‘Euskarak 365 egun’ egitasmoa abiatuko dute 2018an Euskal Herri guztian. (Ane Urrutikoetxea)
Azken urteetan euskalgintzak egin dituen aktibazio jardueretatik abiatuta, 2018an Euskal Herri mailako dinamika bat egin nahi dute erronka argi batekin:?herritarrak aktibatzea.
Asko izan dira azken urteetan euskalgintzak Donostian egin dituen jarduerak. Egian euskaldunak eta euskaldunak ez direnak aktibatzeko egitasmo bat abiatu zuten iaz, urtarrila hasieran. Hainbat herritarrek zortzi astez astebeteko txandetan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu zuten eta beste hainbestek euskaraz entzutekoa. Geroztik asko izan dira beraien auzo, herri eta mugimenduetan praktikan jarri dutenak. Orain, Euskal Herri mailako erronka bati aurre egin nahi diote. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak elkarlanean Euskarak 365 egun izeneko egitasmoa abiatuko dute 2018an. Euskal Herriko herri guztietan 11 egunez euskaraz bizitzeko ahalegina egin nahi dute;?2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Erronka horri aurre nola egin pentsatzeko Euskarak 365 egun izeneko jardunaldiak antolatu ditu Bagera elkarteak urriaren 28an, San Telmo Museoan.
“Donostia hiriburu euskaldun bat da eta denon artean erronkari hemen nola aurre egingo diogun pentsatzen hasi nahi dugu jardunaldietan”, azaldu du Idoia Trenor Bagera elkarteko kideak. Egitasmoaren helburua euskaltzaleak aktibatuz hizkuntza ohiturak aldatzea dela azaldu du.
Egia, Añorga, Donostiako Piratak, Lasarte-Oria, Hernani, Agurain, Oarsoaldea eta beste hainbat lekutan egin dituzte eta egiten ari dira antzeko jarduerak eta haien planteamendua hartuko dute oinarri gisa Euskal Herri mailako egitasmoa egiteko orduan.
Bi figura nagusi egongo dira. Batak, euskara hutsean bizitzeko konpromisoa hartuko du –figura hau orain arte Ahobizi izenarekin ezagutu da–, besteak aldiz, euskaraz hitz egiten duenari ez dio eragozpenik jarriko, nahiz eta berak erdaraz hitz egin –figura honi orain arte Belarriprest deitu izan zaio–, hala ere, Trenorrek azaldu du oraindik ez dutela zehaztu Ahobizi eta Belarriprest izena izango ote duten.
Bagera elkarteko kideak gogora ekarri du herri eta auzo askotan egin dituztela antzeko egitasmoak eta beste askotan orain egiten ari direla, Intxaurrondo eta Altza, kasurako. Bestalde, herri edo auzo bakoitzak egitasmoa bere egoerara egokitzeko beharra azpimarratu du Trenorrek:?”Lizarran, adibidez, beste figura bat sortu dute Bihotz goxo izenarekin”. Figura horren bitartez, euskaraz ulertzen ez duten baina euskarari babesa adierazi nahi dieten horiek hurbildu nahi dituzte proiektura. Bestalde, Euskal Herri mailako jarduerak 11 egun iraungo baditu ere, moldagarria dela azaldu du Trenorrek:?”Lasarten, esaterako, 40 egun egin zituzten eta Altzan eta Intxaurrondon 20 eta 21; kasu hauetan, adibidez, atzera egin ordez, egin ditzakete egun gehiago”.
Prestatzen hasteko
Gauzak egiteko modu berri baten hasiera dela uste du Trenorrek:?”Euskalgintzak aktibazioa asko landu du, baina uste dut horrelako egitasmoekin asmatu dugula egungo egoerara hurbiltzen”.
Euskal Herri mailako erronkari aurre egin ahal izateko zer behar duten pentsatzen hasi nahi dute urriaren 28ko jardunaldietan. San Telmo Museoan bilduko dira 09:00etatik 14:00etara. Hasteko, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaltzaleak aktibatzeko helburuz sortutako ekimenen esperientziez eta aktibaziorako gakoez hitz egingo dute; ondoren, Donostiako Euskarak 365 egun egitasmoaren aurkezpena egingo dute udalak eta Bagera elkarteak. Atsedenaren ostean, egitasmoa Donostian nola egingo dute pentsatzen hasiko dira taldeka;?eta, bukatzeko, ateratako ondorioak aurkeztuko dituzte.
“Zer komunikazio euskarri behar ditugu? nola iritsi gaitezke euskaldunengana? eta ez euskaldunengana? Zer egin dezaket nik egitasmo honekin? asko dira erantzuteko ditugun galderak”, azaldu du Trenorrek. Uste du, azken finean, egin behar dena ez dela konplikatua baina egin egin behar dela: “Egiten duguna gara”.
Jardunaldi hauek lehenengo urratsa soilik izango direla azaldu dute. Izan ere, batzorde bat sortu nahi dute egitasmoak behar duen eta merezi duen lanketa egin ahal izateko.
Jardunaldietan parte hartzeko izena ematea
Bagera elkartearen webgunearen bitartez egin daiteke.