Txikitatik izan da realzalea; jubenil mailan hasi zen txuri-urdinez jokatzen, eta hamabosgarren denboraldia du klubean. Pribilegiatua sentitzen da kapitaina, egin duen ibilbidearengatik.
Xabi prieto; Realeko jokalaria.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Irribarretsu jaso du Irutxuloko Hitzaren bisita Xabi Prietok (Erdialdea, 1983). Hitz gutxiko gizona da, serioa, eta beti lanerako prest dagoen horietakoa. Bere azken denboraldia izan daiteke aurtengoa Realean, eta azkena balitz bezala biziko duen arren, ez du horretaz gehiegi hitz egin nahi. Indartsu dagoela dio, eta bizipen berriak izateko gogoz.
Denbora behar izan duzu azken erabakia hartzeko. Baina, azkenean, beste denboraldi batez jarraituko duzu. Zein da arrazoia?
Kosta zitzaidan, bai, erabakia hartzea. Denboraldian zehar ikusi nahi nuen ea nola nengoen bai fisikoki eta bai buruz. Egia esan, azken denboraldia izango zela pentsatzen nuen, baina, gustura nengoen zelaian, asko gozatu nuen, Europan sartzeko aukera ere hor genuen… horren ondorioz erabaki nuen beste urtebetez jarraitzea.
Nola zaude denboraldi hasiera honetan?
Gustura nago eta ilusio handiz. Denboraldi berri bat da, eta Europan jokatzeko aukerak puntu bat gehiago ematen du, gogoz etortzeko eta esperientzia berriak bizitzeko.
Zein da zure aurtengo erronka nagusia?
Gehienbat, egunerokoan gozatzea. Gero, beti esan dut, nire ametsa Realarekin zerbait irabaztea dela. Azken aukerak dira eta badakit oso zaila dela, baina talde benetan ona daukagu eta ea zerbait egiteko gai garen.
Zure azken urtea izango da Realean?
Ez dut gehiegi hitz egin nahi horri buruz, iaz ere azkena izango zela pentsatzen nuelako. Posible da eta horrela hartuko dut. Egunerokoan gozatuko dut, azkena izango balitz bezala, eta martxoa inguruan hartu beharko dut erabakia.
Taldea zer moduz dago?
Lesio dezente ditugu eta jokalari gazte asko. Ea pixkanaka errekuperatzen doazen eta denek elkarrekin jokatzeko aukera dugun .
Europako azken esperientzia ez zen ona izan, duela bi urte, Krasnodarren…?
Aurten, zorionez, ez dugu kanporaketarik jokatu behar Europan aritzeko, zuzenean goaz. Europako Liga ez dugu zuzenean ezagutzen, baina uste dut talde polita dugula aurrera egiteko. Ea gai garen jendea ilusionatzeko eta guk ere gozatzeko.
Realean bizipen ugari izan dituzu. Zer izan zen Bigarren Mailan jokatzea?
Hasieran oso gogorra izan zen. Gehienbat lehen urtean, eskuetan izan genuen berriz ere Lehenengo Mailara itzultzeko aukera, baina Gasteizen bost minututan galdu genuen aukera hura. Bigarren urtea ere gogorra izan zen, nahiko goiz aukerarik gabe geratu ginen. Hirugarren urtea oso ona izan zen. Nahiz eta ondo ez hasi, gero taldeak sekulako denboraldia egin zuen, aurreneko postuan egon ginen denbora askoan eta berriz ere zaletuen eta taldearen harremana berpiztu egin zen. Azkeneko partida hura, Celtaren aurka, zelaia beteta, Anoeta kanpoan ere milaka pertsona… ikusgarria izan zen, eta bizi izan dudan momenturik onenetakoa.
Bereziki garai hartan eskaintzak izan zenituen beste klub batzuetara joan eta Lehen Mailan jokatzeko. Ez duzu sekula zalantzarik izan?
Beti argi ikusi dut nire burua nire klubean, nire etxean, nire familia eta lagunengandik gertu. Inoiz ez dut ikusi neure burua beste kamiseta batekin.
‘One club man’ zure bereizgarria bihurtu da aspaldian. Gogoko duzu?
Bai, gustatzen zait, baina aukera hori eman behar dizute taldeek. Hor ditugu Markel Bergara, Mikel Martinez eta Ion Ansotegi. Seguru beraiei ere gustatuko litzaiekela beraien ibilbide osoa hemen egitea, eta ezin izan dute. Alde horretatik pribilegiatua sentitzen naiz, klubak eskaintza hori egiteagatik. Oso pozik nago.
Eta zein iritzi duzu harrobitik atera eta beste klub batzuetara joan direnetaz?
Bakoitzak bere bidea aukeratzen du, eta errespetatu beharra dago. Dena da posible futbol munduan, eta batzuek ikusten dute beharbada hemendik kanpo diru gehiago irabazteko aukera dutela edo beraien maila igotzeko aukera dutela.
Realeko mitoen pare zabiltzala ohartu zara? 500 partida jokatzeko zorian, Realaren historian gutxi iritsi dira zenbaki horretara.
Esaten didatenean ia 500 partida jokatu ditudala, beldur pixkat sentitzen dut. Partida asko dira eta oso azkar pasa zaizkit hamabost urte hauek. Seinale ona da. Entrenatzaile guztiek nigan konfiantza handia jarri dute eta asko eskertzen dut.
70 gol inguru sartu dituzu txuri-urdinez, gordea duzu batenbat bereziki?
Bai! Nire lehenengo golak; Real Madrilen aurka Bernabeun, 1 eta 4 irabazi genuenekoak…
Entrenatzaile asko ezagutu dituzu. Denek eman dizute zerbait? Baten bat bereziki oroitzen duzu?
Denengandik gordetzen dut zerbait. Azken finean, denbora asko igarotzen dugu elkarrekin; batzuekin emaitza hobeak izan ditugu, eta, beste batzuekin, txarragoak, baina uste dut denak etortzen direla oso jarrera onarekin, taldearekin lan egiteko gogoz, eta denekin izan dut harreman ona. Batekin geratzekotan, Roberto Olabe aipatuko nuke, bere jakintasun mailarengatik eta berarekin egin nuen harremanarengatik.
Txikitatik realzalea izanda, zer izan da zuretzako kapitaina izatera iristea?
Poztasun handia. Bost urterekin hasi nintzen Atotxara joaten aitarekin eta osabarekin, eta pentsatzen nuen ea gai izango nintzen inoiz hor jokatzeko, Realeko kamisetarekin. Urteak pasa ahala hori lortzea eta hainbeste aldiz jokatzea besoan ikurriña jantzita… oso polita da, amets bat betetzea.
Zer esan nahi du zuretzat 10 zenbakiak?
Egia esan, Bigarren Mailan geundenean, presidenteak esan zidan 10 zenbakia eraman behar nuela, erantzukizun handiagoa hartzeko. Zenbakien kontuarekin ez naiz sekula oso superstiziosoa izan.
Zer eman dizu Realak? Eta zuk klubari?
Realak dena eman dit. Nire lanbidea egiteko aukera, halako erraztasunarekin eta ilusioarekin. Hamabost urterekin sartu nintzen Realean, jubeniletan, eta hortik aurrera egunerokoan beti egon naiz Zubietan. Bizimodu lasaia eta erosoa izateko aukera eman dit Realak.
Nik Realari ez dakit zer eman diodan… batzuetan puntuak! Beti saiatu izan naiz lana ongi egiten, eta jendeari jakinarazten zer suposatzen duen Realeko kamiseta eramateak, bai zelaian eta bai zelaitik kanpo.
Nola ikusten duzu kluba orokorrean?
Uste dut oso momentu onean dagoela. Zubietan sekulako instalazioak dauzkagu, talde indartsuenak kenduta, uste dut besteen pare gaudela.
Anoetako obrak egin eta atletismoko pista desagertzea ere iruditzen zait denek eskertuko dugula. Bukatzean, seguraski zaletu gisa egongo naiz, eta gozatuko dut.
«Edozein momentutan jaisten naiz bainu bat hartzera»
Erdialdean bizi zara, baina ba al duzu Donostian bereziki gogoko txokorik?
Bai, asko. Kontxa hondartza etxetik gertu daukat, eta edozein momentutan jaisten naiz bainu bat hartzera; bizitza ematen dit.
Hiru seme ere badituzu. Futbolean sartzea nahiko zenuke?
Beraiek erabaki dezatela. Egin dezatela zoriontsu egiten dituena. Momentuz, zaharrenak 5 urte dauzka eta asko gustatzen zaio futbola. Gustura ikusten ditugu elkarrekin partidak telebistan, baina, esan bezala, egin dezatela nahi dutena.
Zeinekin eman zenituen lehen ostikadak futbolean? Gogoan duzu momenturen bat?
Oroitzapen asko datozkit, baina, garbiagoak, hondartzan jokatzen genuenean, ikastolarekin, Santo Tomas Lizeoarekin. Zelaiak marrazten genituen, ateak eta gainontzeko guztia jarri… oso urduri egoten ginen, lehenengo partidak zirelako. Oso oroitzapen politak ditut, betiko lagunekin jolasten.
Zein zaletasun dituzu?
Kirola asko gustatzen zait, baina, zoritxarrez, ez daukagu denbora asko beste kirol batzuk egiteko. Bestela, txikiekin denbora pasatzea gustatzen zait. Beraiek lo daudenean, pixka bat irakurtzen dut, pelikularen bat ikusi… baina zinemara joateko aukera bukatu zait.
Bidaietan zer egiten duzu?
Beti daramat libururen bat gainean. Hala ere, hegazkinean beti aritzen gara taldekideen artean hitz egiten; horrela pasatzen dugu denbora.
Zelaira atera aurretik edo partiden egunetan baduzu maniarik, ohiturarik?
Ez dut ezer berezirik egiten. Beti gustatzen zait berdina bazkaltzea eta afaltzea partiden aurretik edo ondoren, gustura sentitzen naizelako.
Gogoko duzu aurtengo kamiseta?
Ikusi nuenean, lehenengo kolpean, ez zitzaidan asko gustatu. Orain, jada jantzi dugula eta berarekin jokatu dugula, gero eta gehiago gustatzen zait. Azken finean, kamisetaren garrantzitsuena armarria da. Seguru nago urte bukaeran denei gustatuko zaigula.
Di-da batean
Partida bat. Bigarren Mailako igoeraren partida, Celtaren aurkakoa.
Momentu bat. Manchesterren jokatu genuenekoa ere oso polita izan zen. Realeko hainbeste zaletu ikustean han… hotzikarak eta dena sentitu nituen.
Jokalari bat. Ez naiz oso originala izango, Messi esango dut. Inoiz ikusi dudan jokalari onena da, zalantzarik gabe. Bera ikusten asko gozatzen dut.
Realean jokatu ez bazenu… Suposatzen dut, nire lagunak bezala, bankuren batean lan egingo nukela edo beste enpresaren batean. Enpresaritza ikasten hasi nintzen, eta ez nuen bukatu. Gasteizen Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako gradua ikastekoa nintzen, baina Realean hasi nintzenez, ezin izan nuen Gasteizera joan. Ez dakit non egongo nintzatekeen egia esan.