Donostiarrak lortu du gorengo mailara igotzea
Denboraldi bikainaren ostean, bukaerarik onena izan du Donostiarrak, TKE mailarako igoera lortuta. Asteburuan jokatu du igoerako play offa Igor Makazagaren taldeak, eta lan ederra eginda, datorren denboraldian lehen aldiz arituko da gizonezkoen arraunaren gorengo mailan.
Bermeon eta Portugaleten jokatu ditu Donostiarrak play offeko estropadak, talde hauekin batera: Santurtzi, Samertolameu, Ares eta Puebla. Bi egunetan Santurtzi geratu da lehenengo postuan, eta Donostiarra bigarrenean, bi segundoko tartera iritsi gabe. Hala bada, bi talde horiek lortu dute igoera.
Jai ederra egin zuten atzo Donostiarrakoek, etxera bueltan. Konstituzio plazan jendetza zuten zain, eta udal eraikineko balkoietatik astindu zituzte aurten lortutako bandera guztiak.
Historia pixka bat
Donostiarra 2007an sortu zen. 2015eko uztailean lortu zuen taldeak bere historiako lehen bandera, Xabier Zabala entrenatzaile zela. Orion lortu zuten lehen bandera hura, KAE-1 ligako zazpigarren jardunaldian. Denboraldi hartan, beste bi bandera ere eskuratu zituen taldeak, Santoñan eta Bilbon. 2016ko denboraldian, Jose Ramon Mendizabalek hartu zuen taldearen gidaritza, uda iritsi zenean; bandera bat eskuratu zuten denboraldi hartan. Lehen aldiz play offa jokatzeko ere sailkatu ziren, baina ez zuten igotzea lortu. Aurten, Igor Makazagak hartu du entrenatzaile postua; ligako hamabi bandera irabazi dituzte, ligako irabazleak izan dira, eta igoera ere lortu dute. Bi taldekide historiko elkarrizketatuko ditu aste honetan IRUTXULOKO HITZAk.



