Eneko Goia: "Hiriko beste zubi bat balitz udaletik berdin jokatuko genuke"
Sarasola zubiak itxita jarraitzen du, eta luzerako izango dela adierazi du alkateak
Abuztuaren 22tik itxita dago zubia, eta bizilagunak kexatu egin dira aurrerapausorik ez delako eman. “Ulertzen ditugu ondorioak eta baita bizilagunen kexak ere. Hiriko beste zubi bat balitz udaletik berdin jokatuko genuke”, adierazi du Goiak.
Astiñeneko zubia eta Espartxoko zubia berritzeko baimena iraila hasieran jaso zuen udalak. “Baimena lortuta zubi berria egiteko epea ez da bi urtetik jaisten, eta luzatu daiteke lizitazio prozedurarengatik”, esan du Goiak. Egungo zubiari hobekuntzak egin baino, beste aukera batzuk aztertzen ari da udala. “Dirutza bat ez dugu gastatu nahi, gerora eraitsi behar bada”.
Denbora luzez itxita jarraituko du Astiñene zubiak, Eneko Goia alkateak esan duenez. “Lanean gabiltza, aukera desberdinak aztertzen. Baina ez da erraza”. Udal teknikariekin bilduko da bihar Goia, eta erabaki bat hartzen saiatuko dira. “Aurreikusten diren konponketak ez dira errazak, eta ez dira batere merkeak”. Aukeren artean dago, bizikleta eta oinezkoentzat behin behineko pasabide bat egitea.