Itziar Alduntzin hiru hamarkadatan arduratu da gizonezkoen Kontxako Bandera josteaz, eta emakumeena ere etxean egin izan da, hamar urteko ibilbidean; aurten, ordea, kanpotik ekarri dira.

Aurtengo Kontxako banderak.
Kontxako Bandera arrauna baino gehiago dela argi dago. Kolore festa izaten da nagusi iraileko lehenengo bi igandeetan Parte Zaharrean eta kaian. Sentimendu ugari nahasten dira zale eta arraunlarien artean, eta kirol emaitzez gain, bestelako datuak eta albisteak ere izaten dira egunotan. Aurtengo albiste nagusia, zalantzarik gabe, banderen inguruko afera izan da.
Lan handia izan da urteetan Donostiako brodatzaileentzat Kontxako Banderak jostea. Sari preziatua da, noski, Donostiako estropadetako irabazleentzat, baina aurten ez dute esku donostiarrek egindako lana jasoko. Irutxuloko Hitzari Donostiako Udalak baieztatu zion Valentziako enpresa bati egin diotela aurten bi banderak egiteko enkargua. Hainbat aurrekontu begiratu zituzten, eta Valentziako enpresa bat izan zen aukeratua. Udaleko iturrien arabera, Donostia Festak-ekin aspalditik lan egiten du enpresa horrek, eta ezagutzen dute bere «eraginkortasuna» eta «kalitatea».
Egiako Itziar Alduntzinek 34 urtez egin du gizonezkoen bandera, 2016 arte. Hain zuzen, Intxaurrondoko moja batzuk izan ziren Kontxako Bandera josi zuten lehenak; ondoren, Etxaide kalean tailerra zuten Carballo ahizpek hartu zuten lekukoa, 31 urtez. Beraiekin hasi zen lanean Itziar Alduntzin. Emakumeen bandera, berriz, Maria Jesus Lorenzok egin izan du. Izan ere, duela hamar urte jokatu zen lehen aldiz Emakumeen Kontxako Bandera, eta uztailean deitu zioten Alduntzini enkargua egiteko. Oporretan zegoenez, ezezkoa eman behar izan zuen, denbora faltagatik, eta, ondorioz, Lorenzok hartu zuen trapu preziatua jostearen lana.
Sare sozialak sutan
Eneko Goia alkateak asteartean esan zuen ez dela erabaki ona izan Kontxako Banderak Valentzian egitea. Arduradunekin harremanetan jarri zela esan zuen, «Horrelako elementu sinbolikoak gehiago zaintzeko».
Erreakzio ugari sortu dira sare sozialetan; orokorrean jendea haserre agertu da, eta alkateak berak mezu hau zabaldu zuen Twitter bidez:?«2018ko Kontxako bi banderak Donostiako brodatzaileek jos ditzaten eskatu diet estropadaren antolatzaileei. Donostiatik eta Donostiarako».
Gainera, EH Bilduk salatu du, banderen diseinua gaizki dagoela, alderantziz dagoela lauki urdina, alde batean, eta aurreko urteetakoak erakutsi ditu adibide gisa. PSE-EE alderdiak azaldu du 2006. urtea arte egiten zen diseinua berreskuratu dutela. Horrela, Donostiako banderaren lauki urdina beti ongi ikusten da –hau da, ezkerraldean–, bai euskarazko bai gaztelerazko bertsioan.