Erraustegiaren aurka gose greba egingo du herritar talde batek
Nerea Lizarralde
Donostian, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean iragarri dute gose greba egingo dutela. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Erraustegiaren aurka protesta egiteko astebeteko gose greba egingo du herritar talde batek: “Milaka eta milaka herritarrok proiektu hau arbuiatzen dugula ikusarazi arren, inposatu egin nahi dutela ikusten dugunez, protestak eskutatu nahi dituztela ulertuta, oraingoan gose greba protesta eredua hautatu dugu, inposatu nahi diguten erraustegiak gu guztion bizitzengan izango duen eragin kaltegarria salatzeko.
Proiektu honen inguruko eztabaida ez dela bukatu adierazi dute gaur Donostian eman duten prentsaurrekoan: “Ez diogu protesta egiteari utziko herritar guztiak informatuak eta kontziente izan arte, negozio pribatu diru xahutzaile eta osasunarentzako oso kaltegarria den egitasmoa inposatu nahi dutela, eta gainera, era iraingarrian, ez digutela kontratua erakutsi nahi”.
Asteazkenean, ekainaren 14an, hasiko da greba, arratsaldeko zazpietan, Easo plazan. Protesta hasten den unean gose greba egiten ari direnei babesa emateko deia egin du erraustegiaren aurkako mugimenduak: “Programa bat antolatzen ari gara. Arratsaldero hitzaldi bat izango da, eta ondoren, dokumental baten proiekzioa. Aire garbia izateko eskubidea, osasun eskubidea eta garapen eredu iraunkor eta bizigarriei buruzkoak izango dira”.
Gose grebaren bidez, arrazoirik gabeko kontsumoaren inguruan arreta jartzeko baliatu nahi dute: “Munduak baliabide mugatuak ditu, ezin dugu hazkunde faltsuan sinetsi. Gutako bakoitzak, gure txikitik eragiteko konpromisoa hartu behar dugu. Sistema honek sustatu dituen ohitura asko aldatu behar ditugu aztarna ekologikoa gutxitu eta aberastasun soziala banatzeko”. Mugimenduko kideen ustez, Gipuzkoako udalerrien erdiak demostratu du hondakinak modu iraunkorrean biltzeko alternatiba hobeak dituztela, merkeagoak eta garbiagoak: “Nola arraio ausartzen dira erraustegia inposatzen saiatzera?”.
Zubietako erraustegia multinazionalen eta klase politikoaren arteko “sinbiosiaren” adibide argitzat jo du mugimenduak: “Swap kontratuekin era fortzatuan inposatuak, finantza erakundeei herritarren dirua oparitzen ari zai. 35 urteko hipoteka handia ezarri nahi dute udal baliabideentzat. Urbaser, Altuna y Uria, Murias, LKS Mondragon eta Moyua, Cuatrecasas abokatu bufetearekin, besteak beste”. Gaineratu dute, hainbat enpresa ustelkeria kasuetan harrapatu dituztela.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea