Parkeko sarreraren eskuinaldeko lursail honetan egin nahi dituzte etxebizitzak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du Ategorrieta eta Uliarako aurkeztutako hirigintza planaren birmoldaketaren aurkako helegitea.
Udalak Uliako mintegietan eraiki nahi dituen 70 etxebizitzen proiektua geldiarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Auzitegiak zehaztu duenez, plan hori aldatzeko beharrezkoa den ingurumen txostenik gabe eraiki nahi ziren etxebizitzak. Hain zuzen ere, epaitegiak arrazoia eman dio puntu horretan, Uliako Lore Baratzak-eko kideek eta auzo elkarteak jarritako salaketari.
Ondorioz, kolokan geratu da Ulian etxebizitzak egiteko udalak duen asmoa. Eneko Goia Donostiako alkateak esan du, ordea, ez dutela asmorik proiektuari uko egiteko. «Ez da berri ona Uliako parkearen inguruko ebazpena», adierazi du Goiak. Prozedura akats baten ondorioz, proiektua Hiriko Plan Orokorrak zehazten duen egoerara itzultzen dela azaldu du alkateak. «Luxuzko 30 etxebizitza eraikitzeko egoerara itzuli gara. Hori da hasieran aurreikusten zena, eta aldatu nahi izan genuena».
Udalak ebazpena aztertuko du, baina ez du helegiterik aurkeztuko Goiak baieztatu duenez. Dena dela, Uliako parkean gazteentzako 70 etxebizitza egiteko proiektua ez du baztertuko udalak. «Ez diogu uko egiten proiektuari. Denbora asko behar da tramitazio berri bat egiteko, beharrezko ingurumen txostenekin. Baina posible da».
EH Bildu-k oroitarazi du aukera «paregabea» dela «bizilagunen eskariak entzun» eta etxeen ordez parke bat egitea. Irabazi-k adierazi du albiste ona dela Uliako mintegiak zaintzen dituzten auzotarrentzat, eta parke izaera emateko proposamenaren alde agertu da.
Bizilagunak, pozik
Pozik agertu dira Uliako auzo elkarteko kideak, 70 etxebizitzen proiektua gelditzeko ebazpenaren aurrean. «Arrazoia eman digute», adierazi du Felix Soto elkarteko ordezkariak. «Erabakiaren ondoren, udalari eskatzen diogu 30 etxebizitzen proiektua behin-betiko baztertzeko, eta Uliako parkeari dagokion izaera emateko Plan Orokorrean».
Parkean etxebizitzak eraikitzea «zentzugabea» dela berretsi du Sotok. «Plan Orokorraren arabera, Donostian 10.000 etxebizitza inguru eraiki daitezke, eta zazpi partzela daude horretarako». Udal gobernuko bi alderdiekin kritiko agertu da auzo elkarteko ordezkaria: «PSE-EE saiatu zen Etxegintza bidez etxebizitzak eraikitzeko lehiaketa abian jartzen, baina udaleko idazkari nagusiak eten zuen. Bestalde, EAJ pisuak eraikitzearen kontra zegoen Odon Elorzak proiektua sustatu zuenean. Orain gauza bera egiteko eskatzen diogu».
Iaztik, borrokan
Udal gobernuak iaz onartu zuen Uliako mintegietan gazteentzako 70 apartamentu egin ahal izateko Hirigintza Plan Orokorra aldatzea. Aurreko planak luxuzko 30 etxebizitza egitea aurreikusten zuen.
Bizilagunak udal gobernuaren erabakiaren berri jakin orduko hasi ziren euren ezinegona adierazten. Etxebizitzak egitea «arduragabekeria hutsa» zela adierazi zuten, eta atzera egiteko eskatu zieten udal ordezkariei. Parkea bertatik bertara ezagutzeko gonbita ere egin zieten eta hainbat zinegotzi parkean izan ziren. Sinadura bilketa bat ere jarri zuten abian, eta parkea bere horretan mantentzeko 4.000 sinadura baino gehiago bildu zituzten.
Udal gobernuak, ordea, ez zuen atzera egin, eta Plan Orokorraren aldaketa onartu zuten, EAJ eta PSE-EEren botoekin. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak kontra bozkatu zuten, eta PPk abstentzioa eman zuen. Oposizioak gazteentzako apartamentuak hiriko beste eremu batean eraikitzea proposatu zuen, Uliako mintegiak bere osotasunean mantentzeko. Udal gobernuak, ordea, adierazi zuen hirigintza proiektua eta parkea bateragarriak zirela.
Aranzadi Zientzia Elkarteak Uliako mintegien azterketa bat egin zuen, eta txosten bat osatu zuen bertan egindako ikerketekin. Ategorrieta-Uliako natur eremu osoaren balio naturala, historikoa, kulturala eta paisaia balioa aztertu zituen, eta hiriko berdeguneen antolaketan izan dezakeen pisua aztertu zuten. Jasotako datu guztiak kontuan izanik, balio garrantzitsu bat aitortzen dio Aranzadi Zientzia elkarteak Uliako berdeguneari: parke izaera behar duela aitortzen du.
Komunitatearentzat lanean
2007an Uliako udal mintegiak itxi zirenetik, 14.500 metro koadroko lursail hori auzotarrentzat irekitzeko eskatu zuen auzo elkarteak. Aldarrikapen hori Uliako Lore Baratzak proiektuarekin indartu zuten, eta hori aurrera ateratzeko baimena lortu zuten duela bi urte.
Komunitatearentzako parke bat egiteko lanean hasi ziren, baina jakitun ziren udalak bertan etxebizitzak egiteko plan bat zuela, eta «bermerik gabeko» baimen bat zela. Lan handia egin dute berdegune honetan gordetzen den altxorra donostiar guztiei erakusteko: Donostiako ur biltegi zaharrak ezagutzeko bisita gidatuak, esaterako. Pixkanaka, euren proiektua oihartzuna izaten hasi zen.