«Askotan, inportanteena aktibo bizitzea da»
Ibon Etxeberria, fisioterapeuta
Osasungintzako militantetzat du bere burua Ibon Etxeberriak (Gros, 1973). Egfisios kontsultan askotariko bezeroak artatzen ditu, eta orain ‘Irutxulo.hitza.eus’ atarian osasun kontuez idazten hasi da.
Zure aitak hasi zuen bidea jarraitu duzu Egfisios zentroan. Nolakoa da zure eguneroko lana?
Aitak kontsulta ireki zuen 1974an, eta 1998an, ikasketak bukatu nituenean, berarekin hasi nintzen lanean. Duela sei urte aita hil egin zen eta pixkanaka ardura gehiago hartzen hasi nintzen.
Kontsultatik askotariko jendea pasatzen da. Fisioterapia da gorputza zure egunerokotasunean egiten duzun jarduerarako prestatzea. Beraz, izan daiteke etxea garbitzea edo maratoi bat egitea.
Nolakoa da kirolariekin duzun harremana?
Niretzat gakoa da ni kirolari sentitzea. Donostia-Behobia egin nahi duen pertsona bat etortzen zaidanean zuntz haustura batekin, eta esaten didanean, «egin behar dut bai ala bai», astebete falta denean… Ezin dutela egin esaten diet, baina ulertzen dut zer den frustrazio hori sentitzea. Laguntzen dit beraiek sentitzen dutena ulertzeko. Niri 2013an gertatu zitzaidan. 10 hilabete eman nituen entrenamendu zehatz bat egiten maratoia egiteko, eta ustekabean min hartu nuen. «Maratoia egiteko ilusioa urtebete gehiagorako izango dut», pentsatu nuen. Eta hori izan behar da hartu behar dugun jarrera. Nik bizitako esperientzia horrek guztiak asko balio dit jendea nigana etortzen denean aholku eske.
Kirolarekin obsesionatzeko joera al dago?
Profesionalak ez direnentzat kirola aisialdia da; eta, halere, erotu egiten gara. Denborekin obsesionatzen gara. Zeure burua gainditu nahi izatea ona da, baina erotu gabe.
Zuretzat zer da kirola?
Nire bizitzako zutabe nagusietako bat da, eta nire lanbidearekin oso lotuta dago. Gustatzen zait nire ekarpena egitea. Ariketa fisikoa egiteak osasunean duen eragina izugarria da, ezinbestekoa da bizimodu osasuntsu bat izateko, eta horretan zentratzen da nire militantzia osasungintzan.
Zu nola hasi zinen kirola egiten?
Ikastolan futbolean aritu nintzen, ondoren heziketa fisikoko modulu bat egin nuen, eta hura bukatzean Salamankara joan nintzen Fisioterapia ikasketak egitera. Han kirola utzi nuen, kilo pila bat hartu nituen, utzikerian erori nintzen… Etapa txar bat pasatu nuen. Bueltatu nintzenean bizikletan ibiltzen ziren lagunekin bat egin nuen, eta berriz hasi nintzen kirolari sentitzen. Lasterketak egin nituen, masterretan lehiatu nintzen… Kirola beste modu batean egiten hasi nintzen. Ikasketak bukatzean Bidasoa eskubaloi taldean aritu nintzen nintzen fisioterapeuta gisa, eta ondoren Donostiako Atletikoko errugby taldearekin. Bidasoako garaia oso intentsoa izan zen. Gaur lesionatzen ziren eta atzorako sendatu behar ziren. Eta gero Europako Txapelketa jokatu behar genuen. Presio horrekin bizitzea zoragarria iruditzen zait. Txinparta horrek jarri egiten nau. Talde izaera barru-barrutik bizitzea, galdu eta irabazten denean sortzen diren sentimenduak, harremanak eta emozioak. Izugarria da.
Fisioterapeuta baten lana zehazki zein da?
Oso esparru zabala da. Guk hiru zati bereizten ditugu: prebentzioa, osatzea eta berregokitzea. Oro har gauza asko gaizki egiten dira eta deskonpentsazio asko izaten ditugu gorputzean. Gizarte honek duen behar handiena prebentzioan dago. Jendea ez dator fisioterapeutarengana datoz mina sentitzen duten arte, eta mina da arazo baten sintoma bat.
Asko azpimarratzen duzu ariketa fisikoa egiteko beharra.
Kirola edo ariketa fisikoa egitea funtsezkoa da osasunerako. Psikologikoki hobeto sentiarazten gaitu, ondo sentitzen garenean elikadura osasuntsuagoa izaten dugu. Belauneko arazo bat baduzu eta gehiegizko pisua baduzu, ba, hori konpondu beharko duzu lehendabizi. Psikologoen, prestatzaile fisikoen, fisioterapetuten eta nutrizionisten elkarlana beharrezkoa da, eta jendeak bere gorputza hobeto ezagutu behar du. Oso lotuta dago dena.
Zein arazo izaten dira ohikoenak?
Okerren sendatzen direnak sedentarioak dira. Ariketa fisikorik egiten ez duen jendeak mina dauka. Salbuespen batzuk egon daitezke, baina oro har horrela izaten da. Jende horrek ez badu ekarpenik egingo osatze prozesuan ez da osatuko. Lehen fisioterapeuta onenera joaten zinen, esku-ohean etzan, magia egin eta sendatzen zintuen. Hori aldatu da. Fisioterapeutok ez dugu sendatzen. Sendatzen da norbera. Guk egin behar duen bide hori zehazten dugu eta bidean dauden oztopoak kentzen ditugu.
Sofatik altxatzea kostatzen zaien horiek nola animatuko zenituzke kirola egitera?
«Zein da egokiena?», galdetzen didate askok. Gustuko duzun hori egin behar duzu. Ezin dena da irailan edo urtarrilean Kirol Txartela egitea, edo pilates egiten hastea nik oso ona dela esan dizudalako. Bai, oso ona da pilates egitea, baina ez baizaizu gustatzen utzi egingo duzu. Ariketa fisikoa ondo pasatzeko egin behar dugu. Bakarrik osasunarengatik egiten baduzu aspertu egingo zara, eta hamaika aitzaki bilatuko dituzu etxean geratzeko. Askotan, aktibo bizitzea da inportanteena, gorputza mugitzea. Ikerketa bat argitaratu zuten duela gutxi. Artikulazioetako sustantzia sedentarismoarengatik gutxitu egiten da %30. Bizitza osorako ohitura bat izan behar da, dieta bezala da.
Adineko jendeari adibidez ez diot esango korrika egiten hasteko, baina oinez ibiltzeko bai. Ordubete lagunekin ibiltzea oso ona da.
Informazio asko falta da?
Ariketa fisikoa egiten hasten direnek ere arazoak izaten dituzte. Behobia adibiderik onena da. ‘Azken hamar urtean ez duzu ezer egin. Nire bizitza grisa da. Seme-alabak ditut. Etxean bikotekidearekin, ba gaizki…’ Eta kirolak ematen dizu kolorea. Eta bat-batean uste duzu zarela Kilian Jornet. Eta lesionatzen gara, noski, ez gaudelako prest astakeria horiek egiteko. Kirolean berehala lehiakortasunaren entxufea bilatzen dugu, eta hori txarra da. Profesional izan gabe, eta profesionalek dituzten medio guztiak izan gabe, nahi dugu beraiek bezala funtzionatu. Zortzi orduko lanaldiaren ondoren entrenamendu izugarria egin. Ezinezkoa da.
Orain korrikalariz beteta daude kaleak.
Niretzat Behobia erreferentea da, onerako eta txarrerako. Eskertu behar zaio Behobitis-agatik hasi delako jende asko korrika egiten. Kirol ez profesionala sustatzeko egiten duena izugarria da. Baina erotzen gara. Kristoren astakeriak egiten ditugu. Esfortzu proba egitea behar beharrezkoa da, lasterketa bat prestatzeko behar da. Ardura norbanakoarena da. Egin dezakezun jakiteko, eta nola eta noraino egin dezakezun. Besteen entrenamenduak kopiatzea sekulako akatsa da.