Ehunka lagun bildu dira Kataluniari elkartasuna adierazteko
Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetza inguratzeko deiari erantzunez, ehunka herritar kalera atera dira, Zuek Gu lelopean. Kataluniako herriari elkartasuna adierazi diote eta 1978ko erregimena kanporatzeko eskatu dute.
Herreratik, Antiguatik, Grosetik, Parte Zaharretik, Egiatik, Loiolatik, Amaratik eta Amara Berritik zutabeak irten dira eta Pio XII.aren plazararen inguruan egin dute guztiek bat. Demokrazia, Erabakitzeko eskubidea, Justizia soziala eta Oraingoan Bai leloak eraman dituzte pankarta desberdinetan. Martxa zaratatsuak izan dira, herritarrek txistualdiak eta kazeroladak egin dituztelako bidean zehar. Independentzia oihuak nagusitu dira protestan zehar. Kataluniatik joan diren bankuen egoitzen aurrean ere protesta egin dute eta Euskal Herritik alde egiteko eskatu diete.
Parte Zaharreko zutabea Bulebarretik irten da 18:00etan, eta antiguatik zetorren zutabearekin bat egin du Erdialdean. Ondoren Amarakoarekin elkartu dira, eta Pio XII.aren plazaran bat egin dute beste guztiekin. Herritarrei boto-paperak banatu dizkiete, eta hauek Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzara bota dituzte. Protestan parte hartu dutenek giza katea egin dute ordezkariordetzaren inguruan, eta bi aldiz inguratu dute.