«Ez da Parte Zaharreko arazo bat, baizik eta hirikoa»
Amaia Almirall, EH Bilduko bozeramailea
«Donostiarren neurrira» egindako turismo eredu iraunkor eta alternatibo bat aurkeztu du EH Bilduk. Neurri zehatzak hartzeko unea orain dela uste du, saturazio arriskua handia baita. Etxebizitza eskubidearekin, turismo alorreko langileen lan baldintzekin eta turismoaren sustapenarekin lotutako berrogeitik gora neurri proposatu dituzue. Nola hasi zineten txostena lantzen? Jendearen kezkak eta kexak jaso genituen. Masifikazioak eta honek dakartzan arazoak areagotzen joan diren neurrian nabaritu genuen: pisu turistikoak, kalean antzematen den zarata eta saturazioa, ‘Ezin da ibili, ‘Ni jada ez noa Parte Zaharrera’… Diagnostiko azkar batean esan genuen, momentu estrategiko batean gaude, etorkizunari begira Donostiak zer nahi duen erabaki beharko dugu, eta hau konpartitu behar dugu. Diagnostiko hori herritarrekin eta sektorearekin batera egin behar genuen, eta hortik abiatu ginen iaz, zer nolako neurriak har daitezkeen pentsatzen. Eta beti, helburu batekin, bizi kalitatea bermatzea, hori izan behar da udalaren helburu nagusia. Guk EH Bildun diogu donostiarrak erdigunean jarri behar ditugula. Hori izan behar dela turismorako neurria. Hiriak zer jasan dezakeen, horixe da muga. Nork parte hartu du txosten honetan? Hasi ginen adituekin lanean. Unibertsitatean hainbat ikerketa egin dituztenekin, sektoreko profesionalekin, sindikatuekin… Herritarrak entzun ditugu, gure militanteak, auzo elkarteetan aritu direnak, ahalik eta herritar gehienenak. Ideia desberdinak jaso ditugu. Europako hainbat txosten ere kontuan hartu ditugu. Prozesu luze samarra izan da. Bueltaka hasi ginenetik urtebete pasa da jada. Halere, guk hau ez da proposamen definitibo bat. Ezbaian jartzen dugu, eztabaida sortu behar dela uste dugulako. Iritzi guztiak eta parte guztiak bildu behar dira. Hartu behar diren erabaki estrategiko horiek hartzeko kontuan hartu behar dira. Donostia bidegurutze batean dagoela diozue, orain dela neurriak hartzeko unea. Egiten bada barra libre bat eta soilik zenbakietan oinarritzen den eredu bat, zenbat ohe okupatzen diren begiratu eta donostiarrek egoera hau nola bizi duten begiratu gabe… Are gehiago, turistek beraiek ere euren egonaldia nola bizi duten jakin gabe… Etorkizuna kaotikoa izango da. Eta hori beste hamaika hiritan ikusia dago jada. Orain da momentua erabakiak hartzeko. Badirudi denok ados gaudela, turismoak sostengarria izan behar duela. Eta hori nola lortzen da? Ba neurriak hartu behar dira, mugak jarri. Bestela… Turismoaren inguruko kezka ez da modu berean bizi udalean. Oraindik ez dugu proposamen zehatzik, baina badirudi udal gobernuak arazoa barreiatu nahi duela, etxebizitza turistikoen inguruan amnistia orokor bat egin ia Donostia osoan. Eta horrek zer ekarriko du? Arazoa zabaldu egingo da, baina ez da konponduko. Mugak jarri beharrean, arazoari bide emango diote. Horregatik da beharrezkoa erabaki estrategikoak hartzea. Etxebizitza eta elkarbizitzarekin lotutako arazoak areagotu egingo dira. Ulertu behar da hau ez dela Parte Zaharreko arazo bat, baizik eta hiriko arazo bat. Proposamen integral bat egin duzue, turismoak eragiten duen esparru guztiak kontuan hartuta. Turismoa bera, kultura, etxebizitza, mugikortasuna, zerbitzuak… Hartzen diren erabakiak eta beti egon behar dira integraltasun horretan oinarrituta. Zer gertatzen da euskararekin? Eta mugikortasun sistemarekin? Zein da momentu honetan arazo larriena? Non jokatu behar da azkar? Etxebizitzan, adibidez. Egin behar dena da araudia bete. Ez dagoela erregulatuta diote, baina badago. Has gaitezen dagoena egiten, hori jada gure esku dagoelako. Eta iruditzen zaigu zonifikazio batean pentsatzen hasi behar dugula. Turismoaren arazoak hiri osoari eragiten dio, baina ez modu berean. Orain uda betean sartuko gara. Indarkeria matxista egunotan albiste da, eta ez dugu albiste izatea nahi. Batzuk nerri txikiak dira, beste batzuk handiagoak. Iruditzen zaigu norberak bilatu behar duela bere eremua, eta eremu horretan ongi jasoa dagoen egin beharrekoa. Turismoaren behatoki bat aktibatzea eta koordinazio mahaia egotea garrantzitsua dela uste dugu. Adibidez orain udal gobernuak proposatu du Aste Nagusia eta Su Artifizialen Lehiaketa interes turistikoko ekitalditzat jotzeko. Zein interes du jende gehiago etortzea, noiz eta abuztuan, noiz eta Aste Nagusian. Ez da inor gehiago kabitzen… Zergatik ez da planteatu beste ekitaldi batzuk indartzea? Kilometro zero politikak egin nahi ditugu. Hemen aplikatzea ezinbestekoa da. Udaz kanpoko eskaintza areagotu behar da lan baldintzetan iraunkortasun bat lortzeko. Esan eta egin behar da. Turistifikazioaren inguruko kezka gehiegizkoa dela uste dute batzuek. Zuek zer iritzi duzue? Kontua da. Non gaude eta nola gaude? Oso argi dago zonalde batzuk saturazioan bizi direla, eta hori errealitate bat da. Zonalde horiek oraindik mugatuak dira, baina zabaltzen ari dira. Altzan eta Intxaurrondon ez dago masifikaziorik; hori objetiboa da, egia da. Baina objetiboa ere bada Bartzelonan garai batean pentsaezina zela hainbat zonalde saturatzea. Lau auzotan bizi diren lehengusuak ditut han. Beraiek ere ez zuten pentsatzen egoera horretara iritsiko zirenik. Nik neuk ere autobuseko 13. linean ikusten ditut turistak, eta ez dakit nondik datozen. Mugak eta neurriak ez baditugu hartzen areagotzen joango da. Euskal Herrian turismo gehiago jasan daiteke? Zonaldeen arabera, ziur baietz. Adibidez, hemen San Sebastian Region delako estrategia sustatzen da. Eta guk bilatzen dugunaren aurkakoa da. Gipuzkoara bideratu nahi duzula turismoa? Ongi, barnealdeko herri askok eskertuko dute. Baina orduan ez jarri fokua San Sebastian markan. Kalkulatzen da egun bateko 2 milioi bisitari daudela. Baina nora doaz hauek? 365 egunetan zatitzen baduzu, 6.000 bisitari dira. Eta horiek dira gutxi gora behera Parte Zaharreko bizilagunak. Oso metro koadro gutxitan kontzentratzen dira turistak. Eta hori errealitate bat da. Gainera, ez badira neurriak hartzen, gero eta gehiago pilatuko dira. Sare sozialetan, iritzi artikuluetan… Donostia parke tematiko bihurtzeko arriskuaz gero eta gehiago hitz egiten da. Indarra jarri behar dugu jendea goxo egon dadin. Has gaitezen Donostiako neurria eta donostiarren neurria hartzen. Gehienbat, pribatutik zein publikotik egiten diren jarduerak donostiarrei begira egiten has gaitezke. Frantzian askoz hobeto egin dute. Zuk ez duzu muntatu behar antzerki bat pentsatuz etorriko direla turistak eta gozatuko dutela horrekin. Zuk egin behar duzu udako egitarau hori hiritarrengan pentsatzen. Eta berdin jokatu jatetxeko menuarekin. Hori da filosofia. Adituek asko insistitzen dute honetan. Ez da gure harrikada. Nortasuna mantendu behar da. Zer da Donostia? Nolako hiria izan dugu eta nolakoa nahi dugu izatea etorkizun gertu batean? Beti bizi izan gara turistaz inguratuta, baina hau berria da. Etxebizitzan gero eta eskaintza gutxiago dago, urrezko sukarra ematen ari da. Jendeak ezin du disfrutatu bere betiko espazioan eta bere betiko moduan. Hiriak kanporatu egiten zaitu. Hori da gentrifikazio prozesua. Ez da modu egoista. Zure hirian benetan gustura bazaude, besteak etorriko dira, eta disfrutatuko dute horretaz. Bestela parke tematiko bat da, arimarik gabeko hiria. Hiriari arima jendeak ematen dio. Tasa turistikoa jartzea da proposatzen duzuen neurrietako bat. Tasa turistikoa onuragarria da. Beste neurri bat da. Baldin eta diru hori hirian gelditzen den. Hiriak gastu asko asumitu behar ditu ez ohikoak direnak: Garbitasuna, mugikortasuna… Tasa horretan bidutako diruarekin lortzen duzu horretan inbertitzea. Turismoak balio behar du birbanatze bat egiteko. Jasotzen den onura ekonomiko hori hiri osoa hobetzeko. Zaindu behar ditugu zentroko loreak, bai. Baina ez bakarrik horiek. Bestela zonalde batzuk itxurosoagoak egongo dira, besteen kalterako. Ikuspegi hori oso garrantzitsua da. Zuk zeuk nola bizi duzu turismoa? Betiko taberna bat ixten duten bakoitzean dardarka hasten naiz. Disgusto bat baino gehiago hartu dut oso denbora gutxian. Betidanik asko ibili naiz Parte Zaharrean. Pare bat kale geratzen dira liberatuak, baina… Saiatzen zara auzoaz gozatzen, baina azkenean ohiturak aldatzen dituzu eta madarikazioka bukatzen duzu. Kezkaz ikusten dut, eta kezkatuta nago, ez dakit nire semeek aukera izango duten Donostian bizitzeko eta lan txukun bat lortzeko.