20 lanpostu publikotarako deialdia onartu du Donostiako Udalak
2016ko Lan Eskaintza Publikoa egiteko oinarri bereziak onartu ditu Donostiako Tokiko Gobernu Batzordeak. Hori dela eta, 20 lanpostutarako deialdia abian jarri du. Lanpostu berri horietatik bi elbarritasunen bat duten pertsonentzako izango dira.
Deialdi librean atera diren plazak ondorengoak dira: 17 Gizarte Langile Teknikari, 2 Arkitekto Tekniko, eta Mugikortasun Goi Mailako Teknikari bat. Azterketak urrian edo azaroan izango dira.
Deialdira aurkezteko baldintzak ere aurkeztu dituzte: Mugikortasun Goi Mailako Teknikariak Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniari, Telekomunikazioetan Ingeniari, Informatikan Ingeniari edo Ingeniari Industrialeko titulua izan beharko dute. Arkitekto Teknikoak Arkitektura Teknikoaren titulua izan beharko du. Eta, azkenik, Gizarte Langile Teknikariak Gizarte-Lanean Diplomadun izan beharko du. Gizarte Langile Teknikarientzako dauden bi plazak elbarritasunen bat duten pertsonentzako izango dira. Gainera, aurkezten direnek euskarazko 3. profila izan beharko dute, EGAren baliokidea dena.
Zerrendan gelditzen diren pertsonekin ordezkapenak egiteko poltsak egingo dira.