Euskararen aldeko jardueretan parte hartuko duten Intxaurrondo eta Altzako eragile eta norbanakoak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Jarduera berezi bana egingo dute Altzan eta Intxaurrondon, euskararen erabilera areagotzeko eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko: Altza Hadi 21 egun euskaraz eta Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon. Altza eta Intxaurrondoko euskararen ezagutza eta erabileraren artean dagoen desorekak kezkatuta abiatu dira, eta antolatzaileek diote helburu nagusia dela bertako euskaldunak ahalduntzea eta aktibatzea.
Bi jarduerak egingo dituzte azaroaren 12tik abenduaren 1era.
Bi modu daude parte hartzeko: Ahobizia eta Belarriprest. Ahobiziek gutxienez astebetez euskaraz egingo diote ulertzen duenari. Belarriprestak izango dira euskaraz entzuteko prest dauden lagunak; horrela, dakienari hitz egiteko gonbita egingo diote.
Partaideen artean hiru txanda banatuko dituzte, eta txanda aldaketak ostiraletan egingo dituzte, 17:00etan. Material banaketa egingo diete partaideei: identifikazio txapak, ideategiak, Telp ikastarotik ateratako gomendio-sorta…
Intxaurrondo
Kultur etxean egingo dute hasiera ekitaldia
Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon jarduerarentzat, azaroaren 10ean, 19:00etan. Erronka gisa jarri dute lortzea 250 Ahobizi eta 500 Belarriprest. Lehen bi txanda aldaketak egingo dituzte Intxaurrondo kultur etxean, eta, hirugarrena, berriz, Bernart Etxepare plazan.
Izena ematea zabalik dago Plazara goaz elkartearen webgunean. Amaiera ekitaldia osatuko dute abenduaren 2an.
Altza
Altza Hadi 21 egun euskaraz hiru gunetan banatuko dute, eta gune bakoitzak astebeteko txanda bat hartuko du: Altzagaina eta Harria (lehen txanda), Larratxo (bigarren txanda) eta Herrera (hirugarren txanda). Erronka gisa jarri dute lortzea 212 Ahobizi eta 515 Belarriprest.
Izen ematea zabalik dago Bizarrain elkartearen webgunean.