Irudiko berdegunean egin nahi dute hirigintza proiektua. (Argazkia: Uliako auzo elkartea)
Uliako auzo elkarteak prentsaurrekoa egin du, Uliako magalean, Rodil jatetxea zegoen tokian egin nahi duten hirigintza proiektua salatzeko. Izan ere, jakin dute hasierako onarpena jaso duela hirigintza proiektu horren plan bereziak: «Proiektuak ingurumenari eta pasaiari kalte egingo lioke, eta horrek ez du donostiarren eta Ulian bizi direnen interesak babesten, bakarrik lur espekulazioa areagotzen du».
Azaldu dutenez, Rodil kalean, 5.900 metro koadrotan, 47 etxebizitza eraiki nahi ditu enpresa batek –Uliako auzo elkartearen arabera, Kutxabank; «nahiz eta beste izen batzuk erabili»–, igerileku batekin, eta hiru solairuko aparkalekuarekin, «eremu berde eta espazioak donostiarroi kenduz». Horretaz gain, babes ofizialeko etxebizitza batzuk egiteko asmoa dute, baina auzo elkartekoek esan dute zati txiki bat dagoela horretarako, zehazki, 9 etxebizitza: «Horrek eragin zuzena izango luke Henriet etxe txiki batean –hau bota beharko lukete– eta ingurune berdea desagertuko litzateke. Gainera, 47 etxebizitza eginda ere, ez dute Rodil kalea zabaldu nahi; beraz, ausarkeria bat da».
Horrenbestez, plan bereziaren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte, eta exijitu diote udalari plana berridazteko eta donostiarren interesen zein ingurumenaren alde egiteko.