Arreta berezia jarriko du Donostiako Udalak teknologia berriekin lotutako mendekotasunetan. Gazteek onartzen dute «gehiegi» erabiltzen dituztela, baina kontuz ibiltzen direla diote.
Teknologia berrien mendekotasuna gero eta ugariagoa da gazteen artean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Egungo gizartea teknologia berrietara kateatua bizi da. Ia ezinezkoa da irudikatzea pertsona baten bizitza ordenagailu, telefono mugikor edo tabletik gabe. Helduek uneoro teknologia berriak erabiltzen dituzten arren, gazteen artean ezinbestekoak dira. Behar hori mendekotasun bilakatu da azken urteotan, eta hortaz ohartu da Donostiako Udala.
Mendekotasunen Kontrolerako Plan bat du udalak, eta 2017-2021ekoa prestatzen ari da jada. Helburua da legezko eta legez kanpoko substantziek zein teknologia berriek dituzten arriskuak murriztea eta ondorioen berri izatea. «Haurren eta adin txikikoen babesa bermatzeko politikarik eraginkorrena da prebentzioa», nabarmendu du Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanek. Horregatik, formakuntza eta sentsibilizazioa sustatu izan dituzte, eta horrela jarraituko dute datozen urteotan. Bertan, arreta berezia jarriko du teknologia berriekin lotutako mendetasunetan.
Online plataforma
«Udalak ikusi du heziketa sustatzeko beharra dagoela, irakasleek, ikasleek eta gurasoek erabilera ona egin dezaten eta arriskuak prebenitzeko tresnak izan ditzaten», esan du San Romanek. Horren harira, iazko ikasturtean abian jarri zuten IKT, erabilera egokia eta arriskuak online plataforma, guraso, ikasle, irakasle, hezitzaile eta psikologoentzat. Bertan, kezkak eta ezagutzak elkar trukatu dituzte eta 300 lagunek baino gehiagok eman dute izena.
Irutxuloko Hitza kalera irten da, egungo gazteek teknologia berriak nola erabiltzen dituzten ezagutzeko. Izaro eta Lide Iriarte banku batean daude eserita, Iriarteren amaren zain, telefono mugikorrari begira. 12 urte dituzte eta duela urtebete hasi ziren telefono mugikorra erabiltzen. «Gure klasekide gehienek ere badute. Normalean, 5. mailan oparitzen digute, urtemugetan edo Gabonetan», azaldu du Iriartek.
Whatsapp aplikazioaren bidez hitz egiteko edo argazkiak egiteko erabiltzen dute gehienbat: «Lagunekin geratzeko, eta lagunekin gaudenean, gurasoei esateko zein ordutan etorriko diren gure bila».
Umeak izanda, mugaren bat jartzen dietela onartu dute. «Adibidez, azterketa garaian, ez didate uzten erabiltzen; eta, gauetan, gehienez 22:15ak arte egon naiteke telefono mugikorrarekin», esan du Iriartek.
Badakite ziberjazarpenerako arriskua dagoela, baina ez dira horren beldur: «Lagun batek gustuko ez dugun argazki bat igotzen badu, ezabatu dezan eskatzen diogu. Gure artean moldatzen gara, konfiantza dugu».
Beste banku batean daude eserita Jon Astier eta Jon Corral, 18 urteko bi gazte. Egunero erabiltzen dituzte teknologia berriak. «Udan, planik ez badut, telesailak ikusten ditut; orduan, konturatu gabe, ordu piloa eman dezaket. Baina egun osoko plana badut, beharbada, ez ditut ia erabiltzen», adierazi du Corralek.
Joko batzuek mendekotasuna sortu dezaketela onartu dute: «Gazteagoa nintzenean, asko jolasten nintzen, eta gurasoek behin baino gehiagotan kendu izan didate telefono mugikorra».
Astierren arabera, egun, kontzientzia handiagoa dute: «Arriskuak daudela badakigu, eta, horregatik, kontu handiz ibiltzen gara. Are gehiago, Eibarko jokalarien bideoa bezalakoak biralak egiten direla ikusten dugunean. Txikitatik gurasoen eta eskolaren informazioa eta prebentzioa jaso dugu, eta horrek lagundu digu» .
Halere, batzuetan mendekotasuna dutela sentitzen du Astierrek: «Telefono mugikor gabe egon naiteke, baina ez dudanean gainean, urduriago nago. Azkenean, dena galtzen duzu: irratia, albisteak, komunikatzeko modua, sare sozialak…».
Gauza bera gertatzen zaie Jon Joseba Prieto eta Ane Garciari. Unibertsitateko lehen mailetan daude, azterketa garaian. Liburutegitik irten bezain laster, telefono mugikorra begiratzen dute: «Asko erabiltzen dugu, gehiegi. Hitz egiteko, musika entzuteko, sare sozialetan ibiltzeko… Ikasten ari naizen bitartean, ordua begiratu nahi badut, telefono mugikorra piztu eta, azkenean, beste zerbait egiteko ere baliatzen dut une hori. Momentu horiek guztiak kontuan izaten baditugu… denbora piloa ematen dugu; eta gehienetan gertatzen da aspertuak gaudelako».
Urduri eta seguru
Garciak dio gailu teknologikoa etxean uzten badu, urduritu egiten dela: «Ez dakit zergatik, baina telefono mugikorra ondoan izateak segurtasuna ematen dit. Itzalita egonda ere, hor dago. Bestela, zer egiten dut? Nola geratzen naiz lagunekin? Mendekotasun handia dagoela uste dut» .
Hori bai, pribatutasunari garrantzi handia ematen diote biek, eta sare sozialetan adi ibiltzen dira: «Kontu guztiak pribatuak ditut, eta norbait ezagutzen ez badut, ez dut bere lagun eskaera onartzen».
Eskolan hitzaldiak jaso izan dituztela azaldu dute, baina, euren iritiz, ez diete lagundu: «Azkenean, zuri edo zure inguruko norbaiti zerbait gertatu behar zaio benetan ohartzeko. Beste modu batean landu beharko litzateke gaia».
Raquel Ucinek eta Aitana Alcaidek Batxilergoa bukatu berri dute, eta bat datoz Garcia eta Prietorekin: «Hitzaldiak ez dira baliagarriak, ez dute gaian sakontzen eta ez dugu hausnartzen».
Beraiek ere telefono mugikorra asko erabiltzen dutela onartzen dute, baina batzuetan gainean ez izatea eskertzen dutela dio Ucinek: «Aurreko astean Mallorcan izan ginen lagunekin oporretan, eta ez genuen telefono mugikorraren falta sumatu».
Josean Fernandez, AERGI-ko presidentea: «Tsunami moduko bat da»
Josean Fernandez, AERGIko presidentea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Mendekotasunak dituzten pertsonei laguntza eskaintzen die Josean Fernandezek (Orereta-Errenteria, 1956). Azkenaldian, teknologia berriak lantzen ari dira.
AERGI 2012. urtean sortu zuten, «Gipuzkoan zegoen hutsunea» betetze aldera. Izan ere, elkarteak hainbat mendekotasun lantzen ditu modu bateratu batean –alkohola, ludopatia, elikadura arazoak…–, eta horiek guztiak ikusarazteaz gain, terapiak eskaintzea du helburu. Gainera, sortzen diren mendetasun berriei ere aurre egiten saiatzen dira. Egun, teknologia berriak dituzte ardatz. Elkarteko presidentea da Josean Fernandez.
Nola ohartu zineten teknologia berriekiko mendekotasunaz?
Mendekotasunei buruzko azken txostenetan teknologia berrien gaia ageri da, eta gu, elkarte gisa, ezin ginen atzean geratu. Makinetan apustuak egiten zituzten ludopatetan ikusi genituen lehen arrastoak. Tresnak aldatzen joan ziren, ordenagailuaren edo telefono mugikorraren bidez apustuak egin arte. Gainera, eskoletan gero eta ohikoagoa zen teknologia berrien mendetasunen inguruko hitzaldiak eskatzea, gainezka egiten ari zela ikusten zutelako.
Teknologia berrien mendekotasuna gainean dugun tsunami moduko bat da. Dagoeneko iritsi da, eta, momentuz, oso zaila da hori kontrolatzea. Baina argi dugu terapia taldeak eraginkorrak direla; azken batean, mendetasun guztientzako dira baliagarriak. Izan ere, ludopata edo alkoholiko batek sentitzen duena oso antzekoa da.
Zein da gehien erabiltzen den tresna?
Ordenagailu eramangarriak jauzi handia izan ziren, baina, egun, dena telefono mugikorretan dugu: erosketak, sare sozialak, jokoak, informazio guztia… Zein irteten da etxetik telefono mugikorrik gabe? Ni neu Errenteria-Oreretara bueltatu izan naiz Lasartetik telefono mugikorra hartzeko! Horixe da nomofobia gisa ezagutzen duguna: telefono mugikorra ondoan izatearen beharra. Eta horri gehitu behar diogu zerbait galtzeari dugun beldurra. Gazte zein heldu askok mendekotasuna dute, eta arreta berezia jartzea ezinbestekoa da.
Gaztetxoei dagokienez, noiz hasten dira teknologia berriak erabiltzen?
Bi eta hiru urte bitarteko haur askok euren gurasoek baino gehiago ezagutzen dituzte tabletak eta telefono mugikorrak. Baina, normalean, 11 urterekin hasten dira erabilera desegokiekin, eta une horretan sortu daitezke arriskuak. Egunero bost ordutik gora ematen badituzte teknologia berriekin, horrek esan nahi du arazo larri bat dagoela.
Zeintzuk dira teknologia berriekiko mendekotasuna duen gazte baten ezaugarriak?
Mendekotasunak, normalean, agertzen dira gabezia batzuk ditugunean. Izan daitezke nortasun arazoak, bakardadea, lotsa, segurtasunik eza, frustrazioak, harremanetarako zailtasunak… Gabezia horiek guztiak ordezkatzeko modu bat dira, adibidez, teknologia berriak. Ordenagailuko edo telefono mugikorreko pantaila, nolabait, gazteen laguna bilakatzen da, eta bere bitartez azaleratzen dituzte euren arazoak. Uste dute pantailak babesten dituztela, baina hor dago akatsik nabarmenena; arriskua handia izan daiteke, beste aldean ez dakigulako nor egon daitekeen.
Zeintzuk dira erabilera desegoki horien ondorioak?
Asko izan daitezke, baina, adibidez, teknologia berrien bidez, talde joko ugaritan parte hartu dezakete gazteek. Rol jokoak dira azkenaldian arrakasta lortzen ari direnak. Joko horiek gazteak motibatzen dituzte, baina eskatzen die uneoro parte hartzea. Horrek estresa sorrarazten die, eta euren egunerokoa aldatzen dute erabat. Gazte batzuk lagunekin ikusten ari ziren kontzertu batetik alde egin izan dute rol joko horietan parte hartu behar zutelako une horretan.
Gainera, mailak pasatzen dituzten heinean, dirua behar izaten dute, eta gurasoei kreditu txartelak lapurtzen dizkiete ordaindu ahal izateko. Badaude batzuk 20 ordu baino gehiago pantailaren aurrean ematen dituztenak. Ez dira garbitzen, ez dute jaten, euren lagunak alde batera uzten dituzte… Jokoak gaztea bereganatzen du.
Ziberbullyinga da beste arrisku bat. Ezagutu duzue norbait?
Ez, baina argi dago erasotzaileentzako bide erraz bat dela. Izan ere, edonor ezkutatu daiteke, esaterako, sare sozialetan. Gazteak fidatu egiten dira, eta ez dira ohartzen beste aldean dagoena arriskutsua izan daitekeenik. Etxean, eskolan edo kalean ez badute behar bat asetzen, teknologia berriak erabiltzen dituzte hutsune hori betetzeko, eta eremu horretan bere bizitza ezagutzera ematen dute.
Askotan ez da onartzen arazo bat dagoenik, ezta?
Hori da. Gure xede nagusia da mendekotasunari aurpegia jartzea, ikusaraztea, ez lotsatzea gai hauei buruz hitz egiterakoan. Aukera izatea gure egoitzara etortzeko, informazioa eta laguntza jasotzeko. Halere, oraindik, beldur hori dago, eta mendetasunak ezkutuan gordetzen dira; are gehiago, teknologia berriekin lotutakoak. Pentsatzen dugu inork ez duela mendekotasunik, baina jende ugari dago.
Gurasoak arduratuta daude?
Ez. Elkartera etorri zen duela gutxi 18 urteko gazte bat, bere ekimenez, teknologia berriekiko mendekotasuna zuela esanez eta laguntza eskatuz. Izan genuen bileran, gurasoek esaten zidaten ez zela hainbesterako. Gaztearekin hitz egin genuen, eta kontatu genion esperientzia batekin bat etorri zen, bera ere halaxe sentitzen zela. Bere burua prest ikusten zuenean, terapiara etortzeko esan nion, guk lagunduko geniola. Bada, hurrengo egunean, bere gurasoen deia jaso nuen. Esan zidaten pentsatzen ibili zirela, eta ez zela hainbesterako, eta gaztea ez zela terapiara etorriko. Harrituta geratu nintzen. Gazteak onartu zuen arazo bat zuela, baina gurasoek ez zuten onartu nahi, lotsagatik, ziurrenik.
Eta, ikastetxeetan, gaia lantzen dute?
Bai, arduratuta daude. Orain arte, hitzaldiak eskaintzen genituen. Azkenaldian, eskoletan lantzeko prebentzio plan bat osatu dugu. Halere, badirudi ikastetxe gehienek ez dutela horretarako denborarik.
Plan horren barruan, proposatzen dugu jarraipen bat egitea. Esate baterako, Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleekin bi saio egiten ditugu ikasturte osoan zehar, eta hurrengo mailetan –2., 3. eta 4.DBHn–, beste bi saio. Prebentzio plan txikia da oraindik, baina, behintzat, jarraipen bat dago. Duela gutxi, Santo Tomas Lizeoan egon ginen, eta astebetean lau saio eskaini genizkien. Drogak, alkohola eta teknologia berriak izan ziren hizpide, eta asmoa da hurrengo ikasturtean horrelako beste saio batzuk egitea.
Zein gomendio luzatzen dizkiezue ikasleei?
Proposatzen diegu ordenagailua egongelan jartzea eta pantaila ikusteko moduan egotea, tresna teknologikoak muga batekin erabiltzea (ordubete-ordubete eta erdi egunero)… Ezinezkoa iruditzen zaie, eta horrelakoak ez dituzte onartzen, ez dutelako uste arazo bat denik.
Zeintzuk izan daitezke arazo honi aurre egiteko irtenbideak?
Indartu behar dira harremanak, kirolak, talde jokoak eta saihestu bakardadea. Bestalde, komunikabideetan informazioa maizago agertzea komeni da, baita Donostiako Udalaren egitasmoaren antzekoak indartzea ere.
Gainera, prebentzioa oso garrantzitsua da, eta familia, eskola eta gizartea inplikatu behar dira horretan. Hezkuntzan, adibidez, egokiena izango litzateke curriculumean txertatzea jarraipena duten saioak, lanketa sakonago bat egin ahal izateko.
Denok gaiaren inguruan hitz egiten badugu, hausnarketa sustatu dezakegu eta arriskuetaz ohartu.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Kezkagarria. Datorkiguna oso arriskutsua da. Kontzientzia ez badugu hartzen, teknologia berrien mendekotasunak gizartea hankaz gora jarriko du.