Udalaren kanpainaren kartela.
Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak indarkeria sexistaren kontrako jaietarako kanpaina aurkeztu du.
Ez ezetz da! lemapean hainbat jarduera iragarri dituzte Aste Nagusirako eta Euskal Jaietarako.
Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, kanpainaren helburua herritar guztiak indarkeria matxistaren aurkako borrokan sentsibilizatzea da. Horretarako, hainbat erabaki hartu ditu Berdintasun sailak.
Jaietan informazio gidak banatuko dituzte, neskei eta mutilei hainbat mezu helarazteko. 20.000 liburuxka banatuko dituzte jai guneetan. Horretaz, berduntasun, autodefentsa eta indarkeria sexistaren kontrako gaietan espezializatutako dinamizatzaile zein hezitzaileak arduratuko dira. Bestalde, Aste Nagusian pankarta bat jarriko dute udaletxean.
Material informatiboa ere banatuko du udalak, herritarrek jakin dezaten eraso sexista bat ematen bada nola jokatu, eta jakiteko zein baliabide publiko dauden emakumeen eskura. Hain zuzen ere, 80.000 ale banatuko dituzte hiri osoko buzoietan, gida berezitu bat Dbus konpainiako gidariei eta taxi gidariei, eta jarduera protokoloa nahiz sentsibilizatzeko materiala Erdialeko eta Parte Zaharreko 180 tabernatan zein Sagueseko txosnagunean.
Informazio gunea
Abuztuaren 12tik 19ra eraso sexisten kontrako informazio gune bat jarriko du udalak Bulebarrean. 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 22:30era egongo da zabalik. Bestalde, erantzukizuna sustatzeko jarduera batzuk ere egingo dituzte. Esaterako, 500 iman eta 5000 eskumuturreko banatuko dituzte. Sare sozialetan ere kanpainari jarraipena emango dio udalak. Horretarako abian jarri dute kanpainaren
webgunea.