Aurten ere ez dute hutsik egingo Egiako Porrontxo jaiek, baina krisialdi indartsua igarotzetik datoz, eta aldaketa garrantzitsuak egin behar izan dituzte antolakuntzan, aurrera jarraitzeko.
Aurtengo batzarrak bereziak izan dira. (Argazkia: Porrontxo jaiak)
Sudurra moldatu diete Porrontxo jaiei (
Hemen egitaraua). Aldaketa beharrezkoa zela diote Egiakoek, eta krisi garaitik ongi ateratzea lortu dutela, indarberrituta. Ofizialki atzo ziren jaiak lehertzekoak Egian, kuadrillen jaitsierarekin, eta, asteburuan, noski, parrandak ez du etenik izango, 100 jarduera baino gehiagorekin. Aurtengo jaiak, ordea, kinka larrian egon dira, eta horren berri eman digu Egiako Joxepa Bornaetxeak: «Buelta eman behar zitzaion, larrialdi egoera batean, bestela desagertzeko arriskuan zeuden». Bada, kuadrillen batzarrak berretsi du Porrontxoak egiteko era berria, sudur berrien bultzadarekin. Horrela, jai batzordea errotatiboa izango da; aldatzen joango den talde finko bat izango du, eta urte bakoitzean hiru kuadrilletako ordezkariak sartuko dira: «Jende berriarekin ideia berriak etorriko dira!».
Joxepo Kortadi urtero aritu zen jaien antolakuntzan, iaz hil zen arte, eta horrek eragin handia izan du: «Bere hutsunea izugarri nabaritu da, ez bakarrik jai batzordea biluzik utzi eta krisiaz jabetu direlako. 50 eta 60 urte artekoak ziren Porrontxoak urteetan antolatzen zituztenak, eta argi zegoen hausnarketa bat egin beharra zegoela. Dolua pasatzen ari ziren jai batzordekoak, normala den bezala, eta krisi urtea izan da». Jaietan, noski, gogoan izango dute Joxepo, eta dantzaldi masiboa eskainiko diote larunbat arratsaldean, koreografia eta guzti. Gainera, jaietako garagardoaren etiketetan jarri dute bere aurpegia.
Buruhandien lapurreta
Bornaetxeak oroitu du nola buruhandiak lapurtu zituzten auzoan, joan den otsailean: «Jendea kezkatu egin zen, haiek gabe ezingo zelako jairik egon, eta bahitzailea nor izan zitekeen espekulatzen hasi ginen». Auzokoek deia jaso zuten, sare sozialen eta kanpainen bidez, buruhandiak itzuliko zituztela esanez: «Entregaren egunean, jakin genuen jai batzordekoak izan zirela lapurrak, edo montaje hura egin zutenak behintzat. Jadanik jendea ez zegoen kezkatua Porrontxoak antolatzeaz, eta hortaz ohartarazi nahi izan zuten modu horretara». Aurretik abisuak ere eman zituztela dio Bornaetxeak, baina arazo larriena zen antolaketaren lekukoa hartuko zuen inor ere ez zela agertu, duela 37 urte ospatzen direnetik. Bornaetxeak aitortu du 35 urte dituela, eta sekula ez zela antolaketaz kezkatu, helduagoek aaritzen zirelako: «Erabaki genuen aztertzea zerk urruntzen zuen jendea antolaketatik eta hobetzeko proposamenak egitea». Horixe izan zen Rinoplastia operazioa, Porrontxoetako sudurrari aldaketa estetikoa baino zerbait gehiago egitea.
Jai batzordeak esan zuen konpromisoa hartzen zuela bakarrik aurtengo Porrontxoak antolatzeko, baina auzoko dozena bat lagunek konpromisoa hartu zuten antolaketan sartzeko. «Umorez hartu dugu gaia, baina seriotasunez erantzun nahi izan diogu operazio honekin. Esperantza da belaunaldi gazteagoak ere hurbiltzea».
Porrontxoen krisialdiak ziklikoak izan direla dio Bornaetxeak, eta herri mugimenduetan ohikoa dela: «Porrontxoen hauspotzea iritsi zen erabaki zutenean kuadrillak inplikatzea jaien antolakuntzan. Kontua da, zein erantzun ematen zitzaion kuadrillen batzarrari; eta arazoa inplikazio mailan dago». Aurten ere bost batzar egin dituzte, eta azken batzarrean 21 kuadrillek parte hartu badute ere, lehenengoan bi baino ez zeuden: «Hori suspertzea da helburua».
Tere Velasco beteranoen artean dago eta berak ere bat egin du jaiekin: «Hasieran belaunaldien arteko aldea asko nabaritu zen. Deia zabaltzen hasi zirelako posta elekroniko eta Whatsapp bidez, eta beterano asko ez ziren enteratu». Velascoren ustez, krisiari esker pauso garrantzitsua eman da, duela hamabost urte egin zituzten topaketen antzera.Oroitu du hasieran Porrontxoen berezitasuna zela kuadrilla guztien artean antolatzen zirela, eta hori berreskuratzea izango dela erronka: «Barruko funtzionamendua ezagutzen baduzu, beste era batera parte hartzen duzu jaietan, eta gozatzen dituzu gehiago, badakizulako zein den atzeko lana». Bada «emaitza oso ona» izan dela uste du, eta jaietaz gozatzeko aukera izango dutela auzoan –egitaraua, agendan, 14. orrialdean–.