Kaiko Karmenak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Kaiko Karmengo jaiak arriskuan daudela ohartarazi du jai batzordeak. Eusko Jaurlaritzarena da kaiko eremuaren eskuduntza, eta jai batzordeak salatu du jaietan kaia erabili ahal izateko baldintza “betezinak” ezarri dituela, eta dirutza eskatu duela. Egoera honen aurrean Donostiako Udalak ez duela jaiak babesteko neurririk hartu adierazi dute: “Ez dirudi urratsik egiteko prest daudenik”.
Karmengo jaiak 2004an berreskuratu zituzten, hainbat auzotarren ekimenez: “Geroztik, hamabi urtez, jai herrikoiak, parte hartzaileak eta parekideak egin ditugu. Programa oparoa izan da beti. Guztiei eskaini zaie ongi pasatzeko eta auzoaz gozatzeko aukera. Orain, ordea, badirudi agintariei ez zaiela gustatzen herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak izatea auzoan”.
Batzordeak dio kaian ia astero jaialdiak, kirol probak eta askotariko erakustaldiak antolatzen direla, eta “erabat zentzugabea eta onartezina” dela auzokideen ekimenez egindako festei oztopoak jartzea.
Festak egiten jarraitzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute, baina Eusko Jaurlaritzak jarritako oztopoak salatzeko jarduerak egingo dituztela iragarri dute. Jaiak babesteko eta jaien aldeko jardueretan parte hartzeko deia egin du Karmengo jaien batzordeak.