'Ai, Txillardegi, zer egin huen horrela tratatua izateko?'
–Bai, Jose Luis, zer egin huen horrela tratatua izateko hire herrian bertan, Donostian?
–Zer egin nian? Bada, Euskal Herria maitatu.
–Hiri dagokianez, gauzak ez dituk asko aldatu azken bost urte hauetan. Hagoen tokian, inon baldin bahago, ez duk gauza handirik egiterik izango. Beraz, hemendik aurrera zerbait egin dezakeenari zuzenduko natzaio: Euskal Herriari, eta bereziki, euskal herritar donostiarrari.
Duela lau urte Txillardegiren heriotzaren lehen urteurrenarekin Donostiako 17 idazlek Udal Liburutegiari Txillardegi izena jar ziezaioten eskatu zuten. Arrazoi garbirik eman gabe PP, PSE eta EAJ alderdiek ezetza eman zioten proposamenari. EH Bilduk bakarrik babestu zuen proposamena. EH Bilduk zeukan orduan alkatetza, eta, agian, ez zen momentu egokia batzuentzat. Auskalo!
Aurten, 2017ko urtarrilean, Txillardegi Liburutegiaren Kultur Ekimenaren izenean bilera eskaera luzatu genien Alkateari eta udaleko indar politiko guztiei gaiaren inguruan hitz egiteko. Aurretik 17 idazlek egindako eskaera bera egiten genuen, Udal Liburutegiari Txillardegi izena jartzea. Oraingoan, eskaera babestuz, Donostia 2016ren barruan antolatutako Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroan, Donostiako Protokoloa aurkeztu zen egunean, berrehundik gora aditu, politikari, sindikalista eta eragile sozialetako kideen sinadura bildu genituen –Eskaera osorik (arrazoiak, sinatzaileak, 17 idazleak…) hemen ikus dezakezue –.
Azken urteotan gauza asko gertatu dira Euskal Herrian. Donostian beste alderdi bat dago buru udalean, alkate berria daukagu. Esperantzari leiho bat zabaldu omen diote, abesten zuen Oskarbik. Gu ere esperantzari leiho bat zabalduta alkatearen eta indar politikoen deien zain geratu ginen.
Laster jaso genuen EH Bildukoen deia, eskaera babesten zutela eta biltzeko prestutasuna adieraziz. Erantzun genien haiekin bildu aurretik nahiago genuela itxaron eta alkatearekin edo EAJko ordezkariekin biltzea aurretik. Agintean dagoen alderdia izanik egokiagoa iruditzen zitzaigun haiekin egin beharreko bilera lehenestea.
Bi hilabeteko itxaronaldiaren ondoren, martxoaren 15ean bildu ginen Eneko Goia alkatearekin eta Miren Azkaraterekin. Xabier Euskitze ere haiekin zegoen kultur aholkulari gisa. Gure aldetik Iñaki Alegria (UEUko lehendakaria), Josu Tellabide eta ni neu izan ginen bileran. Garbi adierazi ziguten hasieratik ezinezkoa izango zela ekimenak aurrera egitea. Ez geniola, bada, liburutegia izaten segituko duen zalantzan dagoen liburutegiari Txillardegi izena jarriko, gero, desagertzeko. Gainera, horrelako izendapen batek kontsentsu zabala behar duela eta halakorik ez dagoela Donostian, PSE ez zutela ikusten halako proposamen bat babesten. PPkoak zer esanik ez. Guk lortuz gero sozialisten aldeko jarrera edo, gutxienean, ez kontrakoa…
Desilusioi usai bat erten omen da leihotik … jarraitzen zuen Oskarbiren abestiak. Halaxe atera ginen gu bileratik, desilusioak hartuta. Txillardegiren lanez eta merezimenduez zalantzarik ez. Atetik barrura aitorpen guztiak, baina gero, aitortza hori publiko egiteko garaian eta Donostian merezi duen errekonozimendua argi eta garbi adierazteko orduan, traba ugari eta gogo gutxi.
PSEkoekin egin beharreko bileran jarri behar genuen gure esperantza. Ez zigutenez deitzen, zuzenean egin genien bilera eskaera. Horra, laburtuz, email bidezko haien erantzuna: arretaz irakurri dugu zuen eskaera, eta, gure taldean aztertu ondoren, zera erabaki dugu: udalean bada horrelako gaiak erabakitzea dagokion organoa eta bertan emango dugu gure iritzia.
Erantzun horrek errespetu falta ikaragarria erakusten du. Babes zabala duen eskaeraren aurrean (ikus babesleen izenak), euren iritzia dena delakoa izanda ere, herritarrak entzuteko hartu nahi ez izatea ere… Adierazgarria!
Horrelako erantzunak jaso ondoren, garbi dago, une honetan, Donostiako Udala ez dagoela Txillardegik merezi duen aitortza egiteko, eta hobe izango dugula eskaera hori beste une egokiago baterako uztea. Irabazikoekin ere egin genuen bilera, eta arretaz entzun zuten gure eskaera. Harremanetan jarraitzekotan geratu ginen.
Bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Txillardegiren lan guztia digitalizatu eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura jarri berri du Jakinek. Gainera, sareko atariaz gain, Txillardegiren obra hedatzeko liburu bilduma eta ikus-entzunezkoak osatuko ditu Jakinek datozen hilabeteotan, ahalik eta modu dibulgatibo eta erakargarrienean.
Aurtengo Literaturian, Zarautzen, Txillardegi, modernitatearen isla erakusketa antolatu da Modelo aretoaren sarreran. Jose Luis Alvarez Txillardegiren argazkien eta liburuen azalen bitartez, idazlearen modernitatea Literaturan nola islatu zen azaltzen zuen erakusketak. Horrez gain, Elsa Scheelen Txillardegiren lanaren irakurketa dramatizatua egin zen egitarauaren barnean.
Guri dagokigunez, beharrezkoa genuen euskaltzale guztioi, eta, bereziki, eskaera sinatu zenuten guztioi,Txillardegi liburutegia ekimena zertan zen azaltzea. Hori, gutxienez , zor genizuen. Guk gure aldetik jarraituko dugu lanean Txillardegiren izena, izana eta euskal kultura eta herriarentzat izan duen garrantzia ezagutua eta aitortua izan dadin, Donostian eta baita Donostiatik kanpo ere.
Dani Goñi, Txillardegi Liburutegia kultur ekimenaren izenean