Larunbateko eraso matxista salatu eta elkarretaratzeko deia egin dute
Gaur eguerdian (asteartea) larunbatean Parte Zaharrean gertatutako eraso matxista salatzeko kontzentrazioa egin dute udaleko alderdi politikoek Alderdi Ederren. Bihar, asteazkena, Parte Zaharreko eta Donostiako mugimendu feministak beste kontzentrazio batean parte hartzeko deia egin dute, Autodefentsaz armatuta gaude. Erasorik ez erantzunik gabe lelopean. Bulebarrean elkartuko dira, 19:00etan.
Kontzentrazioaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute eta ohar hau irakurri dute osorik:
Egun on guztioi, eta eskerrik asko bertaratzeagatik.
Gaur hemen bildu gara, Alde Zaharreko eta Donostiako mugimendu feminista, larunbat gauean eman zen eraso sexistari erantzuteko asmoz.
Lehenik eta behin gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diogu erasotua izan den emakumeari, jakin dezala auzo oso bat ondoan duela eta halako erasoak ez ditugula inondik inora onartuko. Gutako bat erasotzen dutenean, denok erasotzen gaituztelako!
Jakin badakigu eraso hau ez dela isolatutako eraso bat izan, heteropatriarkatuaren oinarrizko zapalkuntza estrukturalen ondorio baizik. Alde Zaharreko mugimendu feminista ez dago errealitate honi bizkarra emateko prest, eta dei egiten diogu auzoko eragile eta norbanakoei erasoen aurrean dugun jarrera kuestionatzera eta bortizkeria honi autodefentsa feministaz erantzutera. Larunbat gauean erasotua izan zen emakumea autodefentsa feministaz armatuta zegoen eta hala lortu zuen erasotzailea gainetik kentzea; jarrera eredugarria izan zuen!
Bukatzeko, erasotzaileei argi eta garbi esaten dizuegu: zuen inpunitatea amaitu da! edozein motatako erasoen aurrean, mugimendu feminista parean topatuko duzue. Ildo honetan, dei egiten dugu bihar, hilak 21, arratsaldeko 19:00tan Bulebarrean antolatuko dugun elkarretaratzean parte hartzea. Ez dadila eraso bakar bat geratu erantzunik gabe,
GORA BORROKA FEMINISTA!