Ayem Oskoz eta Axier Jaka. (Argazkia: EH Bildu)
Axier Jaka (Pasaia, 1984) Donostiako EH Bildu udal taldeko zinegotziak bere kargua utziko du hilabete honetan. Arrazoi pertsonalengatik utziko duela adierazi du, eta zinegotzi izan aurretik zuen lanbidera itzuliko dela. Aurrerantzean oinarrizko militante izaten jarraituko du. Haren postua beteko du
Ayem Oskoz donostiarrak.
Oskoz bederatzigarren postuan aurkeztu zen EH Bildu koalizioaren listetan, eta, uztailaren 20tik aurrera zinegotzi postua hartuko du.
Jakak aurreko legegintzaldian eman zituen lehen pausoak Donostiako Udalean zinegotzi gisa, Juan Karlos Izagirre alkate izan zenean. Ingurumen eta Partaidetza zinegotzia izan zen. Azaldu du garai horietan bizi izan zituela bere ibilbideko momenturik gogorrenak uholdeen kontuarekin. Bestalde, oposizioan egindako lanetik, metroaren alternatiba bezala proposatutako tren-bus proiektua nabarmendu du.