Hiriaren turismo estrategiaren gakoa plangintza dela uste du Eneko Goia alkateak. Turismoak ekar ditzakeen ondorioak baretzeko neurriak hartzen ari direla azaldu du.
Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan atera da Donostia turismoaren kudeaketa onaren adibide bezala. Zergatik izan dela uste duzu?
Azken urteotan egindako lanaren emaitza da balorazio on hori: gure hiriak azken mendean barru barruan du turismo hiriaren izaera, eta horren garrantzia zein den badakite inplikatutako eragile guztiek. Horregatik, gakoa plangintza da: Donostiak aspaldi turismoa modu estrategikoan landu du, eta lan horren fruitua da ingurutik jasotzen duen onarpena.
Zuk zeuk kezka adierazi izan duzu turismoaren inguruan, eta gai hau gero eta donostiar gehiagoren ahotan ere badago. Izan ere, turismoaren gorakadak etxebizitzen alokairua garestitzea ekarri du.
Kezka hor dago, eta eztabaida ere kalean dago. Turismoak bere alde onak eta neurtu beharreko ondorioak ditu. Prezioen igoera, etxebizitza garestitzea, horietako batzuk dira, eta horrek kezkatzen nau. Horretan eragitea nola nahi ere ez da erraza, eta botere publikoek gure mugak dauzkagu. Azkenean, prezioa eskaintza eta eskariak ezartzen dute, eta lurraren prezioan ere eragin mugatua daukagu. Donostian, erdiguneko lurraren prezioa oso altua da, estatuko altuena, baina hau ez da oraingo kontua: urteak daramatza lehen postuetan, eta turismoak horrelako gorakada ez zuenean ere, erdiguneko prezioak oso altuak ziren.
Etxebizitza gero eta gehiago alokatzen dira turistentzat, hau da, denboraldi labur baterako, eta hainbat bizilagun elkartek salatu dute horrek bizilagunak auzotik joan beharra ekarri duela. Badago hori erregulatzeko modurik?
Apartamentu turistikoen gorakada ez da Donostiako arazo esklusiboa. Turismoaren gorakada bizitzen ari diren hiri guztiek dute arazo berbera. Eta fenomeno berri bezala, erantzunak antolatzen ari dira. Eusko Jaurlaritzak lehen urrats bat egin du: modu ofizialean, apartamenduen erregistro bat zabaldu du. Donostiak badu bere araudia, eta esan beharra daukat betetzen ari garela, ahal dugun neurrian. Udaltzaingoak hainbat interbentzio egin ditu, salaketak jarriz baita legetik at zeuden apartamentuak itxiaraziz ere. Orain araudi hori hobetu nahi dugu, hirian eremuak ezarriz. Gure asmoa litzateke Parte Zaharra eta Erdialdean lizentziak asko mugatzea, baita Grosen ere, eta hiriko beste zonalde batzuetan malguago jokatzea.
Orain dela gutxi ‘Efecto Airbnb’ izeneko ikerketa bat egin zuten hirian, haren arabera Donostian 1.219 iragarki daude webgune honetan etxebizitzak eta logelak alokatzeko, eta horietatik 160 etxebizitzak bakarrik dute lizentzia.
Esan bezala hori hobetzeko lanean ari gara. Dena den, Gogoeta bat erantsi nahiko nuke: oso joeran dago orain turismoa kritikatzea, modu zabalean, eta «Tourist go home» esatea edo idaztea. Nik zera pentsatzen dut: gutako bakoitza oporretara goazenean, goazen lekuan, ez al gara ba turistak? Ez al gara ba izango bertako jende horrentzako «giria»? Ez al ditugu ahalik eta hegaldi merkeenak bilatzen eta ez al ditugu Airbnb edo bestelako plataformetan eskaintza ekonomikoak bilatzen? Gutariko askok egiten duguna ezin diegu besteei leporatu.
Hainbat hotel eraikitzen ari dira hirian. Zein eragin izango dutela uste duzu?
Lehen aipatu dudan moduan, hotelak sektore pribatuak egiten ditu, ez administrazio publikoek. Lizentzia eskaerak badaude, esan nahi du dirua inbertitzeko prest badagoela jendea, etekina ateratzeko aukera ikusten duelako. Donostiak orain arte mugak izan ditu hotel gelen ikuspuntutik, eta zenbait momentuetan eskaria handiagoa zen eskaintza baino. Orain hori osatuko da, eta merkatuak esango du zeintzuk duten arrakasta eta zeintzuk ez. Azpimarratu nahi dut, halere, apartamentu turistikoak modu regulatuan izatea zaila baldin bada, hotelak aktibitate ekonomiko argia eta zehatza direla.
Alokairuen prezioa %17 igo da azken urtean. Nola bermatu donostiarren etxebizitza eskubidea alokairuen prezioen gorakadarekin?
Hiriko zenbait guneetan igo egin da, beste batzuetan, ordea, ez. Horren aurrean botere publikoek etxebizitza publikoaren eskaintza indartu behar dugu. Zentzu horretan, udala lanean ari da hainbat lekutan: Txomin Eneako promozioak etxebizitza publiko asko izango dira, baita Uliako Lore Baratzetan ere. Diru sarrera handiak ez dituen jendeak aukera gehiago izatea da ekintza horien helburua, eta Donostian bertan bizitzen jarraitzeko aukera izatea ere.
Azken aldian askotan alderatu da Donostiako turismo gorakada Bartzelonan geratzen ari denarekin.
Hala da. Baina datuek diote Bartzelonarekin, Veneziarekin edo Amsterdamekin konparatzen bagara, adibidez, oso urrun gaudela. Veneziak 80 turista ditu urtean biztanleko; Bartzelonak, 10; Donostiak, 3 turista ditu urtean biztanleko. Beraz, datuek ez dute askotan jendeak uste duena erabat berresten. Kontua da gure hirian asko kontzentratzen dela garai eta gune jakin batzuetan: udaran eta Parte Zaharrean, Grosen eta Erdialdean. Eta horrek saturazio sentsazio hori areagotzen du.
Nolako udara aurreikusten duzue aurtengoa? Neurririk hartuko duzue?
Aste Santuko datuei erreparatuz gero, aurten ere jende asko izango dugu gurean. Horren aurrean ahalik eta zerbitzu onenak eskaintzea da udalaren xedea, nahiz eta ez den beti lortzen.
Bizitzeko lekurik gabe
Pisu turistikoek hiriko alokairuak garestitzea ekarri dute
Bizilagunek pisuak erregulatzeko proposamenak egin dituzte