2018tik aurrera Parte Zaharrean ez dira pisu turistiko gehiago onartuko
Gaur goizean Ser irratian azaldu ditu udal gobernuak pisu turistikoen inguruko ordenantzaren nondik norakoak. Bi gako nagusi aipatzen ditu ordenantzak: Batetik, gaur egun pisu turistikoak soilik lehen solairuan baimentzen dituen araudia bertan behera utzi nahi dute Egian, Amaran, Antiguan eta beste hainbat auzotan; bestetik, 2018ko udatik aurrera Parte Zaharrean ez duela pisu turistiko gehiagorik onartuko iragarri du. EH Bilduk neurri hauekiko desadostasuna azaldu du.
Salatu du udalak ez duela egungo araudia betetzen eta udal gobernua beste aldera begiratzen ari dela gaineratu du. “Araudi honen arabera, pisu turistikoak, oro har, soilik lehen solairuan ezarri daitezkeela eta eraikinen lehentasunezko erabilera bizitzea dela argi zehazten da”. Uste dute ordenantza berri honekin udal gobernua mezu argi bat bidaltzen ari dela: “gaur egungo araudia ez betetzean ez du ondoriorik izango”.
Bestalde, azaldu dute ordenantza berri hau udal teknikarien irizpideen kontrakoa dela: “Orain dela hilabete batzuk hirigintza sailak egindako txosten batean argi adierazten zen lehen solairuko araua mantendu behar zela hiri osoan”. EH Bilduk uste du ordenantza berri honen bidez, udal gobernuak gaur egun Parte Zaharrean, Grosen eta zentroan dagoen arazoa hiri osora zabaldu nahi duela: “Esaterako, Egia, Antigua eta Amara pisu turistikoz betetzen hasiko dira eta gaur egun bizitzeko erabiltzen ziren etxebizitzak pisu turistiko bihurtuko dira.
“Donostian bizitzea luxu bat izatetik utopia bat izatera pasatuko da”, azaldu du EH Bilduk, eta, gaineratu du bere eskuetan dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela ordenantza berri hau indarrean ez sartzeko. Azkenik, EH Bilduk azaldu du azken asteetan donostiarren neurrira egindako turismo eredu alternatibo baten inguruan lanean ibili direla eta aste honetan bertan aurkeztuko dutela.