Maialen, Alaitz eta Haizea: 'Laster arte!'
Maialen Alkorta, Alaitz Olarte eta Haizea Saez, Donostiarrako arraunlariak.
Kontxako estropadetako bigarren igande honekin denboraldiaren bukaerara iritsi gara, Donostiarrako emakumeen traineruaren lehen denboraldiaren amaierara. Ezin diogu bizitako etapa berri honi agur esan urte osoari atzera begiradarik bota gabe. Hamaika erronka gainditu behar izan ditugu gaur arte, alferrikakoak izan ez direnak, beharrezkoak baizik. Esperientzia honek guztiak gutako bakoitzari norbera are gehiago ezagutzen lagundu diola ziur gaude.
Gure proiektua aurrera eramaten jakin izan dugu ilusio eta gogo handiz. Elkarlanean aritzen ikasi dugu, baita sufrimenduan gozatzen ere. Taldekide bakoitzak dena eman du traineruagatik eta lortutako emaitzak horren isla izan dira. Dena emate horrek, gainera, denongan onura izan du, bai traineruan eta baita trainerutik kanpo ere, norbera gaur egun ez baita duela hamar hilabeteko hura. Hainbat izan dira gure egunerokotasuna hobea egin duten eragileak: taldekideekiko errespetua, talde-lana, enpatia, elkar entzutea, elkar komunikatzea, positiboak izatea, egoera ez hain onei buelta ematen jakitea…
Urte honi esker taldekide guztiok, arraunaz ezer gutxi zekitenek zein arraunean esperientzia zutenek, benetan jakin ahal izan dugu zer den arrauna eta zergatik erakartzen duen hainbeste kirol honetan sartzea erabaki duena. Denbora eta dedikazio handia eskatzen duen kirola da, baina ohartu gara, bizitu dugulako, esfortzu horrek merezi duela, bere saria duela!
Hasiera batean, helburu batzuk genituen. Pausoz pauso, paladaz palada, entrenamenduz entrenamendu eta estropadaz estropada hasierako jomuga horiek ukitu, ukitzeaz gain, gainditu eta berriak zehaztu ere egin ditugu. Harro gaude! Lortutakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!
Ezin dugu artikulu hau itxitzat eman gure mutilei datorren astebururako onena opatu gabe. Badakigu lan bikaina egingo duzuela. Aupa mutilak! Gora Donostiarra!
Arraunlari guztiei, ondo pasa oporrak eta bueltan ikusiko dugu elkar! Gozatu, denboraldi berria laster izango dugu eta berriro ate joka! Laster arte!