Bederatzi dira guztira Donostian dauden gune autogestionatuak. Bakoitzak bere ezaugarri, helburu eta erronkak ditu, baina denak daude autogestioaren bidean aurrera egiteko gogoz.
Donostia eta Trintxerpe artean dago Mogambo. (Argazkia: Hitza)
Bederatzi gune autogestionatu daude hirian: Guardetxea, Txantxarreka, Añorgako gaztetxea, Firestone, Txondorra, Letaman, Uliako parkea, Mogambo eta Bidebietako auzoenea. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Espazioa lortzeko modua ere ez da berdina kasu guztietan. Udalak utzitako lokalak dira batzuk, okupazio bidez lortuak besteak. Helburuak ere ez dira berberak; batzuek kultur eskaintzetan jartzen dute indarra; gazteen topagune dira beste batzuk; eta auzoaren behar izanak asetu nahi dituzte horietako askok. Hala ere, badute guztiek gauza komun bat: autogestioa.
Funtzionatzeko modu eta helburu ezberdinak dituzten hiru gune autogestionatu aukeratu ditugu: Mogambo, Txantxarreka eta Bidebietako auzoenea.
25 urte pasa dira dagoeneko Mogambon lehenengo kontzertua antolatu zutenetik; urriaren 31an izan zela gogoratzen du Angel Fresnillo Mogamboko kideak. Ordutik asko izan dira bertako agertokitik pasa diren artistak. Hala ere, mende laurdenen ondoren hasierako filosofia berarekin jarraitzen dute; “musika denentzat eskuragarri jartzen”.
Udalak utzitako lokal bat da Mogambo, nahiz eta “ahalik eta modurik independenteenean” funtzionatzen duten. Hasieran hilean behin egiten zituzten kontzertuak baina Fresnillok dio udalak askatasun gehiago eman ziela, eta, orain, astean bi kontzertu egiten ahalegintzen direla: “Inoiz egin ditugu zazpi kontzertu bederatzi egunean, baina konturatu ginen gehiegi zela”. Euren buruari jarri diote astean bi kontzertuko muga, bestela lan gehiegi delako.
Modu autogestionatuan funtzionatzen daramatzate 25 urte: “Inor ez dago inoren gainetik”. Bost lagunek osatzen dute Mogamboko talde finkoa, eta gero hainbat lagun daude “behar denean esku bat botatzeko prest2.
Funtzionatzeko bi arau dituzte Mogambo aretoan: Kontzertuetako sarrerak 10 euro baino gehiago ez izatea, eta gauzak beraien erritmora eta beraientzat antolatzea.
Sareak sortzen
Mogamboren aldean berriagoa da Txantxarreka. Aurten 4 urte beteko ditu Antiguako gaztetxeak. Orain dela lau urte EH Bildu gobernuan zela utzi zion udalak Villa Alegria eraikina Antiguako gazte asanbladari. Lau urtetarako utzi zion lokala eta aurtengo urrian bukatuko zaie adjudikazioa.
100 haurrek eman zuten izena Txantxa eskolan. (Argazkia: Malen Aldalur)
Hainbat jarduera eta hitzaldi antolatu dituzte lau urte horietan. Pasa den asteburuan egin zuten laugarren urteurrena ospatzeko festa, eta bertan egindako kartelen erakusketaren arabera, bataz beste, astean jarduera bat antolatu du gaztetxeak. Asanbladaz gain beste hainbat eragilek ere erabiltzen dute gaztetxea beraiek antolatutako jarduerak egin ahal izateko, eta beraien artean biltzeko. Asier Sanz Txantxarrekako kideak azaldu du ohartu direla, akaso, “auzora jaistea” falta izan zaiela, baina azkenaldian indarrak horretan jarri dituztela gaineratu du.
Horren adibide da azken aste honetan egin duten Txantxa eskola. Izan ere, Jakintza ikastolako haurrek astebeteko atzerapenarekin hasi dute ikasturtea, lanek sortu dituzten eragozpenak direla eta.
Txantxarrekako gazteek modu boluntarioan Txantxa eskola sortu eta astelehenetik asteazkenera bertan egoteko aukera eskaini diete haurrei. “Horixe izanda auzoarekin loturak indartzeko egin dugun azken ekintza, eta esanguratsuenetako”, azaldu du Sanzek.
Urrian bukatzen zaie udalarekin duten tratua. Sanzek azaldu du Gazteria saila dela udalaren eta beraien arteko zubi lanak egiten dituena. “Ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den; hilabete honetan bilduko gara asanbladako kideak, jorratu daitezkeen bideak aztertzeko”.
Autogestioa oinarri, lanean jarraitu nahi dute. Horretarako, hiriko beste hainbat gaztetxe eta gune autogestionaturekin sareak sortu nahian ari direla azaldu du Sanzek. “Aurretik ere hainbat saiakera egin dira eta azkenaldian berriro hasi gara biltzen”. Sarea osatzeko lanean daudenen artean, besteak beste, hauek daudela azaldu du: Txantxarreka, Guardetxea, Firestone eta Letaman. Uste du beharrezkoa dela harremanak mantentzea eta sareak sortzea: “Gune autogestionatu bat desalojatu nahiko balute ere, garrantzitsua da saretuta egotea eta elkar babestea”.
Auzoentzako etxeak
Txantxarrekako kideek eraikina “auzotik eta auzoarentzat” izatea nahi dute. Antzeko filosofiarekin sortu zuten Bidebietako auzoenea ere. Parte Zaharreko auzoetxearekin batera, urte askotako aldarrikapenaren ondoren auzotarrentzako gune bat lortu zuten 2014. urtean. Urte hartan, udalak, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion auzo horietako eraikin banari hezkuntza atxikipena kentzeko. Hala, eraikin horiek auzotarren gozamenerako geratu ziren. Bidebietako kasuan, Eskola Horia deritzon institutuaren eraikina eskaini zieten. Aldarrikapenak egikaritzeko sortu zuten Auzoenea batzordea, bertan auzoko 30 eragilek hartu zuten parte. Gaur egun oraindik modu autogestionatuan kudeatzen dute auzotarrek.
2014an ireki zuten Bidebietako auzoenea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
2014ko maiatzean ireki zituen ateak Bidebietako auzoeneak. Auzolana eta parte hartzea sustatuz, auzoa eraikitzea zuten helburu. Dena den, eraikina lortu aurretik auzotarrek ia bi urte pasa zituzten auzoak espazio bat behar zuela aldarrikatzen. “Auzoaren ardura hartzen dugu edo auzo bezala desagertzeko arriskua dugu. Auzoenea ez da aisialdirako espazio bat, gehiago da: espazio soziokultural bat da”, azaldu zuen Josu Lonbide Bidebietako auzoeneako kideak 2014an, proiektua abiada hartzen hasi zen unean.
Hiru urte hauetan auzotar askorentzako topagunea izan da Bidebietako auzoenea; izan ere, hasieratik argi izan dute haur, gazte eta helduentzat topagune izan nahi zuela.
Pilartxo Calvo Bidebietako auzoeneako kideak azaldu du oraindik lanean jarraitzen dutela erritmo motelagoan bada ere: “Udara ondoren orain lasaiago gabiltza”.
Gune autogestionatuak
- Guardetxea
Urgull mendian dago Guardetxea. Su hartu zuen orain dela 10 urte. Hiru urte itxita egon ostean berriz inauguratu zuten 2009an. Aurten espazioa ireki dute hiriko kolektibo eta taldeek euren proiektuak bertan gauzatu ahal izateko.
- Txantxarreka
Lau urte bete ditu aurten Antiguako Txantxarreka gaztetxeak. Udalak lau urterako adjudikatu zien lokala eta urrian bukatzen zaie esleipena. Aurrera begira gaztetxea «auzotik eta auzoarentzat» izaten jarraitzea nahi dute.
- Añorgako gaztetxea
Garai batean Añorgako Zinema zena gazteek kudeatzen dute 1993tik. Gaur egun hiriko hainbat eragilek eta elkartek erabiltzen dute espazio hori.
- Firestone
Eraldia mugimendua osatu zuten hainbat gaztek duela bi urte, eta Añorgako Firestoneren lantegi zaharra okupatu eta berreskuratu zuten. Hasierako filosofiarekin jarraitu nahi dute.
- Txondorra
Txondorra 2014an ireki zuten Egian. Gune ireki eta autogestionatua da, eta euskara eta kultura ditu ardatz. Guztientzat bilgune izateko asmoz sortu zuten.
- Letaman
1995. urtean okupatu zuten Intxaurrondoko Letaman gaztetxea. Donostian inoiz denboran gehien iraun duen gaztetxea da. Aurretik, Intxaurrondo ikastola zegoen gaur egun gaztetxea dagoen lekuan.
- Uliako parkea
2007an Uliako udal mintegiak itxi zirenetik, auzotarrek parke publiko bihurtzeko eskatu dute. Horretarako, Uliako Lore Baratzak proiektua sortu zuten. Auzotarrek parkearen erabilera kudeatzen dute modu autogestionatuan.
- Mogambo
25 urte dira Mogambon lehen kontzertua antolatu zutela. Geroztik, hainbat talde pasa dira bertatik. Trintxerpe eta Donostia artean dago.
- Bidebidetako Auzoenea
2014ko maiatzean sortu zuten Bidebietako auzoenea. Belaunaldi ezberdinen arteko topaleku bihurtu dute.
Autogestioa, aspaldi ereinda dagoen hazia
Asko izan dira Donostian autogestioa ardatz, beraien proiektua eraikitzen ahalegindu eta asmatu dutenak. Denboran asko iraun dute batzuek, gutxiago besteek.
“Gaztetxe gisa ulertzen dugun mugimenduaren lehen adibidea Donostian aurkituko dugu”, hala dio Gari Mujika Zubiarrain Gazte Matxinada, inoiz kontatu gabeko historia liburuan. Badirudi lehenengo gaztetxea fisikoki Oñatikoa izan zela; 1982ko urrian okupatu eta bi urte geroago hutsarazi zuten garaiko alkatearen aginduz. Hala ere, gaztetxe bat espazio fisiko bat baino gehiago da. Donostian 1978an hasi ziren antolatzen eta 1983ko udaberrian La voz de Españaren eraikin hutsa okupatu zuten hainbat gaztek, Lokalak Gazteontzat lelopean. Hala jasotzen du
Donostian 20 urte okupatuz, 1977-2005 liburuak. San Martzial kalean zegoen eraikina. Ordutik asko izan dira Donostian sortu dituzten espazio autogestionatuak. Horietako batzuk aipatuko ditugu jarraian.
1984. urtean gaur egun Ategorrietako biribilgunea dagoen lekuan zegoen eraikina okupatu zuten. Toki-Onena izena zuen gune autogestionatuak. 1987ko urtarrilaren 12an hutsarazi zuen eraikina polizia autonomoak, hain justu, Ategorrietako biribilgunea egiteko. Huraxe izan zen Donostian egindako lehen kaleratzea, baina ez azkena.
Gaztetxe ugaritasuna
Tartean beste okupazio batzuk egon baziren ere, Gaztetxe moduan eman zen esperientzia esanguratsuenetako bat 1987an Egiako Jareño gaztetxearena izan zela uste du Markel Omazabal
Donostian 20 urte okupatuz, 1977-2005 liburuaren egileak. Aisialdirako espazio faltagatik okupatu zuten eraikina.
Garai horretatik aurrera hiriko auzo ugaritan hasi ziren gaztetxeak osatzen. 2002. urtean lortu zuten Loiolan gazte lokala. Hainbat urtez auzoko elkarteen esku egondako eraikina gazteen eskutara pasa zen.Udalak auzoan eraikitzea aurreikusten zuen etxebizitza planaren ondorioz, bi urte geroago, 2014ko uztailean kanporatzeko lehen abisua jaso zuten. Desalojoa ekiditeko bertan lotan geratu ziren hainbat egunez, azkenean, 2014ko irailean hutsarazi zuten eraikina.
2004 eta 2005 urte bitartean egon zen hirian orain arteko gaztetxe kopururik handiena. “2004an Iruñeko Euskal Jai gaztetxea eraitsi izanak elkartasun keinua eragin zituen han eta hemen”, azaldu du Ormazabalek. Donostian, 2004ko irailaren 11n Parte Zaharreko Zuloagako eskolak okupatu ziren, eta elkartasuna agertzeaz gain, hirian gaztetxeen beharra ere aldarrikatu zen. Okupatu eta hurrengo egunean “bortizki” kaleratu zituztela gaineratu du. Egoera horrek elkartasun oraindik eta handiagoa eragin zuela dio eta irailaren 18an manifestazio jendetsua ospatu zen.
Testuinguru honetan, 2005eko otsailaren 11n Ametsenea izena jarri zioten eraikina okupatu zuten Egian; urte bereko maiatzean, berriz, fabrika zahar batean sartu ziren Loiolan, eta Loiolako gaztetxea sortu zuten. “2005. urtera arte Donostian sekula ez zuten funtzionatu lau gaztetxek aldi berean: Loiola, Letaman, Añorga eta Ametsenea”.
Beste hainbat gune autogestionatu ere sortu eta desagertu ziren tartean. Azkena, Gros auzoko Kortxoenea gaztetxea izan zen. 2015eko azaroaren 3n eraitsi zuten Kortxoenea. Ordoñez kortxo fabrika zaharra okupatu zutenetik, gaztetxeko kideek eraikina topagune gisa eta kultur jarduerak egiteko espazio gisa erabili zuten.