Sarasola eta Espartxoko zubiak berritzeko baimena jaso du udalak
Abuztuaren 22an Sarasola zubia itxi zuten, udaleko teknikariek zutabe batean arraila bat topatu zutelako. Udalak 2016ko uztailean eskatu zuen zubia berritzeko baimena, eta azken aurkikuntza dela eta azkartu egin zuten baimena jasotzeko prozedura. Azterlan topografikoaren emaitzen berri eman zuen udalak hilabete hasieran: “Ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorriak debekatzeko erabakia zuzena izan zen, zimenduetan ageri ziren mugimendu gero eta handiagoek arauzko mailetatik behera jaitsi baitzuten zubiaren segurtasuna”.
Hiri Mantentze eta Bide Publikoen zerbitzuek eskatu dute dagoeneko azterlan horrek gomendatzen duen proiektua, “gangak tirantez finkatzekoa”, lan hori egitea aholkatzen baita oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak eta zubiaren azpiko nabigazioa baimentzeko.
Bestalde, Txomin Eneako Espartxoko zubia berritzeko baimena eman du Kosten Zuzendaritzak. Egungo zubiak bi zutabe ditu, eta teknikariek azaldu dutenez, ibilbidea oztopatzen dute Urumea ibaian. “Tapoi hidraulikoa sortzen dute”. Hori dela eta, zubiaren diseinu berriak zutabe bakarra izango du, eta zubiaren bi ertzen arteko distantzia luzeagoa izango da. Horrek uholdeak izateko arriskua txikituko duela adierazi du udalak.
Baimenak lizitazioari ekiteko aukera ematen du, eta hemezortzi hilabeteko epea izango dute berritzeak egiteko.
Kosten Zuzendaritzak hiriko bi zubi berritzeko baimena eman dio Donostiako Udaleko Proiektu eta Obren Zuzendaritzari. Horrela, Egia eta Loiola lotzen dituen Sarasola zubia eta Txomin Eneako Espartxoko zubia berritu ahal izango dituzte.