Hotel bat egitea eragozteko, etxe bat okupatu dute Parte Zaharrean
Hainbat lagunek agerraldia egin dute Parte Zaharreko Santa Maria elizaren atarian. Abuztuaren 31 kalearen bukaeran dagoen etxebizitza bat okupatzen hainbat aste daramatzatela adierazi dute. Eneko Goia alkatearen eta Ernesto Gasco alkateordearen maskarak jantzita eskaini dute goizeko agerraldia.
Etxebizitza okupatzen jarraituko dutela gaineratu dute, eraikin horretan hotel bat egin ez dezaten. “Beldurra ematen digu Parte Zaharreko bihotzean hotel bat eraikitzeko asmoa dutela jakiteak. Horregatik diogu fobia turismoari”, adierazi dute.
Hotela egiteko asmoa duen enpresaburuak ostatu asko dituela esan dute, eta horrenbesteko pilaketak saihestu behar direla azpimarratu dute. “Zer jasoko dugu langile klaseek? Argi eduki ez dugula aberastasunik jasoko, baizik eta lan prekarioa eta gure auzoetatik kanporatzea”. Kritikatu dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dutela ezer egin hotelaren proiektuak gelditzeko. “Udal gobernuaren esku geratuko da hark eremu saturatu izendatu auzoaren erdian hotel bat eraikitzeko baimena ematea”.