"Zenbat eta gehiagok jakin, orduan eta handiagoa izango da erabiltzeko aukera"
Irene Gil Legarra, euskara teknikaria donostialdeako ESI-n
Euskara Osakidetzan zein egoeratan dagoen aztertzeko asmoz, Bagera elkarteak Irene Gil Legarra gonbidatu du irailaren 12an egingo duten ‘Euskaraz bai sano!’ solasaldira’. Euskaraz bizitzeko eskubidea Whatsapp eta sare sozialetan bueltaka ibili da. Hiru urteko neskato baten gurasoek, euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela, eta horren ondorioz, gaixo zegoen neskak ospitaletik alde egin behar izan zuela salatu zuten. Ordu gutxiren buruan, Osakidetzak informazio hura ezeztatu zuen. Zaila izango da benetan gertatutakoa jakitea, baina argi dago, euskararen erabilera esparru publikoan gai polemikoa izaten jarraitzen duela, baita osasun zerbitzuetan ere. Ildo honi jarraiki, Bagera Elkarteak Euskaraz bai Sano! solasaldia egingo du hurrengo asteartean, San Telmo Museoan (19:00). Irene Gil Legarra Donostialdeako ESIn euskara teknikaria da, eta ekitaldiko hizlari nagusia izango da. San Telmon egingo duzuen solasaldia ‘Donostia bai Sano!’ du izena, sasoian ahal dago euskara Osakidetzan? Ohituta gaude sano hori osasunarekin lotzen, baina euskaraz baditu beste esanahi batzuk: asko, natural… Nahiago izaten dugu euskara azken horien zentzuan erabiltzea, gaixotasunen edo birusen zentzuan baino. Profesional elebidunen kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan, Euskara Planak ba al du zerikusirik? Bai, badu. Bi Euskara Plan ezarri dira Osakidetzan: lehena 2005etik 2011ra garatu zen, eta bigarrena da orain garatzen ari garena. Planek epe ertainerako helburuei begira jartzen gaituzte, neurriak proposatzen dituzte, ebaluazioak aurreikusi… gero benetako egoeretara egokitu beharra dago, baina beharrezko oinarriak dira. Zeintzuk dira, ordea, gabezia nagusiak? Ez dut uste alde handia dagoenik Osakidetza eta gainerako administrazioen artean: ezaguera maila handitu behar da eta erabilera sustatu. Bietan eragiten saiatzen gara, gaitasunean eta motibazioan. 45 urte baino gutxiagoko erizainen kasua esanguratsua da, %80k hizkuntza eskakizuna ziurtatuta du, Alde handia dago zerbitzu batetik bestera? Bai, aldea dago, baina orokorra da gertatzen ari den langileen berritzea, eta denborak aurrera egin ahala gora doa egiaztapen maila. Neurri handi batean planaren derrigortasun daten sistemari zor zaio hori. Elebidun plaza guztiak betetzen dira? Plangintzaren erdian gaude eta % 70aren bueltan gabiltza, espero dugu aurrerantzean halako progresioan jarraitzea. Batzuen aburuz, gaixoekin harremanik ez duten profesionalek ez dute zertan euskaraz jakin behar, ados zaude? Gurea bezalako erakunde batean, proportzioan, oso gutxi dira gaixoekin inolako harremanik ez daukaten langileak, baina horrek ez du esan nahi ez dutela zertan euskaraz jakin. Beste langileekin izango dute harremana, ezta? Ahoz edo idatziz, telefonoz edo aurrez aurre… Euskara Planak langile guztiei eragiten die, ez maila berean, baina guztiei. Elebidunak gero eta gehiago izateak, euskararen erabilera zabala bermatzen du? Bermatzen duena da erabilera ere gero eta zabalagoa izan daitekeela. Ez dakienak ez du inoiz erabiliko. Zenbat eta gehiagok jakin, orduan eta handiagoa izango da erabiltzeko aukera. Gure lanaren zati handi bat horretara dago bideratuta, dakiten horiek «hitz egiten jartzera», dagoen ezaguerari etekina ateratzera. Erabileran faktore erabakigarrienetako bat arduradunen papera dela esango nuke. Erabiltzaile euskaldunek oztopo handiak dituzte? Azken urteotako bilakaera ikusita, esan dezakegu oztopoak gero eta gutxiago direla, eta gero eta txikiagoak. Hala ere, badakigu oraindik ez daukagula beti eta egoera guztietan behar bezala erantzuteko gaitasunik. Bagerak jardunaldiaren aurkezpenean dioen bezala, «Aurrerapauso handiak eman dira, lan handia dago egiteko». Ari gara. Errazagoa da euskaraz artatua izatea anbulatorioan ala ospitalean? Datuek diote ezaguera maila altuxeagoa dela osasun zentroetan, baina ospitalean ere egoera asko hobetu da azken urteotan, pazienteei egindako inkestetan balorazio onak ari gara jasotzen. Helburua da esparru guztietan bermatu ahal izatea arreta euskaraz, bai lehen mailan baita arreta espezializatuan ere. Nolakoa da euskararen erabilera Donostiako osasun zerbitzuetan? Hor bi erabilera esparru bereizi beharko genituzke: zerbitzu-hizkuntza –erabiltzaileekiko harremana– eta lan-hizkuntza –langileen arteko harremana–. Bigarren horrek lanketa sakonagoa eskatzen du, tarte handia dago hobetzeko: lan-taldeak, bilerak, aplikazio informatikoak eta abar. Horietan gaztelania da nagusi. Auzoei begira, ba al dago nabarmendu beharreko osasun zentrorik? Zentro guztiekin egin dugu lan, arduradun guztiekin egin ditugu bilerak eta guztiei eman zaie Euskara Planaren eta eragiten dien neurrien berri. Zentro batean, Egiakoan, lanketa berezia egin dugu: Gertu programa. Horrek aukera eman digu zentroa bertatik bertara ezagutzeko, beharrak identifikatzeko, prestakuntzan sakontzeko eta motibazioan eragiteko. Gainerako osasun zentro guztietan ezartzea da gure asmoa. Zergatik da garrantzitsua euskararen normalizazioa osasungintzan? Garrantzitsua delako ahalik eta kalitate goreneko zerbitzua ematea; hori da, hain zuzen ere, erakundearen helburua. Kalitatezko zerbitzuaz hitz egiten denean, askotan aipatzen dira pazienteenganako enpatia, konfiantza, gertutasuna… Ukaezina da horietan guztietan hizkuntzak daukan garrantzia. (Testua: Hegoi Belategi)