Irati Urkiola: 'Erretzen'
Hilabeteak kolorez irudikatzeko eskatzen ziguten txikitan eskolan, eta oro har, bat egiten genuen denek: udako hilabeteak urdin edo laranjaz, itsasoko ura eta eguzkia irudikatuz; abendu eta urtarrila, aldiz, zuriz margotzen genituen, filmen batean ikusitako Gabon elurtuarengatik, akaso. Apiril eta maiatzari, nola ez, arrosa-gorri-hori koloreak, udaberriko loratzeengatik, ziur. Eta udazken hilabeteak, marroiez, noski. Hostoen erortzeari ezin beste tonurik eman. Gehiago zehazte aldera, urriari beti eman izan genion urre kolorea: hostoen hori-marroia, eguzki indar gabea, edo besterik gabe, urriak eta urreak beti eman izan dutelako ondo elkarren ondoan. Aurtengoan baina, hitz jolasik ez. Urriak urretik urri.
Tentsioz hasi genuen hilabetea gorputzak eta begiradak Katalunian genituela, eta halaxe jarraitzen dugu, Twitterra bost minututik bitan begiratuz. Tamalez, iristen zaizkigun albisteek ez dute urria kolore alaiz zipriztintzeko indarrik: atxilotuak, 155aren mehatxua, polizia eta guardia zibila. Barruak bero, eta kanpoko tenperatura ere, halaxe. Erretzen. Cremant-nos.
Baina, esan moduan, aurtengo urriak ez du hitz jolaserako tarterik uzten, eta metaforatik harago, “erretzen” hitza literalki ere irakur dezakegu. Kataluniatik datorkigun keaz gain, erretzen ari dira herri oso bat, erretzen ari dira Galizia, Asturias, Leon, Portugal: basoak, herriak, biziak. Baina askotan legez, su handi hau ez da bat-batean sortu; su hau su txikiek elikatu dute. Bi eskuk sortu zuten lehen txinparta, eta gerora, esku gehiagoren laguntzaz sortu dute garra. Erretzen. Queiman Galiza. Arde Asturies.
Surik gabeko erredura honetan, eta gaiei duten garrantzia eta errespetua kendu nahi gabe, sentitu dut, oraingoan ere, kalanbrea. Kalanbrea gai hauen inguruan hitz egiterako orduan, sare sozialetan irakur daitezkeen iruzkin eta traolekin. Izan ere, ez da bilaketa sakonik egin behar egunerokotasunean gazteleraz egin, baina solidarioagoa izateko edo, txioak hizkuntza txiki hauetan idazten duten pertsonak aurkitzeko.
Estimatzekoa ahalegina, noski. Baina, muturreko egoera hauetara iritsi gabe, hitz egingo al lukete hauek katalanez, galegoz, asturiarrez, edo urrutira joan gabe, euskaraz? Nago, ikusgarri eta solidario izateko erabili ohi duela askok herriko hizkuntza; kausa askoren ondorioetara iristerakoan, soilik, erakutsi ohi duela askok herri izaeraren aldeko apustua. Egunerokotasunean, aldiz, ahaztua dirudi hizkuntzak egiten gaituela nor.
Urretik urri aurtengo urriak, eta hala, erretzen, cremant-nos, edo quimándonos, txikitako ohituretara bueltatuz, errauts kolorez margotu beharko aurtengo urria.