Zezenketak egingo dira Aste Nagusian
Abuztuaren 12 eta 15 artean izango direla aurreratu du Chopera enpresak
Aurten ere, zezenketak egingo dira Donostiako Ilunbe plazan. Chopera enpresak jakitera eman duenez, egun gutxi barru zabalduko du Donostiako Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua. Zehazki, abuztuaren 12 eta 15 artean egingo dira zezenketak Ilunben. Donostiako Udalak ez du baieztatu albistea.
Urte hasieran, Eneko Goia Donostiako alkateak iragarri zuen aurten ere zezenketak egingo zirela, galdeketa egiteko denborarik ez zelako izango.
Espainiako Ministroen Kontseiluak udalari kontsulta egiteko baimena ukatu ondoren, EAJk helegitea aurkeztu zuen EH Bildu eta Irabazi Donostiaren babesarekin. Era berean, oposizioko bi alderdiek bide berriak jorratzeko eskatu zioten Goiari. Apirileko udalbatzarrean, zezenketen kontsulta 2017a bukatu baino lehen egiteko konpromisoa hartu zuen udalbatzak. Dena dela, une honetan, zezenketen galdeketa egiteko aukera geldirik dago.