Zinema, kontzertuetarako aretoa, eta entsegu lekua izan zen. Orain, kolokan dago Arte Ederretako antzokiaren etorkizuna. Ramon Kortazar da egilea, hiriko hainbat diseinuren arduraduna, Antonio aitarekin batera.
(Argazkia: Guregipuzkoa.eus)
Asko izan dira historian barrena Donostiak izandako zinema aretoak: Dunixi, Savoy, Miramar, Novelty, Astoria, Rex, Garbera, Actualidades, Petit Casino… Horiek denak desagertu egin dira, eta gaur egun Sade enpresarenak dira hirian bizirik dirauten areto apurrak: Antiguo Berri, Principe eta Trueba. Hain zuzen, Sade bera da azken urteetan protagonista izaten ari den eraikinaren jabea ere: Arte Ederren jauregia. Zinema izateko jaio zen hura ere, hiriko lehen zabalgunea ixten zen lekuan, baina beste hainbat erabilera izan zituen. Adituek argi dute mantendu beharreko ondare guztiz baliotsua dela, baina «borondate politikoa» falta dela diote. Eraikina bota eta hotela edo etxebizitzak egiteko erabili nahi dute jabeek.
Arte Ederretako eraikina Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen (Donostia, 1869-1945). Hain zuzen, bere aita Antonio Kortazar izan zen hiriko lehen zabalgunearen arduraduna, eta aita-semeek sortu zituzten hiriburuko eta lurraldeko beste hainbat eraikuntza. Esaterako, zinema areto gehiago ere diseinatu zituen Ramonek: Miramar, 1913an (eraitsia) eta Printzipe antzokia, 1922an. Arte Ederrak inauguratu zuten 1914ko irailaren 12an, eta 1982an itxi zuten zinema gisa. Ondoren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Donostiako Orfeoiaren entsegurako lekua ere izan zen. Hustu egin zuten gerora, eta biltegi gisa erabiltzen du Sadek gaur egun.
Duela urte gutxi, sare bat jarri zioten kanpoaldean, harriren bat eror zitekeelakoan: «Hiru arkitektura txostenek diote ez dagoela urri egoeran. Kontserbazio obrak eginez, guztiz errekuperatu daiteke», dio Ancora elkarteko Montse Fornells historian katedradunak. Hiriko arkitektura ondarea babesteko lan egiten du Ancorak, eta gaiarekin oso kezkatua dago: «Jendetza joaten zen orduan zinemara, eta Kortazarrek Parisko Gaumont zinemaren antza zuen eraikuntza diseinatu zuen. Hormigoi armatuzkoa da, baina behekaldean harria erabili zuen, zabalguneko gainontzeko eraikinekin bat egiteko. Bere garaian lehen mailako eraikina izan zen, eta Donostiako arkitektura obra garrantzitsuenen artean dago. Gainera, Espainiako zinemarik zaharrena da».
Kontua da eraikina babes maila galtzen joan dela, urteen joan etorrian: «Zinemak negozio izateari utzi zion, eta jabeak higiezinen negozioa nahi zuen. 2013an jakin genuen babesa kendu ziotela Hiri Ondarearen Plan Berezian. Horrela, baimendua egongo litzateke eraikina bota eta berreraikitzea». Orduan hasi zen mugitzen Ancora, eta hainbat jardueren artean, Euskadiko ondare gisa izendatzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, eta Arartekoari laguntza eskatu ostean, eta Unesco bideratzen duen Icomos elkarteak ere eskua sartuta, informea zabaltzea eta babesa ematea lortu zuten, 2015ean. Jabeek orduan salaketa jarri zuten, hori horrela izanda, ezin zutelako euren nahia bete.
«1999an, udalak Saderi esan zion fatxada berritzeko. Sadek ezetz esan zuen eta udalak bere kontu egin zuen, baina dirua eskatu zion epaitegietan Saderi. 2015ean Sadek hori erabili zuen salaketa jartzeko, eta epaileak eskatu zion ondare babesaren espedientea irekitzeko, 1999ko ez zelako kontuan hartu. Jaurlaritzak orduan dio hobe dela dena horrela uztea. Iraungitzen utzi nahi dute, horrela, Sadek edozein erabilera emateko. Lotsagarria da. Hiriko ondarea gutxiestea da», salatu du Fornellsek.
Udalak dio lanean ari direla azken epaiaren ondoren, babesa eta erabileraren arteko oreka topatzeko: «Udalak ez du Saderekin akordiorik. Hitz egiten ari gara, baina etxebizitzena ezin liteke esan, gaur gaurkoz behintzat».
Ancorakoen nahia da Saderi beste eraikinen bat ematea eta Arte Ederretakoak kultur erabilera izatea: «Proposatu dugu Zinemaldiaren museoa izatea edo Orfeoiari ematea. Irtenbideak asko izan daitezke».