Bertsolari Txapelketa Nagusian batera parte hartuko dute Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiek, lehen aldiz; etxeko gazteena estrainekoz arituko da, eta urduri dagoela aitortu du.
Beñat eta Unai gaztelumendi- Bertsolariak.
Beñat eta Unai Gaztelumendi, Añorgan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Joan den asteburuan abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta laster iritsiko da Añorgako anaien txanda. Duela lau urteko txapelketan, finalera iristea lortu zuen Beñat Gaztelumendik (Añorga, 1987); txapelketan lehen esperientzia izango du Unaik (Añorga, 1988). Gogotsu daude biak ere, eta esperientzia partekatzeaz pozik.
Joan den asteburuan abiatu zen txapelketa, zein giro nabaritzen duzue?
Unai Gaztelumendi (U. G.): Arraro nago. Txapelketa badatorrela badakizu, baina ez zara konturatzen saioa hasi aurretik sintonia entzun arte, eta zure lagunak kantatzen ikusi arte. Elkarrekin joan ginen Baigorriko saiora, eta oso urduri egon nintzen, sekula ez naizelako egon zurrunbilo horren barruan. Denbora guztian aritu ginen gertatzen zena gure artean komentatzen.
Beñat Gaztelumendi (B. G.): Gainera, guretzat saio bat entzutea arraroa da. Batetik, normalean kantatzen duten bertsolari gehienekin noizbait aritu garelako edo lagunak ditugulako, eta, bestetik, gaiak entzuten ditugunean, pentsatzen dugulako guk zer botako genukeen. Bi saio izaten ditugu, entzuten duguna eta gure barruan egiten duguna. Niretzat arraroa da ere azaroa arte ez naizelako sartuko, baina behar genuen.
Esperotakoa gertatu zen?
B. G. : Bertsolari batzuk entzun gabe nituen, eta uste dut nahiko maila onean hasi dela txapelketa. Alaiak aurreko urteetan egin duen bidearekin hori izan zitekeen normalena.
U. G. : Niretzat sorpresa Aimar Karrika izan zen. Ez nuen sekula entzun halako plaza handi batean, eta oso ondo aritu zen.
Goiz hasten zarete txapelketa prestatzen edo uste baino lehenago iritsi zaizue?
U. G. : Beti iristen dira uste baino lehenago. Orain dela bi urte jakin nuenean hemen kantatuko nuela, ondo prestatu behar nuela nuen buruan, behin halako aukera bat izanda! Baina hilabeteak pasa dira, eta ez naiz jarri serio udara iritsi arte. Asier Azpirozekin ibili naiz Añorgako Zinean, taula gainean, eta dezente lagundu dit horrek. Gero Beñat eta biok ibili gara, eta, egia esan, nahiko pozik nago egindako prestaketarekin.
B. G. : Nik denetarik probatu izan dut; urtebete lehenago hastea, hilabete lehenago hastea… aurtengo udaberrian Argentinan nengoen oraindik, eta pentsatu genuen uda aurretik prestatzen hastea. Pare bat aldiz geratu ginen biok, baina gero udan gorputza beste modu batera egoten da, plazetan ibiltzen gara, eta ez da entrenatzeko batere garai ona izaten. Momentu batean inguruko guztiek dute oso presente txapelketa batean zaudela eta gehiegizkoa ere izaten da. Uste dut biok saiatu garela momentu hori ahalik eta gehien atzeratzen, eta hiru aste dira astean hiru txandatan geratzen hasi ginela.
Larunbatean Seguran arituko da Unai. Zer moduz ikusten duzu anaia, Beñat?
B. G. : Ondo. Entrenamenduetan ongi ikusi dut, txispa dezenterekin, hori da bere ezaugarri nagusia. Bere saiora oso ongi iritsiko dela uste dut, gero lagundu behar du egunak, gaiak, zorteak… baina prestatu zezakeena egin du. Eguna ahalik eta aldarterik onenean hartzea izango da gakoa, eta gozatu dezala.
Zein helbururekin zoaz, Unai?
U. G. : Pentsatzen ez nuen zerbait esatea gehiegitan pasa zait, errimak eta doinuan sartu beharraren ondorioz. Bertsoak hain disdiratsuak izan gabe, sinatuko nituzkeenak izatea nahi dut. Txapelketetan beti izan dut helbururen bat emaitzari begira, eskolartekoetatik hasita; orain zerbait ona egin nahiko nuke, sentipen txarrik gabe.
Nolako saioa espero duzu?
U. G. : Saio guztietan egoten da faborito bat, eta gurean uste dut denok sar gaitezkeela edozein postutan, ia-ia. Gehienekin dezentetan kantatu dut eta txapelketatik kanpoko saio baten sentipen hori ere izan dezakegu, eta hori niretzat ona da. Jendeak uste du oso lasaia naizela, baina txapelketen garaian oso gaizki pasatzen dut;? ez dut lorik egiten, ez dut jaten… Kantukideak ni bezalakoak direla sumatu nahi izaten dut, eta kasu honetan nire moduko jendea ikusten dut.
Segurara joango zara, Beñat?
B. G. : Bai, bai! Gogoa dut joan eta saioa entzuteko. Anaia entzuten okerrago pasatzen dut nik kantatzen baino, eta berari uste dut gauza bera gertatzen zaiola.
U. G. : Nik ez dut Beñat ikusi nahi, baina ikusiko dut. Agian nire akats handi bat da ez naizela zentratzen. Gaia pentsatzen hasi aurretik urduri jartzen naiz publikoan zein dagoen ikustean. Hori saihestu nahi dut.
B. G. : Niri gustatzen zait konfiantzazko jendea ikustea, eta haien aurpegien bidez hartzea saioaren tenperatura, jakiteko ondo ari zaren edo ez.
Beñat, oraindik ez dakizu zeinekin kantatuko duzun Maulen…
B. G. : Hori da. Ilusio handia egiten dit Maulen kantatzeak, eta denbora dut lurreratzeko.
Nola ikusten duzu anaia, Unai?
U. G. : Oso ondo ikusten dut. Duela lau urteko buelta hartan ibili beharko luke. Beñat gaizki ibilita ere, balekotik oso gorakoak izango dira bere bertsoak. Ez da bakarrik azken lau urteetan ikasi, landu edo irakurri duena; plazaz plaza hartu duen eskarmentua ere nabari zaio.
Txapelketaren batean elkarrekin abestu duzue inoiz?
U. G. : Duela sei urte, Gipuzkoako Txapelketan, final laurdenetan, Villabonan koplatan aritu ginen. Nik doinuarekin arazo batzuk izan nituen, baina oso oroitzapen polita daukat saio harekin.
B. G. : Polita atera zen, bai, baina arraroa da anaiarekin kantatzea. Aldi berean bi saio bizitzea bezala da, zure esku ez dauden gauzetan pentsatzen hasten zara. Aurretik arraroa egin zitzaigun, eta saioa pasa eta gero poztu egin ginen.
U. G. : Zaila litzateke igaroko banintz Maulen tokatzea, baina ilusio handia egingo lidake Beñatekin aritzeak. Bi anaia Txapelketa Nagusi batean finalaurrekoetan elkarrekin… ez dut uste etxe askotan gertatu daitekeenik. Buelta polita litzateke aurrekoan Beñatek bota zidan agur hori eta gero, beste pauso bat elkarrekin ematea litzateke.
Gai zehatz bati buruz abestea gustatuko litzaizueke?
B. G. : Txapelketan askotan zilborrari asko begiratzen diogu eta gaurkotasunari kantatu nahiko nioke. Gainera, Euskal Herrian ere garai arrarotan bizi gara, eta garrantzitsua da pultsoa hartzea aurrean dugunari.
U. G. : Bakarkakoetan bereziki nire eguneroko gauzez aritu nahi dut, denok partekatzen ditugun gauzetaz.
Etxekoak nola daude?
B. G. : Nire ustez gurasoek gero eta okerrago bizi dituzte txapelketak. Lehen guk oholtza gainean gehiegi ez sufritzea zuten buruan;?orain gure buruari gehiago eskatzen diogu, eta zailagoa egiten zaie.
U. G. : Beñatekin lasaiago daude eta uste dut nirekin bereziki amak gaizki samar pasa behar duela. Pisu hori dakar Txapelketa Nagusira sartzeak.
Ba al dago bertsolari harrobirik Donostian?
U. G. : Donostian ez dago egitura sendo bat bertsolaritzaren inguruan, eta asko inguruko bertso eskoletara joaten dira. Hala ere, daudenak gehiago ezagutarazi behar dira.
B. G. : Gu hasi ginenean bagenuen bakarrak izatearen sentipen hori. Hernaniko bertso eskolari esaterako, asko zor diogu, baina ez genuen Donostian jarraitzeko aukerarik izan. Gure garaian ez bezala, orain badago bertsotaz hitz egiten duen jendea Donostian. Egia da egitura sendorik ez dagoela, baina agian sanoena da auzoka funtzionatzea, baina pena da gure artean harreman gehiago ez izatea. Bertsolari kopurua ez da handia, baina giroa sortzen ari da. Bertsozaleak badaude eta urtean zehar saioak antolatzen dituzte;?hori garrantzitsuagoa da.