Espainiako gerrak hirian eragindako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa abiatu du Aranzadi Zientzia elkarteak. Donostiako Udalaren babes ekonomikoa jaso dute.
Ondarretako kartzelan pertsona askoren eskubideak urratu ziren.
Aranzadi Zientzia elkarteak 1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa abian jarri du. Donostiako Udalak 17.996,21 euroko diru laguntzarekin babestu du proiektua. Espainiako gerra garaian Donostian jaio edo bizi izan ziren pertsona guztiak aurkitzea du helburu Aranzadik.
Ikerketari maiatza bukaeran eman zioten hasiera, eta abendurako bukatuko dute lehen datu bilketa. Ordea, behin betiko emaitzak 2019 amaiera aldera aurkeztuko dituzte. «Aranzadik proposatu duen azterlan horri esker, zehaztasun handiagoarekin jakingo dugu Donostiako zein bizilagun errepresaliatu zituzten 36tik 45era», azpimarratu du Eneko Goia Donostiako alkateak. «Garai hartan gertatu zena bilatu eta oroimen kolektiboan txertatzea ezinbestekoa da. Diktaduraren izugarrikeriak jasan zituztenei justizia egitea funtsezkoa da edozein erakunde demokratikorentzat».
Oroimen Historikoaren Aholku Kontseilua sortu zuen udalak 2015ean, eta arlo ezberdinetako kidez osaturik dago. Hala nola, udal talde politikoetako ordezkariak, gizarte erakundeak, taldeak eta oroimen historikoa berreskuratzen diharduten garrantzi bereziko pertsonak. Donostiako Udala ez da konprometitu den erakunde bakarra. Azken urteetan, euskal geografia guztian garatu dira proiektuak, alor publiko zein pribatutik bultzatuta. Horrela, Espainiako gerraren eta ondorengo diktadura frankistaren inguruko oroimen historikoa ikertzeko eta berreskuratzeko ahalegin berezia egin dute.
2001ean hasi zen Aranzadi elkartea Espainiako gerrak eragindakoa aztertzen, eta hamasei urtetan, lehen aldia da Euskal?Herriko hiriburu batean gertaturikoa ikertzen dutela. «Erronka handia da guretzat, eta donostiarrek jasan zutena dokumentatzea mugarri izango da», azaldu du Juantxo Agirre Aranzadi elkarteko idazkari nagusiak. Udalaren elkarlana eskertzeaz gain, gaineratu du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen departamentuarekin eta Gogora institutuarekin lankidetzan egingo dutela ikerketa.
Pertsonen historia
Giza faktorea landuko du Aranzadi elkarteak urtea bukatu bitartean egingo duen azterketan. 1936aren eta 1945aren artean Donostian gertatu zena ikertzearekin batera, historia pertsonalak aztertu eta dokumentatuko dituzte. Horretarako, urte horiek bizi izan zituzten pertsonen, eta gerra zein diktaduraren ondorioz hil edo errepresaliatutakoen zuzeneko senitartekoen lekukotasunak bilduko dituzte.
Oroimen historikoa berreskuratzeko ahaleginean, Oroimenaren bulegoa sortzeko asmoa du Aranzadi elkarteak. Irailerako abian izatea aurreikusten dute. Bulegoaren bidez, ikerketarekin lorturiko ezagutzak herritarrengana iristea nahi dute, haiengan eragin eta egia ezagutzeko. Horrekin batera, bulegoa abian jartzerakoan donostiarren parte hartzea sustatuko dute datu-basea osatzeko.
Donostiako ikerketa honi esker, Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisiodunaren Bulegoak ezarritako oinarrizko eskubideak osatu ahal izango dira: egia jakiteko eskubidea, justizia eskubidea eta erreparaziorako eskubidea.
«Behin behineko emaitzak urtea bukatu baino lehen eskainiko ditugu»
Javi Buces; Aranzadiko historialaria
Zein da ikerketaren helburua?
Asmo nagusia da jakitea zenbat pertsonak sufritu zuten gerran eta frankismoaren hasieran. Donostiarren errealitatea jaso nahi dugu, hirian jaio eta bizitakoena, eta baita hiritik kanpo zeuden donostiarrena ere. Aldi berean, hirikoak ez ziren pertsonen informazioa ere jasoko dugu.
Azterketa fase ezberdinetan egingo duzue, ezta?
Horrela da. Lehen fasean, argitaratuta dagoen dokumentazioa errepasatuko dugu. Datuak dituzten argitalpenak badaude.?Esaterako, Iñaki?Egañaren entziklopedia. Horiek ondo aztertuko ditugu lehenik, giza eskubideen urraketa jasan zuten pertsonen izen-abizenak jasotzeko. Bigarren fasea izango da artxiboetara jotzea, ditugun iturri publikoak. Hala nola, bertako instituzioetakoak, estatukoak, elizakoak eta militarrak.
Artxibo militarretatik informazioa eskuratzeko oztopoak izatea espero duzue?
Oraindik ere trabak daude Ferrol, Guadalajara eta Avilako artxibo militarretan. Beraientzat ez da gauza erosoa, baina gure eskubidea da informazioa eskuratzea. Baimena dugu, baina beti ibiltzen dira eskaerak denboran atzeratzen. Orain dela hamar urte hasi ginenean, horrelako bi ikerketa genituen abian. Gaur egun hogei bat izango dira, eta horrek eskaera handitu du. Bitxia dena da, artxibo horiek publikoak izan arren, militarren eskuetan jarraitzen dutela.
Aurreratu duzuenez, Donostian eskubide urraketa jasan zuten pertsona kopurua 15.000 eta 20.000 artean dago. Horien datuak jasoko dituzue?
Kopuru hori errepresioa jasan zuten pertsonena da. Errepresio mota desberdinak daude: kartzela, erbestea, fusilamendua, salaketak, … Asmoa da datu-base bat sortzea, eta pertsona bakoitzari fitxa bat egingo diogu. Fitxa horrek hiru atal izango ditu: datu pertsonalak, urraketa mota eta frogaren elementuak. Azken atalak urraketa bera frogatuko du, eta hori dokumentu historiko bat edo senitartekoen testigantza bat izan daiteke.
Donostian gerrak lotura zuzena izan zuen Ondarretako kartzelarekin.
Noski, bertan ere urratu ziren pertsonen giza eskubideak. Gainera, ideologia desberdinetakoak izan ziren torturatuak eta fusilatuak. Salbuespenik gabe, urraketa jasan zuten pertsona guztien informazioa bilduko dugu.
Hirugarren fasea izango da ‘Oroimenaren bulegoa’?
Lan historiko eta zientifikoarekin batera, modu paraleloan abian jarriko dugu Oroimenaren bulegoa. Beste herri batzuetan dagoeneko badago, eta bertan herritarrek aukera dute informazioa emateko, eta baita jasotzeko ere. Gerra pairatu zutenen senitartekoentzako tresna baliagarria da.
Ikerketaren emaitzak emateko epeak ezarri dituzue. Aurrenekoak noiz eskainiko dituzue?
Behin behineko emaitzak urtea bukatu baino lehen eskainiko ditugu. Aurten osatuko dugu datu-basea eta webgunea. Behin betiko emaitzak, berriz, 2019 urte bukaera aldean aurkezteko asmoa dugu.