Hamarkada oso bat egin du taldean Maialen Zelaiak, eta hiru urte gehiago Aintzane Encinasek; gazteak dira oraindik, baina erretiratzea erabaki dute, arrazoi desberdinengatik.
Aintzane Encinas eta Maialen Zelaia; Realeko futbol jokalariak.
Aintzane Encinas eta Maialen Zelaia, Anoetako bulegoen aurrean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiarrak dira biak, futbola da euren zaletasun nagusia, eta Reala da euren bihotzeko taldea. Txuri-urdinez ostikoka egin dute euren ibilbide profesionala:?Maialen Zelaia (Amara Berri, 1988) eta Aintzane Encinas (Amara, 1988). Euren azken denboraldia bukatu berri dute, eta beraiekin bildu da IRUTXULOKO HITZA: «Zalantzarik gabe, emozioz betetako egunak izan dira», dio Zelaiak.
Kasualitatea izan da biak batera erretiratzea?
Aintzane Encinas (A. E.): Askotan hitz egin dugu, eta azkenean horrela gertatu da. Lagunak gara eta polita izan da hau ere elkarrekin bizitzea.
Oroitzapen mordoa biziberritzen ariko zarete azken asteetan, ezta?
Maialen Zelaia (M. Z.): Bai, azkenean ikusten duzu amaiera bat dela. Azkeneko egunean aldageletara sartu ginenean, pentsatu genuen, arraioa!, ez gara berriz sartuko! Zalantzarik gabe, emozioz betetako egunak izan dira. Negar malkoei eusten aritu ginen zelaian, ikusi genuen jendeak zenbat maite gaituen eta horrekin geratu gara.
Ez zen erraza izango erabakia hartzea. Aurten izan behar zuen?
A. E.: Erabakiaz hitz egiten duzun momentua ailegatu arte ez zara konturatzen. Ez dakizu nolakoa izango den. Klubari eta taldekideei nire erabakiaren berri eman nienetik emozioz betetako egunak igaro ditut. Urte asko izan direlako, gogoko dudana egin dudalako nire bihotzeko taldean eta ez da erraza izan. Zerbait berezia bezala gordeko dut. Asko jaso dut taldekide eta klubeko jendearen aldetik.
M. Z.: Urtea ez da batere erraza izan, gogorra izan da. Azkenean, denok jokatu nahi dugu, eta minutu gutxi izateak eta, batez ere, nire sentipenek asko eragin didate. Ikusi dut ez nintzela maila horretara iristen edo ez nintzela ongi sentitzen. Horrek bultzatu du nire erabakia eta egin nezakeen onena dela pentsatzen dut.
Athleticen aurkako derbiren bat gordetzen duzue bereziki?
M. Z.: Derbiak beti izaten dira bereziak, niretzat, donostiarrentzat eta gipuzkoarrentzat. Tentsio berezia egoten da eta asko bizitzen dira. Urduritasun puntua jartzen dute partida horiek eta denekin geratzen naiz;?irabazi genuen lehenengo hura… aurtengoa ere oso polita izan da.
A. E.: Azkenean, bizilagunen aurka jokatzen duzu eta jarraitzaile asko hurbiltzen dira. Beti izan dugu irabazteko nahi hori, eta horrek egiten ditu bereziak.
Gizonen eta emakumeen futbol profesionala konparaezinak dira, alde handia baitago bien artean. Edonola, aurrerapausoak eman ditu zuen taldeak azken urteetan. Zer nabarmenduko zenukete?
M. Z.: Argi dago sekulako aurrerapausoak eman direla. Ni iritsi nintzenetik orain arte nesken futbolak aurrera egin du. Orain, adibidez, fitxaketetan sekulako mugimenduak egoten dira, ni harritu eta dena egiten naiz, oso denbora gutxian izan baita. Komunikabideetan ere gehiago agertzen gara, oraindik asko falta den arren. Konparatzeko joera dugu, baina guztiz desberdinak dira. Gure partida asko ere telebistan eskaintzen dituzte, eta jendearengana iristeko asko eragiten du.
A. E.: Erakundeek eta klubek duten babesa hazi egin da. Babestuagoak sentitzen gara orain, gure eguneroko lanari balore gehiago eman diote, eta ez emakume izateagatik, merezimenduengatik baizik, eta guk ere baloratzen dugu. Nik ia bukaerara arte jokatu dut kobratu gabe, eta badakit ez dugula diruarengatik jokatzen, baina baloratua sentitzea izugarria da. Gure arropa garbitzea onartu zutenean, edo denboraldi bukaeran zure izena daramaten bi elastikorekin geratzea… hasieran elastiko bat ematen ziguten izenik gabe, eta aurrera. Material gehiago izatea… txorakeriak dirudite agian, baina guretzako lorpen bat da pauso bakoitza. Reala da bere jokalari guztiak kontratu profesionalekin izan dituen lehena, eta lorpen horiek asko borrokatuta eta ate asko joka lortu ditugu, eta gehiago etorriko dira.
Urte asko egin dituzue taldean, eta zuen arrastoa geratuko da, noski. Nola utzi duzue taldea?
M. Z.: Egia esan, ez naiz konturatu orain arte zer suposatzen zuen horrek guztiak. Nire erabakiaren berri eman nuenetik ikusi dut jende askok babesten nauela, eta hori da politena eta gehien balio duena.
Orain kristoren taldea dago. Gaztetxoak dira, baina esperientzia dutenak, eta izugarrizko kalitatezkoak. Urtez urte oinarria mantendu da eta iruditzen zait datorren denboraldian oso ongi ibiliko direla. Jokalari oso onak daude, gainera, pertsona onak dira, talde polita da eta ziur emaitzak iritsiko direla.
Duela gutxi zabaldu da albistea, Juanjo Arregi izango da datorren denboraldiko entrenatzailea. Ezagutzen duzue?
A. E.: Ni euskal selekzioan egon nintzen berarekin. Deialdi batean deitu ninduen eta berarekin egon nintzen Kataluniaren aurkako partidan.
M. Z.: Nik ez dut berarekin kointziditu jokalari gisa, baina berarekin hitz egiteko aukera izan dut. Tipo jatorra iruditu zait, gertukoa, eta uste dut taldeak norbait berria behar duela, aire freskoa izateko.
Entrenatzaileekin jarraituz. Zuek dezente ezagutu dituzue taldearen gidaritzan: Garbiñe Etxeberria, Javi Garmendia, Igor San Miguel… zer eman dizue bakoitzak?
M. Z.: Arlo pertsonalean, denek eman digute zerbait, Garbiñetik hasi eta Igor arte. Niri Garbiñek aukera eman zidan Realean sartu eta gauza berri bat hasteko. Pasa diren gainontzeko guztiei estimua diet. Bakoitzaren alderdi onekin geratu naiz eta bakoitzak taldeari zerbait eman dio.
Zerekin geratuko zarete?
A. E.: Realean zein kanpoan jokatu ditudan partida guztietan ikasi dut, eta eramango dudan guztia pertsonak dira. Bereziki gordetzen dut Tximist hil ostean Zaragozan jokatu genuen partida. Oso berezia izan zen; galtzen ari ginen eta azken minutuetan buelta eman genion eta uste dut bera izan zela indarra eman ziguna. Bukaera oso hunkigarria izan zen denentzat. Ezin izan ginen elizkizunera joan, jokatu beharra genuelako, nahi genuen arren, eta garaipen hura berari eskaini genion. Beste momentu asko egon dira:?igoera lortu genuenekoak, barrez lehertzen igarotzen dituzu entrenamenduak…
M. Z.: Aintzane eta bion taldea txikitatik Reala izan da, eta betiko taldean jokatzeak sekulako ilusioa egiten du; eta hala bizi izan dugu iritsi ginanetik orain arte. Aurrerantzean ere gurekin bizi izan duten horiek jarraituko ditugu.
Golen bat gogoan duzue bereziki?
M. Z.: Kopako finalerdietara igaro gineneko bat gogoan dut, San Gabrielen aurka. Gero, Tximistek sekulako presentzia izan du gure bizitzetan, eta lesiotik itzuli nintzenean, esan nion, «gola sartzen dudanean, zuretzat izango da». Hilabete asko igaro nituen berarekin gimnasioan, eta merezi zuen.
Bizitza aldaketa datorkizue…
A. E.: Uste dut oraindik ez garela konturatzen zer izango den egunero Zubietara ez joatea. Duela bi igandeko partidarekin bukatu genuen, eta ni behintzat ez naiz konturatzen nolakoa izango den nire bizitza arratsaldero entrenatu gabe, eta astebururo jokatu gabe. Pentsatzen dut nire egunerokoa betetzen duten gauza horiekin jarraituko dudala, eta ez naiz futboletik urrunduko. Beste era batera jokatzen jarraituko dut. Entrenatzaile eskolan taldeen zuzendaritzaren inguruko eskolak ematen ditut, eta gogoko dut entrenatzaile izatearena, asko betetzen nau, eta egiten jarraitu nahiko nuke. Entrenatzaile titulua atera nuen, eta lotuta jarraitu nahi dut.
M. Z.: Hori da, azkenean, konturatuko gara taldearen denboraldiko lehen eguna iristen denean guk beste zerbait egin beharko dugula. Hala ere, ni oraintxe oporretan pentsatzen ari naiz, eta bueltan ikusiko dut zer egin. Beste ate batzuk irekiko zaizkit eta beste gauza asko izango ditut egiteko, eta horiekin aurrera egingo dut. Futbola gertutik jarraitzen jarraituko dut, eta beti realzalea izango naiz, orain gehiago, eman didan guztiagatik.
Oraindik ez dituzue 30 urte, eta erretiratu egingo zarete. Badator harrobia?
A. E.: Denek bukatuko dugu futbola beste aldetik ikusten, eta gure momentua iritsi da. Aldaketa asko egon dira, eta nesken futbola hobera dijoa. Neska jokalari gehiago daude, hobeto lantzen da, entrenamenduak kalitatezkoak dira probintzia guztian, maila asko igo da eta talde berri asko sortu dira, eskaera dagoelako. Ondorioz, eskakizun maila handiagoa da lehen taldean. Ametsak bete ditut jokatzen, eta besteei halakoak opa dizkiet.
M. Z.: Urte asko egin ditugu Realean eta ardura gehiago izan behar genuela taldean egia da, baina taldekide bakoitzak bere rola betetzen du, eta bakoitzaren rol hori garrantzitsua da. Bi pertsona joateagatik ez da talde osoa behera joango. Orain beste batzuek hartuko dute pisu gehiago eta horiek atera beharko dute momentu zailenetan taldea gora. Ametsengatik jarrai dezatela lanean, eta, batez ere, pasatzen diren momentu eta pertsona guztiekin gozatzen.