Iñaki Leclercq Garcia da Ponsol?Etxearen arduraduna. (Argazkia: I. Esnaola)
180 urte beteko ditu Ponsol Etxeak, datorren urtean. Hiriko zaharrena da Parte Zaharreko denda, eta belaunaldiz belaunaldi iraun du Sarriegi plazan. Salmenta aldetik garai ona bizi dute.
«Bezeroei tratu eta zerbitzu ona eskaintzen diegu, eta kalitatezko kapela eta txapelak ditugu. Hori izan daiteke irautearen sekretua», dio Iñaki Leclercq Garcia Ponsol Etxearen jabeak. 1838an ateak zabaldu zituenetik Sarriegi plazan jarraitzen du, eta hiriko, Euskal Herriko zein estatuko kapela denda zaharrena da.
Hiritar Merezimenduaren Domina eskatu dute hainbat herritarrek Ponsol Etxearentzako, eta oso pozik dago Leclercq: «Eskertzekoa da jendea gutaz gogoratzea. Egia esan, denda estimatua da donostiarrentzat, eta baita kanpoko askorentzat ere». Asko dira dendara sartu eta argazkiak egiten dituztenak, Donostian bisitatu beharreko leku bat da.
2018an 180 urte beteko ditu Ponsol Etxeak, eta gaur egun garai hobea bizi dutela azaldu du Leclercqek. «Salmenta gehiago izaten ari gara azken urteetan. Kanpotarrak dira erosle gehienak. Kapelak, txapelak eta arropa erostera etortzen dira». Batez ere, Hego Ameriketako herritarrak dira eskaera gehien egiten dituztenak. «Argentinarrak eta uruguaitarrak dira, batez ere. Beste leku batzuetan topatzen ez dituzten txapelak ditugu».
Munduari zabalik
Australia, Zeelanda Berria, Norvegia, Danimarka,?Suedia eta Japonia. «Turismoaren eraginez, herrialde desberdinetako erosleak ugaritu dira. Txapela janzteko ohitura gehiago dute», azaldu du Leclercqek. Kalitatearen bila hurbiltzen dira Ponsol Etxera, eta aukera zabala dute eskura. «Panama izenekoa da asko saltzen duguna uda garaian. Negura hurbildu ahala, berriz, bisera ingelesak saltzen ditugu».
Tendentziak aldatzen diren arren, kapela klasiko zein modernoak saltzen dituzte. Erosleen adin tartea, aldiz, asko aldatu da azken urteetan. «Asko aldatu da eroslearen perfila. Kapelen erabilera klasikoagoa zenean, pertsona helduak etortzen ziren. Gaur egun, ordea, gazte askok erabiltzen dituzte txapelak», dio Leclercqek.
Sorrera eta ospea
Bernardo Ponsol jatorri frantseseko jaunak ireki zuen denda 1838an. Kapelak, txapelak eta emakumeentzako buruko mota guztiak saltzen hasi zen. Garai hartan, Donostian lehen karlistadan murgilduta zegoen. Denda zabaldu eta hurrengo urtean bukatu zen gerra Bergarako Hitzarmenarekin. Era berean, hiria berreraikitzen ari ziren 1813ko suteak utzitako ondorioengatik.
Ponsol Etxeak ospe handia lortu zuen, 1863an harresiak bota ondoren. Bernardo Ponsol hil zenean, Agapito Ponsol Ibarzabalek jarraitu zuen negozioarekin. Txapeletan aditua zen, eta dendan sartzen ziren bezeroek ezer gutxi esan zezaketen txapela aukeratzerako orduan. Ponsolek bezeroari burua neurtzen zion, txapela hautatzen zuen eta behar bezala janzten zion. Beti asmatzen omen zuen.
Garai hartan bainuak hartzea ona zela uste zuten donostiarrek, baina eguzkia hartzea, berriz, ez. Hori dela eta, burua era guztietako kapelekin estaltzen zuten. Kapela dendak garrantzia handiko industria eta saltokiak bihurtu ziren horri esker.
Leclercq familia
Ponsol Etxearen etorkizuna bermatzeko pertsona aproposa topatu zuen Agapitok. Jose Luis Leclercq Uranga gazte donostiarrak jabearen konfiantza irabazi zuen, eta enkargatu zein bazkide izatera iritsi zen. 1922an Agapito ondorengorik gabe hil zen, eta Leclercqen eskuetan geratu zen denda. Izen bera mantentzea erabaki zuen.
Belle Epoque garaiko saltoki esanguratsu bihurtu zen. Era guztietako kapelen eta txapel famatuen fabrika gisara iragartzen zuten. Izan ere, dendan bertan egiten zituzten kapelak. Artisau adituak ere pasa ziren saltokitik.
Sarriegi plazatik eta Narrika kaletik du sarrera Ponsol Etxeak. (Argazkia: I. Esnaola)
Leclercq Carmen?Sarasolarekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituzten. Jose Mari eta Ignacio semeek ikasketak Frantzia eta Ingalaterran egin zituzten. Aita 1930ean zendu zenean, Ignacio Leclercqek eta Karmele,?Bitxori eta Angeles arrebek hartu zuten dendaren gidaritza. Ignacio ezaguna izan zen Donostian. Kirolaria, futbol epailea, Jesuitak ikastetxeko irakaslea eta Union Artesana elkarteko bazkidea. Hainbat urtez Danbor Nagusia izan zen, gainera.
Espainiako gerran Ponsol Etxeak galera nabarmena izan zuen. Falangeak denda hartu zuen txapel militarrak egiteko. Gerra bukatzean, negozioa berreskuratu zuen Leclercq familiak, zailtasun askoren artean. Ordutik aurrera, kapelaren modak gainbehera izan zuen, baina modu batera edo bestera bizirautea lortu zuten.
1952an Iñaki Leclercq Diazek, Ignacioren semeak, eta Pilar Garcia emazteak dendaren ardura hartu zuten, eta bultzada berri bat eman zioten. Altzariak eta beirateak berritu, eta saltokiari dekorazio bereizgarria eman zioten. 80ko hamarkada hasieran izandako susperraldiarekin, gizonenentzako arropa ere saltzen hasi ziren.
Gaur egun, Leclercq familiako laugarren belaunaldiaren esku dago Ponsol Etxea. Hain zuzen ere, Iñaki Leclercq Garciak irribarre batekin jarraitzen du askotariko kapelak eta txapelak saltzen.