua. Hasieran ikasturte baterako kontratua egin ziguten, gu ikasleak izango bagina bezala. Udara hurbiltzen hasi zenean esan ziguten pisu turistiko bezala alokatu nahi zutela eta ez zitzaiela ondo ateratzen guk jarraitzea. Dena den, aukera eman ziguten udaran jarraitzeko, baina lehen 850 euro pagatzen bagenituen pisuarengatik, udaran 1.200 euro inguru eskatzen zizkiguten. Guri interesatzen zitzaigun pisu horretan jarraitzea eta azkenean akordio batera iritsi ginen, baina hala ere prezioa igo ziguten eta udaran estu eta larri ibili ginen.
Eta neguan berriro lehengora bueltatu zineten?
Gero urteko kontratu bat egitea lortu genuen, gurekin gustura zeudela esan ziguten eta horrela pasa ditugu hurrengo bi urteak. Orain semearentzat nahi dute pisua eta alde egin behar dugu.
Eta orain?
Beste pisu bat aurkitzen ahalegindu gara, baina ezinezkoa da. Bi aukera bakarrik ikusi ditugu; edo periferiara joan edo bakoitzak bere kabuz topatu. Bigarrena aukeratu dugu. Pisu bila hasi garenean konturatu gara hiria negozio hutsa dela eta pisua konpartitu ezean hiritik alde egin beharko dugula.
Bizitzeko lekurik gabe
Eneko Goia, alkatea:”Turismoak bere alde onak eta neurtu beharreko ondorioak ditu”
Bizilagunek pisuak erregulatzeko proposamenak egin dituzte