Emakume Txirrindularien Topaketa egingo dute lehenengo aldiz hirian; esperientziak partekatzea eta ikusaraztea dituzte helburu nagusi gisa.
Liber Etxeberria eta Itziar Alonso-Arbiol gogotsu daude asteburuko topaketarako.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Itziar Alonso-Arbiol eta Liber Etxeberria emakume aktiboak dira, beste asko eta asko bezala. Bizikleta dute lagunik onena eta jende asko ezagutzeko balio izan diela diote. Alonso-Arbiolek bultzatuta, Emakume Txirrindularien Topaketa egingo dute Donostian, lehen aldiz: 200EmakumeBizian.
Bizikletak 200 urte bete dituela eta, Kalapie elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu, eta horien artean dago topaketa. «Kalapieko kidea naiz, eta Liber eta beste batzuekin ere ibiltzen naiz Bizikumen. Pentsatu nuen zerbait egin behar genuela, eta dena mugitzen hasi ginen».
Finean, 200 emakume euren bizikletekin biltzea nahi dute, eta asteburu osorako egitaraua prestatu dute. Antolaketarako, elkarlanean aritu dira hainbat elkarte: Kalapie Txirrindularien Elkartea, Bizikume-Mujeres En Bici taldea, Emakumeen Etxea eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
«Zaragozan aurten egin zituzten topaketa batzuk, baina hitzaldi batzuekin, guk horretaz gain gustatzen zaiguna egin nahi genuen, bizikletan ibili. Gure artean ezagutzeko aukera emango digu», gehitu du Alonso-Arbiolek. Emakumeen Etxean hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta tailer egingo dituzte larunbat arratsaldean. Bereziki, esperientziak eta bakoitzaren jakinduriak partekatzeko. Igandea bizikleta gainean ibiltzeko eguna izango da, eta mota bakoitzerako egokitutako ibilbideak antolatu dituzte:?errepidekoa, mendikoa eta hirikoa. Momentu gogoangarriena eguerdikoa izatea espero dute, eguraldiak laguntzen badu behintzat. Orduan txirrindulari guztiek bat egingo baitute udaletxe aurrean, hirian barrena ibilbide bat egiteko, emakume txirrindulariak batu eta ikusarazteko helburuarekin.«Emakumearen askapenean oso paper garrantzitsua jokatu du bizikletak. Instrumentu bat da zure buruarekin gustura geratzeko eta noraino irits zaitezkeen ikusteko, gozatuz gainera», dio Etxeberriak. Inguruko herrikoetako zikloturistez gain, badakite Errioxa eta Zaragozako lagunak hurbilduko direla, besteak beste.
Izena emateko aukera
Ibilbideetan parte hartzeko, izena eman baharra dago, 200emabizi.com webgunean. Hala ere, aukera dago 12:30eko ibilbide bateratuan parte hartzeko, aurrez izena eman gabe. Elastikoak ere atera dituzte, lima kolorekoak, eta bazkarirako jada lekua betea dago. Argi dute gizonei ez dizkietela ateak itxiko; gainera, badakite baten bat azalduko dela, baina deia zentzu femeninoan egin nahi dute, emakumeak izan daitezen protagonistak