Ghost Number & His Typsy Gypsies taldeak ‘From Dawn to Dust’ lehen diskoa atera du. David Pisabarro donostiarraren proiektu pertsonala da, banda bihurtu duena.
Zortzi kidez osaturik dago egungo taldea. Erdikoa da David Pisabarro, taldearen sortzailea, banjo jotzailea eta abeslaria. (Argazkia: Mariamne Meraki)
Abestiaren egiazko esentzia aurkitu nahi izan zuen David Pisabarro musikariak (Gros, 1987). Nerabezaroan rock, hardcore eta metal doinuak jarraitu, eta gerora, jorratu zituen. Ordea, bakarkako bideari heltzean, Ghost Number deiturarekin sustraietara jotzeko bidaiari hasiera eman zion. Zintzotasunaren bila abiatu zen.
«Gogoan dut 20 urte nituela Jana Hunter musikariaren abesti bat entzun eta ondorengoa pentsatu nuela: nola da posible bi sokako gitarra batekin eta ahotsarekin horrenbeste egitea?». Galdera horrek eta beste hainbatek atzera begira jarri zuten Pisabarro. «Musika errealaren bila nenbilela, 20ko hamarkadara iritsi nintzen».
Oldie musikarekin topo egin zuen.
Ghost Number proiektua abian jartzeko musikari bila hasi zen 2009an. «Bitartean, abestiak sortzen hasi nintzen, ulertzeko nola egin zitekeen gehiago gutxiagorekin», azaldu du Pisabarrok. Gitarra akustiko bat erosi zuen, eta abestiei forma ematen ari zela pentsatu zuen banjoaren ekarpena interesgarria izan zitekeela. «Dirua aurreztu eta banjorik merkeena erosi nuen. Iritsi zenean eta lehen aldiz jo nuenean, musika tresnaz maitemindu nintzen».
Musikariak topatzea kostatu zitzaion Pisabarrori. Donostian ez dira falta, baina jorratu nahi zuen estilorako ez zen erraza izan. «2013an hiru musikarik bat egin genuen, eta urtebete geroago seikotea osatu genuen». Orduan sortu zen Ghost Number & His Typsy Gypsies banda. Pisabarrorekin batera, Jon Ander Burgos, Iñigo Manterola, Arantza Molina, Jean Marie le Bris, eta Nacho Fombuenak osatzen dute taldea.
From Dawn to?Dust lehen diskoa martxoaren erdialdean argitaratu zuten. «Aurretik maketa bat atera genuen, korrika eta presaka. Horregatik, lehen diskoari hilabeteetako lana eta esfortzua eskaini genion», azaldu du Pisabarrok. Orokorrean, harrera ona izan du musika adituen artean, eta musika hedabide berezituetan. «Gehien gustatu zaiguna da jendearekin bat egin dugula ikustea», azpimarratu du Pisabarrok.
Erreferentziak
Swing, calypso, son kubatarra eta country musika jorratzen ditu Ghost Number & His Typsy Gypsies taldeak, besteak beste. Egiazko musikaren bilaketari hasiera eman zionean, Pisabarrok erreferente asko topatu zituen. Baina bereziki bi azpimarratu ditu: Djando Reinhardt eta Tom Waits. «Mundu berri baten ateak zabaldu zizkidaten».
Atzera begirako bidaian, sustraidun musika asko ezagutu zuen. «50eko hamarkada aurreko calypso musikara iritsi nintzen. Ondoren, deskubritu nituen swing iluna, 20 eta 30eko hamarraldiko son kubatarra, eta western swing-a». Egungo musikarien artean, C.W. Stoneking, The Dirt Daubers, J.D. Wilkes eta Pokey La Farge gustuko ditu.
Sustraidun musikan topatu du bilatzen zuena. «Erreala eta zintzoa dena da niretzako erakargarria», azaldu du Pisabarrok. Dena dela, ezaugarri horiek edozein estilo eta diziplinetan aurkitu daitezkeela uste du. «Musika zintzoa eta erreala, entzutean sinesgarria egiten den hori da». Benetako musikak transmititzen diona da entzuleari eskaini nahi diona. «Sortzen duzunak zurekin bat egin behar du, eta ondoren, entzulearekin. Horrela mantentzen da musikaren esentzia».
Jazzaldian, bigarrenez
Uztailaren 24an kontzertua eskainiko dute Donostiako Jazzaldian. Bigarren aldia izango da taldearentzat. «Bigarren urtez jarraian jo ahal izatea ikaragarria da. Ilusioz gaude uztaila iristeko», dio Pisabarrok. Diskoaren aurkezpena, berriz, maiatzean egin zuten Egiako?Dabadaba aretoan. «Jendez bete zen, giroa oso beroa eta gertukoa izan zen». Egun horretan jo zuten aurreneko aldiz zortzi kidez osaturiko banda bezala. «Lidia Insausti eta Karmen Salazar batu zaizkigu koroak egiteko».
Igeldoko parkean eta Miramar jauregian ere aritu dira zuzenean, eta hurrengo helburua argi du Pisabarrok. «Viktoria Eugenia Antzokian jotzea gustatuko litzaidake». Jazzaldian hondartzan jartzen duen agertokia ere gustuko du.
Ghost Number & His Typsy Gypsies ezohiko taldea da Donostian. Dena dela, Pisabarrok argi adierazi du ez direla berritzaileak. «Iragana orainera ekartzeko saiakera egin dugu, ez besterik». Hirian 20ko hamarkadan horrelako talderik bazen galdetuta, zera dio: «Ricardo Martinen erakusketa bat ikusi nuen Kursaalean, eta argazkietako batean Donostiako Big Band bat ageri zen».