Maddalen Lizaso eta Ibai Maiza, Errekaleorreko bizilagunak. (Argazkia: Hitza)
Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan bizi dira Maddalen Lizaso (Intxaurrondo, 1993) eta Ibai Maiza (Intxaurrondo, 1989). Zailtasunak zailtasun, auzoan bizitzen jarraitu nahi dute.
Noiz joan zineten Errekaleor auzora bizitzera?
Maddalen Lizaso (M.L.): Orain dela hiru urte etorri nintzen Errekaleorrera bizitzera, okupatu berritan. Irailean okupatu zuten eta ni abenduan sartu nintzen. Euskal filologia ikasten ari nintzen orduan Gasteizen. Gero urtebete egon nintzen kanpoan bizitzen eta ondoren berriro bueltatu nintzen bertara.
Ibai Maiz (I.M.): Nire bikotekidea eta biok 2015eko irailean etorri ginen, lanik gabe geratu nintzelako. Oso ondo hartu gintuzten auzoan eta geroztik hemen gaude. Hemen bizi naizenetik gauzak askoz argiago ditut. Nire bizitzako zati handi bat bete du auzoak.
Zer da zuentzat Errekaleor?
M.L.: Hasteko oso esperientzia diferentea bizitzeko aukera eskaintzen duen auzo bat da. Asko lagundu izan dit bizitzeko beste modu batzuk daudela ikasteko; beste harremantzeko eredu batzuk ezagutzeko. Auzo bakar batean Euskal Herriko errealitate diferente pila bat batzen dira. Ederra da gauzak oso bestelakoak diren leku batean jende anitzarekin bizitzea.
I.M.: Niretzat Errekaleor askatasuna da. Duintasunez bizitzeko modu bat eskaintzen du. Alde batetik gauza ukigarriak eskaintzen ditu, etxebizitza, adibidez. Baina horrez gain harremantzeko beste modu batzuk erakutsi dizkit; kultura askea, eta esperimentatzeko aukerak zentzu guztietan.
Nola funtzionatzen du auzoak?
M.L.: Auzoak asanbladen bitartez funtzionatzen du. Hilabetean bi asanblada egiten dira eta gero egunerokotasunean lantaldeen bitartez funtzionatzen dugu. Lantalde asko daude: baratza, okindegia, ekonomia, komunikazioa. Hala ere, egia da azken aldian asko aldatu dela gure funtzionamendua. Esaterako, lehen okindegia genuen eta astean bitan ogia egiten genuen bertakoentzat eta kanpokoentzat. Baina orain ezin dugu ogia egin, argirik gabe gaudelako.
Elektrizitatea kendu dizuete, eta ertzaintzarekin tentsio uneak bizi izan zenituzten.
I.M.: Une gazi-gozoak bizi izan genituen, gaziak gozoak baino gehiago. Alde batetik, inpotentzia pixka bat sentitu nuen jakinda noren aginduz moztu ziguten argia, Iberdrola eta horrelako enpresa handien aginduz. Gobernuak eta udalak beti egiten diete men halakoei. Hala ere, Gasteizko jendearen eta hemendik kanpokoen erreakzioa kristorena izan zen. Jende pila bat gerturatu zen gu babestera.
M.L.: Gaztetxean geundela ohartu ginen argia moztu zigutela. Guretzat beste egun guztiak moduko egun bat zen. Auzoan espero ez genuen zerbait izan zen. Egun batetik bestera aldatu da gure bizimodua, eta auzoan kohesio eta antolakuntza handia ekarri du. Auzo gisa oso ondo erantzun genuela uste dut; aktibatu egin ginen. Denok elkarlanean aritzeko bultzada moduko bat izan zen; izan ere, beti hitz egiten dugu horrelakoez baina azkenean bakoitzak bere errutina dauka. Argia kentzearekin batera gauzak asko aldatu dira. Argia moztu eta ertzainak etorri ziren eguna oso gogorra eta polita izan zen aldi berean. Ikaragarria izan zen gu babestera etorri zen jende guztia ikustea, indar handia eman zigun.
Energia berriztagarrien aldeko apustua egin duzue. Zergatik?
I.M.: Aspalditik nahi genuen elektrizitate kontsumo normal horretatik aldendu eta buruan genuen elektrizitate plakak jartzearena. Orain, gainera, ez zaigu beste aukerarik geratu.
M.L.: Hori da, alde batetik, ez digute beste aukerarik eman; eta bestetik, auzo utopiko hori lortzeko bidean betidanik eduki dugu buruan burujabetza, baita elektrizitatean ere. Horretarako, energia berriztagarriek kristoren aukera eskaintzen dute. Gainera, konturatu gara babes handia daukagula eta momentu ona iruditu zaigu horrelako apustu bat egiteko. Horregatik, Crowdfunding kanpaina bat abiarazi dugu, proiektu hori gauzatu ahal izateko baliabideak lortzeko. Ekarpen ekonomikoa uztailaren 22ra arte egin daiteke Coopfunding webgunean. 100.000 euro behar ditugu, eta, momentuz, 31.000 euro ditugu.
Argindarrik gabe jarraitzen duzue. Zein da egoera gaur egun?
I.M.: Egia da egoera honek pila bat elkartu gaituela; elkarrekin bazkaldu eta afaldu behar dugu. Etxean ez daukagu argirik, beraz gauean kalean egoten gara elkarrekin gitarra jo eta abesten. Alde horretatik nahiko modu komunitarioan bizi gara.
M.L.: Bigarren fase moduko batean gaude. Argindarra kendu ziguten unea sentimendu askoko unea izan zen; gero, Errekaleorreko jaiak ospatu genituen; eta ondoren, mobilizazioa. Orain, beste fase lasaiago batean gaude. Badakigu auzoa ez dela berriro lehengoa izango, baina horrek ez gaitu etsitzen, gehiago indartzen gaitu. Janaria prestatzeko eta garbitzeko txandak egiten ditugu, izan ere, ehun lagun inguru biltzen gara egunero; elkar zaintzen ari gara.
Aurrera begira zein asmo dituzue?
I.M.: Azken bi asteak ehun metroko lasterketa bat izan dira, eta oraingo fasea maratoi bat da. Saiatuko gara lehengo bizimodura bueltatzen, baina badakigu ez dela erraza izango.
M.L.: Aurrera egiteko motibazioa eta indarra dagoela esango nuke. Egia da tentsioa dagoela, baina modu positiboan; ez gaude Ertzaintza noiz etorriko beldurrez; nahiz eta, auzoa eraitsi nahi duten. Badakigu bide gogorra izango dela, baina ziur nago, era berean, indarberrituta aterako garela.