Larratxokoek kolorez bete dute auzoa jada, ‘holi’ festarekin. Antiguan eta Herreran, berriz, bihar emango diete hasiera jaiei eta San Joan bezpera arte egitarau zabala eskainiko dute
Uda heldu ahala, auzoetako jaiak ere iristen ari dira. Morlans eta Bidebieta izan ziren protagonista maiatzean; bada, orain, Larratxo, Herrera eta Antiguaren txanda da. Larratxokoek atzo eman zieten hasiera jaiei eta Antigua eta Herrera bihar murgilduko dira festa giroan. Beraz, datozen egunetan aspertzeko astirik ez dute izango donostiarrek, aukerak anitzak izango baitira.
Larratxoko jai batzordeko kideak, auzoko haur batzuekin. (Argazkia: L. Ferreira)
LARRATXOKO JAIAK
Larratxokoek modu berezian jarri zituzten abian jaiak. Hasteko, auzoko alkatea aukeratu zuten, eta, aurtengo berritasun gisa, holi festa delakoa egin zuten, ahalik eta auzotar gehien hurbil zitezen plazara. «Normalean, txupinazoa oso sinplea izaten da: traka bat eta musika. Baina horri buelta eman nahi genion, eta erakargarriagoa bihurtu. Telebistako programa baten bidez ezagutu genuen holi festa. Horretarako, auzotarrak kamiseta txuriekin etortzeko deia egin genuen eta koloretako hautsak zabaldu genituen plazatik zehar», azaldu dute jai batzordekoek.
Irekiera ikusgarri horrekin eman zieten hasiera jaiei, eta igandera arte ez dute etenik izango. Gaur arratsaldean, 17:30ean, haurrentzako txokolate jate herrikoia egingo dute, auzoko elkarteek eta Candy gozotegiak egindako bizkotxoekin, eta dantza festa ere egongo da. XII. Pala Txapelketako finalak eta helduen areto futbol txapelketa jokatuko dituzte, 19:30ean. Iluntzean, 23:00etan, rap jaialdia egingo dute eskolako jolastokian. Ondoren, 23:30ean, helduen danborrada herrikoia irtengo da Txirrita plazatik.
Bihar, larunbata, egun osoko egitaraua izango dute Larratxon. 12:00etan, VII. Paella Txapelketa egiten duten bitartean, haur danborrada ibiliko da auzotik barrena eta garai bateko ibilgailuen erakusketa egino dute, eta, 13:00etan, XXIII. Arte Martzialen erakusketa egingo dute.
Bazkalondoren, mus txapelketa (16:00etan), txikientzako jolasak eta puzgarriak eta auzoko dantza taldeak (17:00etan) izango dira nagusi. 19:00etan, berriz, jai batzordean 30 urtez lanean aritu zen Manolo Olabarrietari omenaldia egingo diote. Aurtengo urtarrilean hil zen, eta beteranoen partida bat jokatuko dute bere omenez.
Gauean, sardina eta saiheski jana egongo da plazan, eta indarberrituta hainbat emanaldi ikusiko eta entzungo dituzte Larratxora hurbiltzen direnek: Alex Rabanalen bakarrizketa (23:30ean); Rock jaialdia, 00:00etatik aurrera, Dosis Grey, Holy Nuns eta Deklibe taldeekin; dantzaldia (00:00etan); eta karaokea, 01:00etan.
Igandea Larratxoko jaien azken eguna izango da. Haurrentzako jolasez gain, 11:30ean, herri kirolen erakusketa egingo dute, Inaxio Perurena harrijasotzailearekin, eta VII. Sagardo eguna ospatuko dute. Zikiroa jan ostean, Markeliñe taldearen eskutik, Crusoe izeneko antzezlana eskainiko dute familientzako. Extremadurako Monfrague elkarte kulturalean parte hartzen duen koroak abestuko du plazan, 19:00etan. Eta, jarraian, Sonakay flamenko talde euskaldunaren emanaldia egongo da ikusgai.
Herrerako jai batzordeko kideak, kontzertuetako kartelekin. (Argazkia: L. Ferreira)
HERRERAKO SANLUISAK
Larratxotik oso hurbil, Herreran, jada dena prest dute bihar jaiei hasiera emateko. «Gure jaien bereizgarrietako bat da oso luzeak direla. Hasi ginen asteburutxo batekin, eta azken urteotan asko sustatu ditugu eta sortu dugu egitarau luze bat», azpimarratu dute jai batzordekoek.
Bada, asteburu hau «osasuntsua» izango dela diote. Hain zuzen ere, kirol jarduerak izango dira nagusi: tartean, biharko pala txapelketako emakumezkoen eta gizonezkoen finalak (10:00etatik aurrera). Larratxoko jaiak aldi berean direnez, 20:00etan, hara joateko deia egingo dute, Denok Larratxora, berreskura dezagun! lelopean. Igandean, berriz, mendi irteera bat antolatu dute 9:00etan, eta Joakin Intxausti Pipas herri krosaren 37. ekitaldia egingo dute, 10:30ean.
Datorren ostegunean, ekainak 15, jaiei hasiera ofiziala emango diete, 19:00etan, txupinazoa, brindisa eta Kilikariak fanfarrearekin: «Iaz, egin genuen lehen aldiz txupinazo elegantea eta aurten errepikatuko dugu; gainera, tabernek ere parte hartuko dute, elegante jarriko dira, eta pintxo potea ere egingo dugu».
Ostiralean, ekainaren 16an, egun indartsua izango da kontzertuei dagokienez. Aspalditik ari dira Herrerakoak musika talde ezagunen aldeko apustua egiten: «Historia handiko jaiak dira, gure gurasoen garaian beti beteta zegoen auzoa, baina urteekin pixkanaka jaitsi zen giroa, eta gure ilusioa da Herrerako jaiek merezi duten izena lortzea». Bada, kontzertuen bidez ari dira hori lortzen: auzoa ezagutarazi, beteta ikusi eta giro paregabea sortzeko, Non Servium, Porco Bravo eta Desembragadores taldeek joko dute, 22:00etatik aurrera: «Non Servium Madrilgo punta-puntako punk taldea da, Porco Bravo rock taldeak zuzeneko oso ona du; eta Desembragadores auzokoa da.
Ekainaren 17an, gazte eta haurrentzako eguna izango da. Egun osoan zehar puzgarriak egongo dira, eta, 12:00etan V. Paella Lehiaketa egingo dute. Bazkaldu ondoren, 17:00etan, haurrentzako txupinazoa egingo dute, jaietako pertsonaia Luisito eta Luisitarekin. Gazte kuadrillen arteko olinpiadak izango dira 18:30ean, eta, ondoren, 21:00etan, kirolari olinpikoentzako afaria prestatuko dute. Elektrotxufla elektrotxarangak eta Traketsek girotuko dute gaua, 22:00etatik aurrera.
Ekainaren 18an, euskal jaia ospatuko dute, eta, 11:00etan hasita, egingo ditu Herrerako II. Boilur azoka –hogei posturekin– eta Boilurrez ondutako gaztaren I. txapelketa. Goizean zehar sagardo dastaketa egongo da, eta, 14:00etan, ohiko barrikotea, Estanga trikitixa eta Mozkor Frentekideok otxotearen laguntzarekin. Arratsaldean, 18:00etan, herri kirolak egongo dira , eta beste berritasun bat eskainiko dute 20:00etan, erromeria gidatua: «Auzoan sortu dira hainbat talde euskal dantza eta erromeria gidatuak ikasteko; bada, egun horretan urte osoan ikasitakoa kaleratuko dute eta elkarrekin dantzatuko dute».
Ekainaren 21ean, Herrerakoen egunik sinbolikoena izango da: San Luis eguna, hain zuzen ere. Bazkari herrikoia egongo da plazan, haurrentzako pailazoak, astoak eta bakarrizketa bat. Ekainaren 22an, aldiz, kultur aniztasun afaria egingo dute, Donostiako Zentru Islamiarraren eskutik (Herreran dute egoitza): «Iaz proposatu ziguten ideia, eta egitarauan sartzeko zalantzarik ez genuen izan. Euren jaki tradizionalak ekartzen dituzte eta giro polita sortzen da». Ekainaren 23an, San Joan bezpera ospatu eta Lusito eta Luisita DJekin azken parranda egingo dute jaiei agur esateko.
Antiguotarrak dantza taldeko hainbat kide. (Argazkia: L. Ferreira)
ANTIGUAKO SANJOANAK
Antiguan ere bihar hasi eta ekainaren 23ra arte luzatuko dira sanjoanak. Antiguatarrak dantza taldea eta elkartea aritzen dira elkarlanean antolakuntzan, baina auzoko elkarte eta eragile askok euren ekarpenak egiten dituzte: «Guztion artean osatzen dugu egitaraua; beraz, adin eta jende mota guztiarentzako jaiak dira».
Bihar gazte eguna egingo dute Antiguan, futbito eta sokatira txapelketekin (9:00etan eta 11:00etan, hurrenez hurren). Indarberritzeko bazkari herrikoia egingo dute Txantxarreka gaztetxean eta 18:30etik aurrera, Gari auzokidea, DJ Tarzanetes eta Ttun Ttun Brigade taldeen kontzertuak egongo dira bertan.
Ostegunean, ekainaren 15ean, haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, 18:00etan, frontoian. Hurrengo egunean, ekainaren 16an, nabarmentzekoa da Anje Duhalde eta bere taldearen kontzertua, frontoian ere bai.
Ekainaren 17an jarduera ugari egongo dira: txapelketak, antzezlana, haur eta gazteentzako jolas eta tailerrak, afari herrikoia auzoko elkarteen laguntzarekin, XIX. Ez Don/k Hamahiru Antiguan Hamalau jaialdia, Eonian elektrotxaranga eta DJ Pari.
Antiguatarrak dantza taldeak kalejira egingo du Matia kalean zehar ekainaren 18an, 12:00etan, eta euskal dantzen emanaldia eskainiko dute gero, 13:00etan, frontoian. Arratsaldean ere musika eta dantza ez dira faltako, eta egun osoan zehar sardinak jateko aukera egongo da.
San Joan bezpera baliatuko dute iaz ezin izan zituzten buruhandiak estreinatzeko. «Emaus Fundazioa eta dantza taldearen elkarlanari esker lortu ditugu, eta Muntoko gizarte zentroko tailerretan egin dituzte», azaldu dute antolatzaileek. 19:00etan buruhandi eta trikitilariak arituko dira Matia kalea girotzen, eta, 20:00etan, San Joan koroa gehituko da festara. Hala, 22:00etan, San Joan sua piztuko dute, Gaskonia plazan.