Iskanbila sortu da aste honetan kaiko Karmengo jaiak direla eta. Jai batzordeak ohar baten bidez jakinarazi du festak arriskuan daudela Eusko Jaurlaritzak jarritako baldintzengatik.
Kaia jendez beteta iazko auzoko festetan. (Argazki: Malen Aldalur)
Hiru aste baino ez dira falta karramarro gorria kaira gerturatzeko. Uztailaren 13an hasiko dituzte Karmengo jaiak eta kezkatuta daude jai batzordeko kideak. Izan ere, azaldu dute ezin dituztela ordaindu kaiko lurra erabiltzeagatik jarri dizkieten tasa “izugarriak”.
“Lehen 800 edo 1.000 euro inguru ordaintzen genituen kaia erabiltzeagatik; 2016an, aldiz, 15.000 euro eskatu zizkiguten”, azaldu du Amaia Alberdi jai batzordeko kideak. Esplikatu dute aurten jakinarazi dietela hemendik aurrera 15.000 euro ordaindu beharko dituztela. “Iaz uko egin genion tasa ordaintzeari, eta orain jai batzordeko kontu korrontea bahituta dago, edozein diru kantitate sartzen badugu kendu egiten digute”.
Eusko Jaurlaritzak, aldiz, azaldu du portuko jai eremuan erabilerari dagozkion tasa ekonomikoetan ez dela inolako aldaketarik egon. Jai Batzordeko kideek haserre erantzun dute: “Tasen zenbatekoa ez dute aldatu baina deklaratzen den metro koadroen zenbatekoa bai; azken finean, 1.000 euro ordaintzetik 15.000 euro ordaintzera igaro gara, gure ustez aldaketa badago, eta handia”.
Jon Insausti EAJko zinegotziak esan du modu ugari daudela tasa horiek aplikatzeko:?”Zuk kalkulatu dezakezu zenbat lur eremu okupatuko duzun txosnarekin eta agertokiarekin, baina gero erdian geratzen den eremua ere erabiltzen duzu”. Azaldu du segurtasun plana idaztera behartuak daudela eta bertan, esaterako, 2.000 metro erabili arren 4.000 hartzen direla kontuan: “Kalkulua alde batera edo bestera egin daiteke; beste urte batzuetan agian beste datu bat hartu dute aintzat”. Orain tasa horiek negoziatu beharko direla uste du.
Eusko Jaurlaritzak hainbat baldintza jarri dizkiola salatu du jai batzordeak. Jaurlaritzak, berriz, gezurtatu egin du: “Gaur gaurkoz, ez da oraindik jaietarako portuaren erabileraren eskaririk tramitatu. Beraz, eskaerarik gauza ezean, nekez ezarri daitezke inolako baldintzarik”.
Jaiak egin nahi dituzte
Jai Batzordeko kideek azaldu dute uste zutela duela bi hilabetetik ari zela Donostia Kultura tramiteak egiten: “Guk udalarekin bakarrik egon behar genuen harremanetan ekainaren 16ra arte; beraz, egia da oraindik ez dugula Eusko Jaurlaritzan aurtengo baimena eskatu, berez, guk ez genuelako eskatu behar”. Gaineratu dute Eusko Jaurlaritzak asteartean bidali zizkiela baimena eskuratu ahal izateko bete beharreko baldintzak:?”Hor bai jartzen dutela zein baldintza bete behar ditugun tasak ez ordaintzeko, eta gure elkarteak ez ditu baldintza horiek betetzen; beraz, ez dezatela esan ez dizkigutela baldintzarik jarri”.
Ane Goitiandia jai batzordeko kideak dio Eusko Jaurlaritzak badakiela ezin dutela diru hori ordaindu eta horrela jaiak desagerraraztea bakarrik lortuko dutela uste du:?”Gure esperantza da udalak laguntzea gainerako jai batzorde guztiei bezala. Jaiak kaian izate hutsagatik ez genituzke baldintza diferenteak eduki behar”.
Alberdik adierazi du argi dutela festak kaian ospatuko dituztela: “Ez dakigu zein formatutan baina oso argi daukagu festak kaian ospatuko ditugula; izan ere, kaiko jaiak ezin dira beste inon ospatu”. Bat dator horretan udala ere. Insaustik azaldu du udalak bere esku dagoen guztia egingo duela Karmengo jaiak “normaltasun osoz” ospatu daitezen.
Hori dela eta, atzo bilera egitekoak ziren festetako zinegotziekin eta alkatetzako kabinete buruarekin arazoari konponbidea aurkitzeko. “Gure asmoa karmenak aurten eta datozen urteetan Donostiako kaian ospatu ahal izatea da, eta horretan ahaleginduko gara”, adierazi du Insaustik. Dena den, uste du kontuan izan behar dela portua hiriarena bada ere, horren kudeaketa Eusko Jaurlaritzak egin behar duela, eta bertan bizilagunak ere bizi direla.
Oreka bilatu nahi dute
Dena den, Karmengo jaiez gain, kaian beste hainbat jarduera ere egiten direla gogorarazi du:?Aste Nagusi Pirata, estropadak eta Olatu talka, kasurako.
Bestalde, azaldu du kontuan izan behar dela festek izaera publiko bat dutela: “Aisialdirako gune bat eskaintzeaz gain, gure hiriko agenda betetzen dute». Hori dela eta, beraien asmoa laguntzea dela berretsi du: “Eusko Jaurlaritza ere prest agertu da tasak negoziatzeko”.
Dena den, uste du badagoela beste alderdi garrantzitsu bat kontu honetan: bizilagunak. Insaustik uste du ulertzen dituztela jai batzordekoen gogoak eta asmoak, baina bizilagunak ere kontuan izan behar dituztela: “Urte batzuetan kexak izan ditugu jaietan, eta ez dugu errepikatzerik nahi”. Uste du laster iritsiko direla akordio batera udala,
Eusko Jaurlaritza eta jai batzordea: “Oreka bat bilatu beharko dugu. Jaiak bai, baina 3:30ak arte uzten badiegu, 3:30ak arte soilik esan nahi du”.
Insaustik azaldu du gunea erabiltzeko baimena Eusko Jaurlaritzari eskatu behar zaiola baina gune horren erabilerari dagozkion neurriak udalak ezartzen dituela:?”Guk udal bezala neurri batzuk jartzen ditugu, beste edozein ekitaldirekin egiten dugun moduan;?garbiketa, zarata, itxiera ordua, sartu daitekeen jende kopurua, eta antzekoak”.
2004an berreskuratu zituzten jaiak, baina jai batzordekoek nabarmendu dute historia handia dutela atzean, eta, horregatik, modu batera edo bestera aurten ere kaia jai gune bihurtu nahi dutela: “Agian ezingo dugu kontzerturik egin edo txosnarik jarri, baina danborradarekin edo erraldoi eta buruhandiekin joaten bagara ezingo gaituzte bota”.
Jai batzordeko kideek salatu dute guzti hau kaiaren eta orokorrean Donostiaren “pribatizazioaren” beste adibide garbi bat dela.