Hiru urte pasa dira Garoa liburu dendak Osoigo izeneko egitasmoa abiatu zuenetik. Komunikazio politikoa ardatz, politikarien eta herritarren arteko elkarrizketak zabaldu nahi ditu.

Osoigok antolatutako solasaldi bat, Donostiako alderdietako ordezkariekin.
Politikarien eta herritarren arteko zubi lana egiteko sortu zen Osoigo plataforma, 2014ko irailean. Garoa liburu dendak sortutako proiektua da Osoigo, eta, gaur egun Zarautzen du egoitza. Komunikazioa ardatz hartuta politikagintza herritarrengana hurbiltzeko ahalegina egiten dihardu hiru urtez. Aurten egindako lana aitortu diete The Napolitan Victory Awards sariek; lehiaketa irabazi ez badute ere bederatzi, onenen artean geratu dira.
Eneko Agirre Osoigo plataformako kidea joan zen sari banaketaren sari banaketara, AEBetara. Agirrek kontatu du hirugarren batek proposatuta aurkeztu zirela sarietara: “Bederatzi egitasmo zeuden izendatuta gure kategorian”. Irabazi ez badute ere, «sari nahikoa» jaso dutela uste du Agirrek: “Sari banaketaren galara joate hutsa sari bat izan zen niretzat”. Gainera, bidaia baliatu zuen Agirrek sarien harira antolatutako jardunaldietan parte hartzeko: “Komunikazio politikoaren guruak ezagutzeko aukera izan nuen”.
Hiru urte hauetan egindako lana aitortu diote Osoigori, eta pozik daude arduradunak lortzen ari diren emaitzekin. Izan ere, Espainiako 640 politikari inguruk hartu dute parte Osoigo plataforman; eta herritarrek 20.000 galderatik gora egin dituzte. “Orain arte oso emaitza onak izan ditugu eta gustura gaude”, azaldu du Xabi Murua Osoigoko kideak.
Galderak eta erantzunak
Orain arte galderen eta erantzunen bitartez funtzionatu du plataformak. Esaterako, norbanako edo elkarte batek galdera bat proposatzen du politikari batentzat, eta galderak lortzen duen babes kopuruaren arabera politikariari iristen zaio ala ez. Politikariarengana iristeko adina babes jasotzen badu, politikariak hamar eguneko epean erantzun behar du.
Irailean plataforma berritua aurkeztu nahi dutela jakinarazi du Muruak. Galderez eta erantzunez gain “akzioa” ere sartu nahi dute: “Horrela, alderdi politikoak galderaren zain egon gabe beraiek ere aktiboak izatera bultzatu nahi ditugu”. Bestalde, elkarte eta kolektiboen parte hartzea bultzatu nahi dutela azaldu dute, haien hitzetan beraiek direlako politikan benetako aldaketak egotea ahalbidetzen dutenak.
Xabi Murua, Osoigoko kidea: “Donostiako alderdi guztietako ordezkariak daude Osoigo-n”

Xabi Murua, Osoigoko kidea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Ba al dago Osoigo plataforma gehiago erabiltzen duen alderdirik?
Une honetan uste dut 48 alderdi politiko daudela Osoigon, kolore guztietakoak. Madril aldea da agian aktiboena. Podemos-ek asko erabili du plataforma, baina baita PP, PSOE edo Ciudadanos-ek ere.
Eta Donostiaren kasuan?
Eneko Goiak galdera dezente erantzun ditu, alkate den aldetik hala tokatu zaio. Dena den, beste hainbat zinegotzi ere aktiboak dira; esaterako, EH Bilduko Olaia Duarte, PPko Miren Albistur eta PSE-EEkoren bat ere aritu da.
Zein eztabaida egon dira Osoigon Donostiaren inguruan?
Nahiko parte hartze handia dago Donostian, nahiz eta datu zehatzik ez dudan. Egia da udaran parte hartzeak behera egiten duela nabarmen, baina urtean zehar hainbat gairen inguruan galdetu zaie politikariei; batez ere, hauteskunde garaian. Dena den, handik kanpo ere egon dira eztabaidak, zezenketen ingurukoa esaterako. Gaur egun Donostiako alderdi guztietako ordezkariak daude Osoigon.
Politika egiteko modua aldatzeko tresna izan daiteke Osoigo?
Gustatzen zaigu esatea komunikazioan eragiten ari garela, nahiz eta oso denbora gutxi daramagun. Gure helburua hainbat gauza ezbaian jartzea da:?Esaterako, gaur egun politika zein denboratan egiten den, nola hartzen diren erabakiak edo herritarrak kontuan hartzen diren ala ez. Osoigon erantzun landuak osatu behar izaten dituzte politikariek; erantzunak ez dira sare sozialetan ematen dituztenak bezalakoak izaten.
Zertan laguntzen du Osoigok?
Donostian esaterako egon dira erabaki batzuk azken aldian azkar hartu behar izan direnak, eta uste dut une honetan ez dagoela espaziorik halakoez hitz egiteko, Osoigok espazio hori bete nahi du.
Zein erabaki?
Parte Zaharreko Orixe ikastetxea dela-eta sortu den polemika izan daiteke adibide bat; baina baita turismoa edo Piraten afera ere.
Eta uste duzu Osoigok ahalbidetu behar duela espazio hori?
Bai, zalantzarik gabe. Osoigon galderak eta erantzunak bilatzen ditugu baina foroak eta eztabaidak ere antolatzen ditugu halako gauzen inguruan politikariek eta herritarrek esateko dutena entzuteko, horretarako daukagu Agora deituriko atala. Gainera, erantzun landuak ematen dituzte politikariek eta hamar egunen barruan erantzuteko konpromisoa hartzen dute, nahiz eta batzuetan gehiago luzatzen diren. Adibidez Donostiaren kasuan orain dela gutxi herritar batek politikari bati galdetu zion Hotzaren etxearen inguruan. Badirudi abuztuan itxita egon dela. Galdera egin zuen herritarrak esan zidanez, denbora dezente eman zuen politikariak erantzun gabe, eta ez dakit azkenean erantzuna lortu ote zuen.
Aurrera begira zein asmo dituzue?
Orain webgunea euskaraz eta katalanez jarri nahi dugu. Estatu mailako egitasmo bat den arren garrantzitsua iruditzen zaigu apustu hori egitea.