Arraun Lagunakek trainerua aurkeztu du Donostiako Nautikoan
Bosgarren postua lortu zuten atzo, Gipuzkoako Traineru Ligaren estreinako estropadan
Gipuzkoako Traineru Ligari hasiera eman, eta biharamunean, Donostia Arraun Lagunakek emakumeen trainerua aurkeztu du Nautikoan. Bertan izan dira, kategoria desberdinetako arraunlariak, eta bereziki, emakumeen taldekoak. Denboraldiari atzo eman zioten hasiera Bilboko uretan. Gipuzkoako Traineru Ligaren lehen estropadan, bosgarren tokian sailkatu ziren. San Juan traineruak eskuratu zuen garaipena.
Pasa den sasoian, Orioko bandera irabazi zuen Arraun Lagunakek Gipuzkoako Traineru Ligan. Aurten, iazkoa errepikatu eta hobetzea izango dutela helburu adierazi du Ramon Gomez Esnal presidenteak. Euskotren Ligarako sailkatzea da hurrengo xedea, gaineratu duenez. Bestalde, Kontxako estropadarako sailkatzen ahaleginduko direla azpimarratu du.
Itziar Eguren delegatuak ere hitz batzuk egin ditu aurkezpenean. “Orain dela 20 urte atera zuen Arraun Lagunakek emakumeen lehen trainerua”, esan du Egurenek. Aldarrikapen modura egin zuten. Bestalde, Nagore Claramunt patroiak esan du, duela hiru urte emakumeen trainerua sortu zutenetik ilusioarekin egin dutela aurrera. “Aurten bi traineru daude Donostian. Bien artean gu txikiena gara, baina desabantailak gainditzeko prest gaude”, azaldu du Claramuntek.